Eguraldi txarrak goibeldu egin du giroa asteburuan, baina ez da aski izan herrira etorri diren dantzarien grina hozteko. V. Dantzari Eguna eta XXXI. Dantzari Txiki Eguna ospatu ditu Erketz EDTk, Udalaren Kultur sailarekin elkarlanean. Okendo plazan egitekoak ziren emanaldiak, baina euri dezente egin duenez, Loidibarrengo eta Michelingo pilotalekuetan aritu dira azkenean. Ikus-entzuleek erantzun dute, eta txiki utzi dituzte harmailak egunotan. Merezi izan du.
Bete da eguraldiaren pronostikoa: oso txarra izan da. Bete dira Erketzek antolatutako emanaldien pronostikoak: oso onak izan dira, gozatzekoak. Atzo arratsaldean talde horretako dantzariak aritu ziren, Kukukakoekin eta Oñatitik etorritako Oñatz Dantza Taldekoekin batera. Giharrak berotzeko desfiletxo bat egin zuten erdigunean barrena, zeru gris eta euritsuak eten txiki bat eman ziela baliatuz.
Loidibarren pilotalekura itzultzerako zain zituzten hainbat ikus-entzule. Ordu eta erdi inguruz aritu ziren, hango eta hemengo dantza emanaldi tradizionalak eskainiz. Bukaeran talde argazki bat atera zuten denek elkarrekin. Kukukak eta Oñatzek oroigarri bana jaso zuten eskertza modura.
Gaur, gaztetxoen txanda
Atzo helduengandik ikasi, eta gaur haiei erakutsi: etxeko txikienak izan dira protagonista Michelingo frontoian. Tamalez, ezin izan dute desfilatu, goiz osoan zehar euria egin duelako. Horrek ez ditu gaztetxoak goibeldu ordea, eta ederki aritu dira guraso eta lagunen aurrean. Usurbilgo Orbeldik, Faltzesko Makaiak, Berako Gure Txokoak, Errenteria Musikalek, Kukukak eta Erketzek parte hartu dute. Hamar bat minutu zituen talde bakoitzak euren errepertorioko onena erakusteko.
Gaurko emanaldia biribiltzeko, denek egin dute dantza elkarrekin, irakasle eta guzti: fandangoa, arin-arina eta kalejira. Dantza zaparrada asteburuan.