1.000 euro hiru orduan gastatzeko kanpaina

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 31a, 11:00
Aterpeako eta udaleko ordezkariak, kanpaina aurkezpenean.

Ekainaren 3tik 15era Aterpeako bazkideek bezeroei tiketak banatuko dizkiete; zozketa, ekainaren 19an

Ez da ohikoa 1.000 euro hiru orduan xahutzea. Haatik, Aterpea merkatarien eta ostalarien elkarteko bezeroek horretarako aukera izango dute. Izan ere, kanpaina berria martxan jarri du elkarteak; ekainaren 3tik 15era bitartean kontsumitzaileen artean tiketak banatuko dituzte, zozketa batean sartzeko. Zozketa hori ekainaren 19an egingo dute, Mirentxun. Irabazlearentzako saria tentagarria da: herriko dendetan 1.000 euro hiru orduan gastatzeko aukera.

Iaz ere egin zuten kanpaina hori. Dendetan gastatzeko baleak jasoko ditu irabazleak. Hamar euroko ehun bale, hain zuzen. Baditu baldintza batzuk sariak; denda bakoitzean gehienez hamar bale gastatu ahal izango ditu, alegia, ehun euro.

Ekainaren 25ean, 17:00etatik 20:00etara gastatuko du saria. Aurretik izango du dendak bisitatu eta sariaz nola gozatu pentsatzeko aukera. Ehun euro baino gehiago gastatu nahi izanez gero, hortik gorakoa bere poltsikotik ordaindu beharko du.