San Pedro jaietako kartela aurkeztu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 28a, 11:52
Txus Alonso zinegotzia 2019 urteko San Pedroetako kartela eskuetan duela.

Ruben Lucas Garcia murtziarrak irabazi du lehiaketa. 63 proposamen aurkeztu dira

Lasarte-Oriako San Pedro jaiek badute kartela. Txus Alonso Gazteria eta Festak saileko buruak gaur goizean aurkeztu du kartela.

63 lanen artean, Ruben Lucas Garcia murtziarrak egindako irudiak lortu du saria, 600 euro. San Pedro Jaietako ekintza ugari irudikatzen dira horretan.

Txema Valles kazetariak, Begoña Lumbreras eta Jose Manuel Monge disenatzaileek osatutako epaimahaiak ez du lan erraz izan. Azken hautaketa sei kartelen artean egin zuten.

Honez gain, Gazteria eta Jaietako arduradunak adierazi duenez, herritarren parte hartzea sustatzeko neurriak hartu nahi dituzte. "63 proposamen izan dira lehiaketan. Gehienak kanpoko jendeak bidali ditu eta lau edo bost besterik ez ziren herrikoak. Hurrengo urteetara begira, herritarren presentzia handiagoa izatea nahi dugu eta hori sustatzeko neurrietan pentsatzen ari gara," azpimarratu du Alonsok aurkezpenean.