Arroyok urrea eta zilarra irabazi ditu Euskadiko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 31a, 10:15
Arroyo sailkapen orokorreko bigarren izan zen. Arg.: LOKE gimnastika

Paula Martinezek brontzea lortu du zinta lanean. LOKEko gimnastak hamar lehenen artean egon dira

Euskadiko amateur txapelketa jokatu zuten LOKEko senior, jubenil eta kadeteek. Hiru domina lortu zituzten Durangon, eta lehengo hamarren artean izan ziren gehienak.

Senior A mailan lortu ziren dominetako bi. Aizpea Arroyok uztai lana lehen postuan amaitu zuen, eta urrezko domina kolkoratu. Mazoekin, berriz, bosgarren izan zen, eta horrek sailkapen orokorreko bigarren postua lortzea ekarri zuen.

Maila berean lehiatzen zuen Garazi Gomezek ez zuen egun ona izan. Hamahirugarren postuan amaitu zuen lehiaketa; uztai lanean hamabigarren izan zen, eta mazoekin, hamalaugarren.

Horrez gain, Jubenil B mailan Paula Martinezek zintarekin egindako lanak podiumera eraman zuen; brontzezko domina kolkoratu zuen. Gainera, Jaione Martosekin batera, bosgarren postua lortu zuten binakako sailkapenean. Martosek hamalaugarren amaitu zuen pilota lana.

Bosgarren postua ere eskuratu zuen Senior A taldeak.

Kadete B mailan, berriz, LOKE Oriarte seigarren izan zen, eta LOKE Santa Teresa bederatzigarren. Postu berean amaitu zuten lehiaketa Maitane Arroyok eta Miriam Prietok.

Eta gimnastek ez dute atsedenik. Larunbatean Santurtzin antolatu diren Euskadiko Eskolarteko jokoetan lehiatuko dira Alexia Barquin eta Eneritz Lopez de Gereñu gimnasta gazteak. Igandean, berriz, Barquinek eta infantil B mailako taldeak Getxoko Torneoan parte hartuko dute.