'Guztion Lasarte-Oria!' mural lehiaketa martxan da

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 23a, 16:30
'Wild' murala izan zen 2017 urteko irabazlea.

Aurtengo lehiaketan bost mural margotuko dituzte eta bakoitzak gai espezifiko bat izango du

Lasarte-Oriako udalak Guztion Lasarte-Oria 2019 mural lehiaketako oinarriak argitaratu ditu. Aurten bost mural izango dira atonduko direnak eta berrikuntza modura bakoitzak bere gai espezifikoa izango du.

Kirolean oinarritutako murala egingo da Michelin kirol gunera sartzeko eraikinaren alboko paretan.

Festak, danborrada, erraldoiak... izango da Blas de Lezo kalean udalak duen lokalaren aurreko fatxadan margotu behar den muralaren gaia.

Udal euskaltegiko eraikineko sarbidean euskara eta hezkuntzarekin zer ikusia duen murala margotuko dute.

Zumaburuko haur-eskolako patioan haurren inguruko gaietan oinarritutako margolana egin beharko dute.

Eta azkenik, gai libreko murala egingo da Iñigo de Loiolan dagoen udal lokalaren fatxadan.

Ekainaren 14ra arte aurkeztu daitezke proposamenak. Aurkezten diren guztien artean bost aukeratuko dituzte eta batek eramango du sari nagusia, 1.500 euro. Beste lau hautatuak ere ez dira esku hutsik joango, guztira 4.750 euro banatuko baitira.

Espazioen ezaugarriak eta lehiaketaren oinarriak Lasarte-Oriako Udalaren webgunean daude ikusgai, baita udalaren erregistroan ere.

Egitasmoaren helburua muralak dauden lekuen itxura hobetu eta oinezkoentzat gune atseginagoak eta erakargarriagoak sortzea da. Era honetara, Lasarte-Oriaren itxura hobetzeaz gain, jarduera ekonomikoa eta soziala bultzatzen da.