Iraia Iparragirre: "Erakutsi dugu ez dagoela ezinezkorik"

Adrian Garcia 2019ko mai. 24a, 10:30
Iraia Iparragirre, kopa eskuetan, Lasarte-Oriara iristean Realarekin.

Iraia Iparragirre Realeko jokalaria

Kopako finala oraindik buruan, denboraldia bukatzear dago jokalari txuri-urdina. Atseden hartu nahi du, hurrengo denboraldian indar gehiagorekin bueltatzeko

Pasa dira ia bi aste, baina oraindik lortutakoa "asimilatzen" ari da Iraia Iparragirre (1995, Lasarte-Oria), normaltasunera itzultzeko ahaleginean. Maiatzaren 11ko finaleko protagonista izan zen; Realak 32 urtean lehen titulua eskuratu zuen, neurri handi batean defentsa lan onari esker. Eskuin hegalean hasieran, ezkerrean bukaeran, partida osoa jokatu zuen Iparragirrek.

Bukatu al dira dagoeneko ospakizunak? Hasiko zineten normaltasunera bueltatzen, ezta?

Normaltasun moduko batean sartzen hasi gara. Publikoari begira, pasa dira ospakizun guztiak; orain norberak bere buruarekin duen asimilizazio prozesu horretan gaude. Atseden egun batzuk eduki ditugu, baina jarraitzen dute entrenamenduek; Euskal Herriko Kopa jokatuko dugu datorren astean Alavesen aurka.

Gipuzkoari bira eman zenioten ospakizunetan. Nolakoa izan zen?

Izugarria, ez nuen inondik inora espero horrenbeste jende bilduko zenik herri bakoitzean. Herri pare bat kenduta, beste guztietan ikaragarria izan da harrera egin digun jende piloa.

Eta batez ere, zuretzat berezia izango zen Lasarte-Oriatik pasatzea.

Oso emozionatuta nengoen, eta ez zitzaizkidan hitzak ateratzen. Hitzaldi txiki bat prestatu nuen, nire herriko jendeari hitz batzuk esateko. Baina ezin nion eskuko telefonoari eutsi ere egin; balkoira atera, eta horrenbeste jende egotea, denak gu ikustera etorriak... Oso hunkigarria izan da.

Anoetako partida, San Mames... Emakumeen futbola indartu da aurten, eta, gainera, tituluarekin errematea eman diozue.

Iberdrolak liga babestu duenetik gure presentzia areagotzen hasi da, eta hori da gakoa, nire ustez. Ikusarazi dugu emakumeak ere bagaudela borrokan, futbolean jokatzen. Eman du zeresana, eta balio izan dio jendeari iritzia aldatzeko.

Orain lan baldintzak falta dira hobetzea.

Pixkanaka etorriko da, ezin da egun batetik bestera aldatu hori.

30 urte baino gehiago titulurik irabazi gabe, eta emakumeen taldeak irabazi du kopa.

Kopa irabaztea ikaragarria izan da; nire ustez, klubari ere handi geratu zaio, denori geratu zaigu handi. Gainera, Gipuzkoan eduki duen eragina nabarmentzekoa da, gerora begira aurerrapauso handia izango da. Ondo baloratu behar da nora iritsi garen, eta hemendik aurrera zer pauso eman behar diren.

Herrietan neska txiki asko ikusi dira Realeko elastikoarekin.

Bai, oso polita da. Ostadarreko entrenatzaileak esan zidan beste hiru neskek izena eman dutela futbolean.

Finalean ez zineten faboritoak, baina partida bakarrera egia da edozer gauza gerta daitekeela.

Guk ez genuen ezer galtzeko, bagenekien zertara gindoazen. Guretzat urte guztiko sakrifizioaren emaitza zen finala, gozatu besterik ez genuen egin behar. Ligako azken partida haien aurka izan genuen; hor ere lanketa berezia izan genuen, probak egiteko. Psikologikoki eta fisikoki prestaketa eduki genuen; gakoa hori zen. Atletico Madril oso talde indartsua da, oso zaila da haiei irabaztea. Baina ezer ez da ezinezkoa, eta hori erakutsi dugu.

Eskuin hegalean jokatu zenuen hasieran. Lanak izan zenituen aurrelariak gelditzeko.

Bagenekien hegaletatik min asko egingo zigutela, hortik bideratuko zutela erasoa. Txipa aldatu genuen bigarren zatian, eta bigarren golak eman zigun behar genuen energia positiboa finala irabazteko.

Denboraldi gorabeheratsua borobildu duzu finalarekin.

Nire helburua zen finala jokatzea, minutu batzuk baziren ere. Eta begira nola bete den. Finalerdian min hartuta nengoen, eta ez nuen jokatzerik izan. Arantzatxo hori kendu nahi nuen. Denboraldia ondo hasi nintzen, baina gero horrenbeste ez dut jokatu. Nik ez dut erabakitzen, entrenatzailearen hitza da.

Kontratua berritu duzu 2020. urtera arte. Zer helburu dituzu hurrengo denboraldira begira?

Denboraldi amaiera honek gauza asko pentsarazi dizkit. Lanean jarraitu behar dut, ahalik eta minutu gehien edukitzeko, eta futbolarekin gozatzeko. Realean jokatzea pribilegio bat da, edonork ezin du hori esan. Udara horretarako erabiltzen dut; hausnartu, eta hurrengo urtera begira zer hobetu dezakegun ikusteko.

Realaren harrerako argazkiak ikusgai argazki galerian.