Festa egin eta gero, lanera

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 26a, 16:38

Saritu guztiek familia argazkia atera zuten ekitaldi amaieran.

Festa giroan bukatu du denboraldia Ostadar SKTk. Hainbat joko egin eta sariak banatu dituzte arduradunek, Oriarte Institutuko patioan. Horrek ez du esan nahi oporrak hartuko dituztenik, ordea: lan asko daukate egiteke datorren sasoira begira. Esate baterako, saskibaloi saila koordinatuko duen lan taldea bilatzea. "Ez gara alarmistak, errealistak baizik: desagertu egin daiteke saskibaloi atala"

Ostadarren kolore urdin-beltzak oso presente daude herrian eta Gipuzkoan: 800 kirolari inguru aritzen dira astebururo, klubak dauzkan diziplina anitzetan. Horietako bat da saskibaloia, oso garrantzitsua, ikaragarri hazi dena azken urteetan. Kirol elkartearen arduradunek adierazi dutenez, "arriskuan" dago sekzioa, momentuz inork ez diolako hartuko erreleboa Endika Marrahiri. Herritarra da atalaren sortzailea eta hartu duen dimentsioaren arduraduna. Erabaki du tarte batez kargua uztea eta atseden hartzea. Hunkituta jaso zuen herriaren eskertza atzo goizean, Ostadarrek egindako denboraldi amaierako festan. Festa bai, baina oporrak ez: lanean segitzen dute zuzendariek eta entrenatzaileek, 2019-2020 denboraldiko eskaintza aurtengoa baino are hobea izan dadin.

 Aurtengo kirol sasoia berehalakoan ahaztuko ez duen kirolari horietako bat da Iraia Iparragirre. Realeko jokalariak balentria ederra egin du, Kopa irabazita. Partida osoa jokatu zuen; eskuin hegaleko atzelari lanetan hasi zen, eta ezkerrekoan bukatu. Ostadarren harrobitik atera zen lasarteoriatarra. Berak jaso du aurtengo kirolari onenaren saria. "Erreferente" da neska gaztetxo askorentzat, kirol elkarteko kideek nabarmendu dutenez. Are: TXINTXARRIri berriki emandako elkarrizketan, Iparragirrek esan zuen hiru neska gehiagok eman dutela izena futbolean jokatzeko. Nesken taldeko entrenatzaileak aitortu zion hori.

 Auzolan saria Jose Zapirainek jaso du, hunkituta. Añorgatarra da jaiotzez, baina aspalditik dauka lotura Lasarte-Oriarekin. 70. hamarkadan Jose Aizpurua eta Ciriaco Jimenezekin elkartu, eta eraikitzen hasi zen herriko jubilatuen beharrak asetuko zituen topaleku bat. Biyak Bat du izena. 38 kide ziren hasieran. Gaur egun, 2.500.

Kirol instalazioei kritika

Ostadarrek urtero idazten duen editorialean irakurri daiteke eskaera bat, urtetik urtera errepikatzen dena. Herriko kirol instalazioek dauzkaten gabeziak. "Kiroldegian eta Michelinen, ordutegi duinak lortzeko, kluben artean lehiatzen dugu. Kezkagarria da". Adibide bat: aurten aurrenekoz, futbol talde batek herritik at entrenatu behar izan du, Realaren instalazioetan. "Soluzioak azkarra behar du izan".

Instalazioek sortzen dituzten arazoak gorabehera, Ostadarrek hedatzen jarraitzen du. Datorren urtean lantalde berria izango dute atletismo sailean: Amaia Andres eta Oscar Goikoetxea.

"Kirol egitasmo hau aurrera eramaten laguntzen diguten babesle eta gurasoei eskerrak eman nahi dizkiegu", adierazi du kirol elkarteak.

Erlazionatuak