Udal hauteskundeak

PSE-EEk irabazi ditu bozak, eta zortzi zinegotzi izango ditu

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 26a, 21:46

EH Bilduk lau ordezkari izango ditu, EAJk hiru, eta Elkarrekin Podemosek bi. PP udalbatzarretik kanpo geratu da. 

Botoen %100 zenbatuta, PSE-EEk irabazi ditu bozak, eta gehiengo osotik zinegotzi bakarrera geratu da. Bigarren alderdia EH Bildu da, lau ordezkarirekin. EAJk zinegotzi bat irabazi du, eta hiru izango ditu. Elkarrekin Podemosek bat galdu du, eta bi kide izango dira udalbatzarrean. Parte hartzea %65ekoa da, orain dela lau urte baino ia bi puntu baxuagoa. 

 

 

PSE-EEk orain lau urte baino 341 boto gehiago irabazi ditu, eta horrek balio izan dio beste zinegotzi bat eskuratzeko. EAJ izan da gaueko beste garailea; 121 boto gehiagorekin, beste zinegotzi bat izango du. EH Bilduk antzeko emaitzak izan ditu; hiru boto gehiago. Zenbaketak aurrera joan ahala bost zinegotzi izan ditu behin-behinean, baina azkenean laurekin izango da hurrengo udalbatzarrean, orain bezala. 

Aldiz, Elkarrekin Podemos eta PP izan dira galtzaile nabarmenak. Lehenak 510 boto galdu ditu, eta bi zinegotzi izango ditu. Bigarrenak 90 boz gutxiago lortu ditu, eta ordezkaririk gabe geratu da Lasarte-Orian. 

Jendetza PSEren egoitzan.

"Pozik" dago Jesus Zaballos lortutako emaitzekin, baina balorazioa egiterakoan aipatu duen lehenengo gauza izan da gehiengo absolutua lortzetik gertu geratu direla zenbait unetan, botoak zenbatzen hasi direnean batez ere. Dena den, irribarretsu zeuden zinegotzi guztiak, eta udaletxe zaharrera joan dira talde argazkia ateratzera.

Bien bitartean, zapore gazi-gozoarekin itxi du gaua EH Bilduk. Esku-eskura izan du bosgarren zinegotzia lortzea: 56 bototara geratu dira. Emaitzak perspektiba baikor batetik baloratu ditu Jon Martinek, alderdiko hautagaiak: "Inoizko emaitza onenak lortu ditugu gaur −2.368 bozka, 2015ean baino hiru gehiago−; zabalik daude aukera guztiak, eta nahi dugun herria lortzeko gogor egingo dugu lan". 

 

Batzokian, aldiz, giro onean eman dute gaua. Batetik, Lasarte-Oriako emaitzengatik. "Oso gustura gaude. Helburua bete dugu. Garrantzitsua da 121 boto gehiago, baina are gehiago hirugarren zinegotzia izatea", adierazi du pozik Jon Antxordoki alkategaiak. Ez du hauteskunde ondorengo tratuez hitz egin nahi oraindik. "Ikusiko dugu, eta hitz egingo dugu gure artean. PSE-EEk irabazi du, eta zoriondu behar ditugu".

Bestetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako emaitzak ere ospatu dituzte jeltzaleek; bi batzarkide gehiago izango dituzte, hogei guztira. EH Bilduk bat irabazi du, eta hemezortzi izango ditu. PSE-EEk bat galdu, eta zortzi batzarkide izango ditu. Batzar Nagusietan Podemosek ere behera egin du, eta lau batzarkide izango ditu. PPk, orain arte bezala, bakarra.  

 

Bestelakoa zen egoera Elkarrekin Podemosen alderdian. Dozena erdi kide besterik ez dira bildu emaitzak eman ostean. Espainian Podemosek izan dituen gorabeherak eragina izan duela uste du David Aresek. "Marka egin genuen 2015ean, hilabete gutxitan hiru zinegotzi lortu genituen. Orain, ordea, egoera horrek kalte egin digu". Aurreikusten zuten boto galera izan zezaketela, baina espero baino gehiago galdu dituzte. Halere, ohartazi du bi zinegotzi dituztela. "Zinegotzi bat galtzeak ez du esan nahi gure ahalegina mugatuko denik. Gehiengo osorik ez dago, eta lanean jarraituko dugu". Hurrengo egunetan gainerako alderdiekin hitz egin du, jakiteko zer proposamen dauden mahai gainean.