Teresarekin hasi da festa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 31a, 21:45
Teresa sorgina jaistearekin batera lehertu da festa Zabaletan.

Gaur arratsaldean lehertu da jai giroa Zabaletan, Teresa sorgina Teresategi menditik jaitsi denean. Ekintzaz betetako asteburua dute aurretik. Badago berrikuntzarik: duela hilabete batzuk inauguratutako frontoia izango da festen epizentroa, Antonio Blas plaza beharrean

Txanoa eta zapi morea jantzi, erratza hartu eta ziztu bizian jaitsi da Teresa sorgina Zabaletara. Urtebete pasa du auzo osoa sorginduko duen edabe magikoa prestatzen. Asteburu osoa dute aurretik festa egiteko. Lehenengo kontzertuak gaur gauekoak izango dira: Louh music laukote gaztea eta Kontuz! Erromeriya. Ez dute Antonio Blas plazan joko, duela hilabete batzuk inauguratutako pilotalekuan baizik. Txoznak ere bertan jarriko dituzte, eta egitarauko ekintza gehienak egin. Hori da aurtengo jaietako berrikuntza nabarmenena.

Urduri zeuden auzotarrak arratsaldean; Teresa ikusteko irrikitan. Kalejira egin dute sorginari ongi etorria egiteko. Plazatik frontoira joan dira, giro ederrean. Festetako pregoia irakurri eta gero, sorgin dantza egin dute hainbat auzotarrek pilotalekuan. Jai giroarekin bat egin dute Jalgune elkarteak eta Dinbi Banda batukada taldeak, umorea eta musika jarriz arratsalde eguzkitsuari. Bien bitartean, bingoan jokatu dute Gazte Klubeko neska-mutilek.

Laster hasiko dira afaltzen Zabaletan elkartu diren herritarrak. Bakoitzak eramango ditu jaki eta edariak. Digestioa egin eta gero, musika emanaldiak: Louh music laukote gazteak joko du aurrena, eta Kontuz! Erromeriya taldeak gero. Parrandero batek baino gehiagok aurreratu egingo du Gaupasa eguna. Iritsiko ote da baten bat bihar goizeko Sorgin Krosa ikustera? Ez litzateke aurreneko aldia izango.

 

Erlazionatuak