Burua hotz, txukun debutatzeko

Adrian Garcia 2019ko mai. 24a, 10:15
Igeri ostean, bizikleta hartzeko prest. Arg.: Ivan Azurmendi

Trinko taldeko Leonardo Juarezek IronCat triatloiko distantzia luzeko proba osatu du, 11 ordu pasatxotan

Triatloilari guztien buruan egon da noizbait distantzia luzeko proba bat egitea. Kirol diziplina horretako lehiaketa mitikoa da, erresistentzia lasterketa gogorrenetarikoa. Leonardo Juarezek zazpi urte daramatza triatloian, eta iaz hartu zuen erabakia. "Nire koinatua ikusi nuen Gasteizen distantzia luzeko proban, eta erabaki nuen nik ere probatu behar nuela". Esan eta egin. Joan den asteburuan L'Ampollan egon da Trinko Triatloi Taldeko kidea, Katalunian; IronCat lasterketa osatu du 11 ordu eta 15 minututan.

"Sentitu nahi nuen zer den proba hori egitea". Tarragonatik bueltan bildu da txintxarri-rekin, balentriaren nondik norakoak emateko. Kataluniakoa aproposa da distantzia horretako debuta egiteko. Bizikletako zatia laua da, baita korrikakoa ere. Ikusleentzako ere baditu abantailak; hainbat itzuli egin behar dituzte lasterkariek, eta behin baino gehiagotan ikusteko aukera dute.

Lagunen ezustekoa

Familiarekin asteburu pasa luzea egiteko aprobetxatu du lasarteoriatarrak. Baina ezusteko polit bat ere jaso zuen, igerian hasi aurretik. "Irteteko prest nengoen, nahiko urduri. Eta oso ezaguna egin zitzaidan txistu bat entzun nuen". Burua altxa, eta kuadrillakoak ikusi zituen pankarta handi batekin. "07:00ak ziren, gau osoa bidaiatu zuten ni ikusteko. Hunkitu egin nintzen; motibazio estra bat izan zen".

L'Ampollako portuan egin zuten igeriketako zatia; 3.800 metro zirkuitu bati hiru bira emanda. "Banekien zer erritmotara joan behar nintzen. Lehen zatia da, ez da komeni gehiegi estutzea". Ordubete eta bederatzi minuturen ondoren bizikleta hartzeko prest zegoen.

Hain zuzen, horixe da hoberen datorkiona Juarezi, probako bigarren zatia. Zirkuitu bati sei bira eman, eta 180 kilometro osatu zituen bizikletan, sei ordu eta hamalau minututan. Alegia, 28 kilometro orduko baino gehiagoko bataz bestekoan. "Sei bira, azkenak bai kosta egin zitzaizkidan. Gainera, azken bietan haizeak asko jotzen zuen; kostaldetik barrena zoaz, eta aldez ematen dizu haizeak".

Horrez gain, beste ezusteko bati ere aurre egin behar izan zion: gurpila zulatu zuen 60. kilometroan. "Ganbera aldatu nuen, baina eskuz puztu behar izan nuen. Noski, gurpilean sartzen duzun presioa ez da berbera, eta gainerako 120 kilometroak beldur pixka batekin egin nituen".

Maratoia

Azken zatian maratoi bat osatu behar dute atletek, eta indarrak neurtu behar dituzte proba osoan. "Ordu asko dira. Bizikletatik nekatuta jaisten bazara, oso gaizki pasatuko duzu korrika".

Burua hotz jokatu zuen Juarezek, eta jokaldia ondo atera zitzaion; maratoiaren azkeneko zatian hasi zen sufritzen. Baina egina zuen ordurako. "Azken biran hasi zitzaizkidan muskuluak gogortzen". Proba bukatzeko gogoak hauspotuta iritsi zen helmugara. 3 ordu eta 51 minutu behar izan zituen 42 kilometroak betetzeko."Ez da bakarrik poza bukatzeagatik. Oroitzen zara prestatu ahal izateko egindako sakrifizio guztiez".