Bost eskaera, helburu bakarra

Maider Galardi 2019ko mai. 31a, 09:30

Ostiralero egiten dut. Korrika eta presaka etxera iritsi, buzoitik aldizkari hau hartu, tupperren poltsa sukaldean utzi, eta kalera ahal bezain azkar. Aitortzen dut. Apenas begiratzen dudan Txintxarri larunbat goizera arte. Azala bai, ematen dit denbora bistadizo azkar bat emateko etxerako eskailerak igotzen ditudan bitartean. Eta hara non, lagunarteko poteak itxaron behar izan zuen orain bi aste. Bost gizon, helburu bakarra zioen azaleko titularrak

Eta argazkian, herriko bost alkategaiak. Andre hautagaiak bilatzeko alderdi batzuek izandako zailtasunez jakitun, ez dakit lotsa, amorrua ala tristura sentitu nuen gehiago. Edizio arduradunek jakin dezazuen, ostiraleko poteoan eta larunbateko familia bazkarian horixe izan genuen hizketagai. Bejondeizuela belarri tirakadagatik.

Alkategai andreak bilatzeko ezintasunak agerian uzten du oraindik ere eremu politiko eta publikora jauzi egiteko ditugun trabak. Dela kontziliazioa, dela ahalduntzea, dela norbera bere kide gizonezkoekin etengabe borrokan aritzeak sortzen duen nekea. Eskerrak zerrendetan aurkitu ditugun kide feministak, eskerrak alderdi batzuek aurkeztu dituzten genero ikuspegiko neurri zehatzak, eskerrak lan handia egiteko prest dauden zinegotzi feministaren bat ere badugun —jakin dezala lau urtetan zaintzaren eta maitasunaren zentzu politikoenean izango gaituela alboan—. Bide batez, alkatetza hartuko duen taldeari bost eskaera egiteko baliatuko dut, iraun dezaten kanpainako promesek: berdintasun teknikari bat, zentro zibikoa emakumeen etxea bihur dezala prozesu parte hartzaile baten bidez, herriko puntu beltzak markatu ditzala, osatu dezala sexu erasoen aurkako taxuzko protokolo bat eta har dezala mugimendu feminista interlokutore gisa. Helburua, bakarra: Lasarte-Oria feministago bat.