Bertsolaritza, ikasgelatik oholtzara

Beñat Lizaso Garcia 2019ko mai. 31a, 10:30

Talde txikitan bertsotan egin ondoren gelakide guztiek batera agurra abestu zuten.

Sasoetako eta Landaberriko 325 ikaslek ikasturte amaierako bertso emanaldia eskaini zuten asteartean, Manuel Lekuona kultur etxean. Unai Muñoa bertsolariaren gidaritzapean, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak oholtzaratu ziren.

Astearte arratsaldeko lehen saioan urduritasuna nabari zen Landaberri eta Sasoetako ikasleen artean. Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek lehenengo aldia zuten oholtza gainean abesten. Unai Muñoa bertsolariak eman zion hasiera saioari.

Hasteko, Lasarte-Oriako Udalari eta Euskara Zerbitzuari eskerrak eman zizkien erakutsitako babesagatik. Ondoren, bi zentroetako irakasleei eskertu zien klasean emandako laguntza. Haurren txanda iritsi aurretik, saioko protagonistak indarrez eta konfiantzaz beteko zituen txalo zaparrada eskatu zien ikusleei Muñoak, bertsolaritza irakasleak.

Gai ugari jorratu zituzten ikasleek. Marrazki bizidunak, asmakizunak, pertsonaia famatuak, gelako gertaerak, herriko albistegia... Abesti famatuei hitzak aldatzera ere ausartu ziren. Mozorro koloretsuak jantzita igo ziren eszenatokira. Ikasleek prestatutako atrezzoak eta antzerkiari emandako tartetxoek saioa berezi egin zuten.
Erreibindikaziorako tartea ere egon zen Manuel Lekuonako eszenatokian. "Irakasle utzi gu pakean" edo "erraustegia kendu nahi dugu oraindik" bezalako aldarriak entzun ziren.

LHko 6. mailako ikasleek nahiago izan zuten ikasturtea agurtu eta datorrenari ongi etorria ematea. DBHn hasiko dira, ikasketa zentroa aldatuko dute, lagun berriak egingo dituzte... Datorren irailean hasiko duten etapa berria gogotsu baina nostalgiarekin hartuko dute.

Lazkao Txiki eta Txirritak ezin izan zuten finala jokatu gaixo zeudelako, Donald Trumpen segurtasun pertsonala despistatu egin zen eta Michael Jacksonek bere jarraitzaileak gonbidatu zituen berarekin bertsotan egitera.

Kultur etxeko auditorioko bigarren pisua ere bete zuten ikusleek, une batez eskuko telefonoekin grabatzeari utzi eta txaloz eta barrez estali zuten areto osoa.

Ohitura bihurtu da

Hamabost urte inguru pasatu dira Sasoeta eta Landaberriko ikasleek lehenengo bertso saioa eman zutenetik. Gipuzkoako Bertso Zale Elkarteak jarri zuen martxan ekimena eta eskualdean zein Gipuzkoa osoan zabaldu da.

Hezkuntza arautuan bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza zabaltzea du helburu proiektuak. Bertso-eskoletako ikasle asko bertsoaren munduarekin lehen kontaktua ikasketa zentroetan eginda hasten dira.