Zinemagintza, bilgune eta lanabes

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 24a, 10:05
Egitasmoan parte hartu dute Oriamendi Institutuko ikasleek egindako lanaren zati bat erakutsi zieten udal arduradunei. Arg.: Lasarte-Oriako Udala

Oriarte Institutuko ikasleek bigarren urtez parte hartu dute Tabakaleraren 'Zinema (h)abian' egitasmoan. Adierazpen bide gisa duen balioarekin batera, zinemaren alderdi pedagogikoa ere landu dute; elkarlanean aritu eta akordioetara iritsi behar izatea

Nork bere kabuz eginez hobe ikasten omen da. Taldean arituta, gainera, bestelako ikasbideak jaso eta trebetasun berriak lantzen dira. Tabakaleraren Zinema (h)abian proiektuak horiek guztiak egiteko abagunea eman nahi die DBHko ikasleei, zinema lantresna eta bilgune bilakatuta.

Oriarte Institutuak bigarrenez parte hartu du egitasmoan. 4. mailako neska-mutikoek iaz ere lan bera egin zuen Mikel Gurrea zinema zuzendaria izan dute irakasle eta bidaide. Ikasturte osoan filmak ikusi eta haietan irudikatutako mezuak nahiz esanahiak landu dituzte elkarrekin. Hala, zinema artea, sorkuntza eta kultura moduan ulertzeaz gain, norberaren bizipenak, ikuspuntuak edota barne mundua sortzeko eta azaltzeko bidea ere badela ulertarazi nahi diete gazteei.

Era berean, neska-mutikoak Zinemagintzan lehen pausoak ere eman dituzte. Ekipamendu profesionala baliatuta ikus-entzunezko bat sortu baitute. Ikasle bakoitzak hainbat eginkizunen ardura hartu du: gidoilari, kamerari, soinu teknikari edo bestelako profesionalen azalean jarrita.

Talde lanean sortu

Zeregin horietan hasi aurretik, ordea, beste prestaketa lan asko egin behar dituzte. Horren bidez, talde lanean aritu eta akordioa lortzen trebatu dira. Izan ere, ahalmen pedagogiko hori ere badu zinemak. Norberaren izaera eraikitzen laguntzeko baliabidea izateaz gain, gelakideen arteko harremanak sustatu eta ados jartzeak duen garrantziaz jabetzeko ere balio izan die.

Errodatutakoaren zati bat erakutsi zioten joan den astean Jesus Zaballos alkateari eta Maite Iglesias Kultur zinegotziari. Lan osoa, berriz, aste pare bat barru erakutsiko dute Bartzelonako Maria Espinalt Institutuan. Ekainaren 3tik 5era egitasmo honetan parte hartu duten hainbat tokitako ikasleak batuko dira. Besteak beste, Katalunia, Galizia, Madril, Berlin edota Txiletik joandakoak. Udalak 1.900 euro ingururekin finantzatuko du bidaia.