Eslalomgile onenen artean sailkatu dira

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 24a, 10:00
Taldekako kanporatze proban zilarra lortu zuen taldea urdin-beltzak. Arg.: Ostadar Inklusioa

Ostadar Inklusioko kideek hainbat domina irabazi dituzte asteburuan El Prat de Llobregaten jokatutako Espainiako Eslalom txapelketan. Malen Urkiri izan da txapelketako onena, irabazleen arteko proban nagusitu da

Pozik daude Ostadar Inklusio taldeko kideak. Eta ez da gutxiagorako. Asteburuan Espainiako Eslalom txapelketan lehiatu ziren Xuban Santin, Malen Urkiri, Ane Asensio eta Ander Goenaga, eta emaitza onak eginda bueltatu dira etxera. Urkiri, bereziki, txapeldunen proban gailendu baitzen Bartzelonako El Prat de Llobregaten aurrera eramandako norgehiagokan.

Eslalomak kirolariaren teknika, abilezia eta abiadura proban jartzen du, gurpil aulkian prestatutako zirkuitua osatu behar dute parte hartzaileek. Lau gurpileko (WS4) eta bost gurpileko (WS5) aulkien probetan lehiatu ziren gizonezko eta emakumezko kategorietan.

Hiru probatan neurtu zituzten indarrak: erlojupekoa, kanporatzea eta taldekako kanporatzea. Larunbatean egin zituzten igandeko finaletarako sailkatze probak. Trebeenen artean aritu ziren urdin-beltzak bi egunetan. Izan ere, Santin izan ezik, domina bat baino gehiago leporatuta baitzuten gainerako kirolariek.

Erlojupekoan, zilarrezko domina bana lortu zuten Asensiok, Goenagak eta Urkirik, bakoitzak bere kategorian. Bakarkako kanporatzean, Urkirik urrea eskuratu eta Espainiako errekor berri bat ezarri zuen 24,73ko denbora eginda. Asensiok eta Goenagak, aldiz, bigarren postua errepikatu zuten. Taldeka ere maila bera mantendu zuten. Kanporatze proban, beste zilarrezko domina bat leporatu zuten Ostadar Inklusioko kideek, FESA elkarteko Laura Moragues kirolariarekin taldea osatuta.

Txapeldunen artean txapelduna Urkiri bera izan zen, azken proba horretan nagusituta. Aintzatespen hori ere gehitu zion asteburuko onari.

Teknikari lanetan aritu diren Jokin Garcia, Iker Urkiri eta Jurgi Olasagasti pozik daude kirolariek egindako "lan zoragarriarekin".