Kontsumo arduratsuaren alde

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 31a, 16:30

Ikastetxeetako gaztetxoek Agenda 21ean egindako lana aurkeztu dute udalbatzarrean.

Ez-ohiko udalbatzarra izan da gaur Lasarte-Orian. Eserlekuetan zinegotziak egon beharrean, Lasarte-Oriako ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailako gazteak izan dira. Ikasturtean zehar, Agenda 21aren barruan ikastetxeetan egin diren ekintzen berri eman eta kontsumo jasangarria bultzatzeko proposamenak egin dizkiote gaztetxoek udalari.

Kontsumo jasangarria, hori izan da aurten Landaberri ikastetxeko eta Sasoeta-Zumaburuko LH5 eta LH6 mailako gaztetxoek Agenda21ean aztertu duten gaia. Etxeko, ikastolako eta herriko kontsumoa neurtu ostean, udal ordezkariei haien konpromiso eta eskaeren berri eman diete gaur goizean. Jesus Zaballos alkateak, Maite Iglesias Hezkuntza saileko buruak eta Agustin Valdivia Hirigintza arduradunak adi entzun dituzte eta proposamen bat baino gehiago jaso dituzte aurrera eramateko.

Batzarra hasi baino lehen, Agenda 21 egitasmoak Lasarte-Orian hamargarren edizio duela ekarri dute gogora. Ikastetxeetako haurrek egindako bideoa ere erakutsi dute. Urte hauetan guztietan landu diren gaiak eta aurrera eraman diren proposamenak ikusi ahal izan dira horretan.

Ikasturte honetan, HH3tik LH6rako 1400 bat haurrek Agenda 21aren barruan egin dituzten ekintzen errepasoa egin dute. Hala nola, kontzientziazioa lantzeko Hondakinen jolasa edo udalbatzarrean ikusgai zegoen argazki eta marrazki lehiaketan parte hartzea.

LH5 eta LH6 mailako gaztetxoek kontsumo jasangarria landu dute eta udalbatzar berezi horretan aurkeztu dituzten konpromisoak aurrera eramateko hitza eman dute. Besteak beste, etxeko jostailuak berrerabili edo bigarren eskuko azoketara eramatea, ura eta argiaren kontsumo arduratsua egitea, etxeko eta ikastetxeetako materiala era egokian erabiltzea, azoka eta denda txikietan erostea, erosketetarako poltsa berrerabilgarriak erabiltzea edo hamaiketetarako tuperrak eta kantiplorak erabiltzea.

Azkenik, eskari ugari egin diete udal ordezkariei. Birziklapenari edo ura eta argiaren kontsumo arduratsuari buruzko sentsibilizazio kanpainak egitea, jaietan tabernek edalontzi berrerabilgarriak erabil ditzaten sustatzea, birziklapen tasari buruzko informazio geahigo eman, edukiontzi guneetan birziklapenari buruko informazioa egotea, lurazpiko edukiontziak konpontzea, bizikletan maileguan uzteko sistema martxan jartzea edo Landaberri ikastolako bidea konpontzea izan dira horietako batzuk.

Jesus Zaballos alkateak proposamenak entzun eta eskerrak eman dizkie guztiei haien lanarengatik. Udalak hainbat puntu aztertuko dituela aipatu du eta Añarberi, San Markos Mankomunitateari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari ere eskaerak jakin araziko dizkiela azpimarratu du. Era berean, martxan jarriko diren hainbat ekimeni buruz hitz egin zien, hala nola, herriko puntu ezberdinetan garbigune txikiak jarri nahi dituztela edo Oria ibaira egiten diren isuriak konpontzeko egingo diren lanak.