LOKEko atletak: dominak eta "ezusteko pozgarria"

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 31a, 10:00
Euskadiko Eskolarteko txapelketan parte hartu zuten bost herritarrak, lortutako dominekin. Arg.: LOKE atletismo

Lehenengo postuetan izan dira LOKEko atletak Euskadiko Eskolarteko Jokoetan,
eta maila absolutuko Gipuzkoako txapelketan. Gainera, azken lehiaketa horretan, sailkapen orokorreko bigarren postua lortu du herriko elkarteko nesken taldeak

LOKEko atletak ederki ari dira lehian denboraldi amaieran. Bi txapelketa garrantzitsu egin zituzten aurreko asteburuan: Euskadiko Eskolarteko jokoak eta Gipuzkoako txapelketa. Ez ziren esku hutsik bueltatu; guztira, 11 domina eta garaikur eskuratu zituzten.

Infantil mailako gaztetxoak indartsu datozela erakutsi dute Euskadiko Eskolarteko jokoetan. Lasarte-Oriako taldeko bost ordezkari izan ziren Gipuzkoako selekzioarekin txapelketa horretan parte hartzen, eta emaitza ederrak lortu zituzten.

Naroa Elvirak 80 m. proban lehenengo postua eskuratu eta gero, Gipuzkoako 4x80 m. errelebo taldearekin ere urrezko domina lortu zuen.

Podiumeko lehen koskan ere izan zen Amane Mesa; altuera probako irabazlea izan zen gaztea.

Jokin Rodriguezek ere lortu zuen saria 220 m. hesi proban: zilarrezko domina.

Dominetatik gertu ibili ziren herriko beste bi ordezkariak; Irati Valdiviak eta Haritz Grijalbok laugarren postuan amaitu zituzten euren probak: Valdiviak 80 m. hesi proba, eta Grijalbok 150 m. proba.

LOKEko atletismo saileko arduradun Amaia Andres eta Oscar Goikoetxea pozarren agertu dira lortutako emaitzekin. "Haien lanaren emaitza dira sariak. Gainera, horiek hurrengo ikasturteari begira gogor lan egiteko indarra emango die".

Bigarren orokorrean

Bestalde, LOKEko atleta helduagoek ere erronka berezia zuten asteburuan: Gipuzkoako txapelketa.

Aurten ilusio handia zuen atletismo atalak nesken taldea osatzea lortu baitzuen. Txapelketan bertan ere grin hori nabaria zen, eta "ezusteko pozgarria" hartu zuten. Maider Rekondo, Naroa Furundarena, Enara Gonzalez eta 4x400 m. errelebo taldeak lortutako postuek taldea sailkapen orokorreko bigarren mailara igo zuten.

Rekondo gaztea fin ibili zen jaurtiketa probetan. Pisua eta disko-jaurtiketa probetan lehena izan zen; mailu-jaurtiketa proban, berriz, bigarrena.

Naroa Furundarenak jauzi hirukoitzean, Enara Gonzalezek luzera jauzian, eta 4x400 m. errelebo taldeak zilarrezko dominak lortu zituzten.