Domina uzta Gipuzkoako gimnastika txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 21a, 13:00
Garazi Gomez eta senior taldea, Aizpea Arroyo barne, entrenatzaileekin. Arg.: LOKE Gimnasia

LOKEko gimnastak eskolarteko eta amateur mailako txapelketetako podiumetara igo dira banaka, zein taldeka. Euskadiko txapelketan izango dira lehian hurrengo bi asteburuetan. 2019-2010 denboraldian, Alexia Barquin infantil A mailan lehiatuko da 

Intentsitate handiko asteburuak izan dituzte LOKEko gimnastek. Gipuzkoako txapelketak lehiatu dituzte maila eta tresna ezberdinetan. Talde sendoa eta etorkizun handikoa duela erakutsi du LOKEk. Podiumeko lehen postuetan izan dira bakarka, zein taldeka eta Aizpea Arroyok eta Alexia Barquinek Gipuzkoako txapeldun titulua eskuratu dute senior A mailan eta infantil B mailan, hurrenez hurren. Aste hauetan lehiatuko diren Euskadiko txapelketak dituzte orain buruan.

Maiatzaren 19an, Azpeitian izan zen Gipuzkoako amateur mailako txapelketa banakako gimnastek lortu zituzten emaitza onenak.

Senior A mailan Aizpea Arroyo eta Garazi Gomez podiumeko lehen bi postuetan izan ziren sailkapen orokorrean.

Uztaia eta borrekin lan egin behar izan zuten gimnastek. Arroyok lan ederra egin zuen bi trenekin eta bi mailatan lehen postua eskuratu zuen; Gomezek, ordea, hirugarren postua egin zuen bietan.

Senior A taldea ere podiumean izan zen. Pilotak eta borrekin egindako lanak bigarren postua eman zien.

Jubenil B mailan, Paula Martinez zintako podiumeko maila gorenean izan zen eta lehiaketa orokorrean hirugarren mailan egon zen Jaione Martosekin batera. Martosek seigarren postua egin zuen pilota lanean.

Maitane Arroyok eta Mirian Prietok ere dominak eskuratu zituzten kadete B mailan. Prietok borrako bigarren postuan amaitu zuen lehiaketa eta Arroyok hirugarren, uztai lanean. Sailkapen orokorrean bigarren izan ziren.

Maila honetako taldeek ez zuten egun ona izan. Tresnen erotikoak medio, LOKE-Oriarte taldeak zazpigarren postua eskuratu zuen eta LOKE-Santa Teresak hamargarrena.

Eskolartekoan ere ederki

Bestalde, maiatzaren 11an, Tolosako Usabal kiroldegian lehiatu zen eskolarteko txapelketa. LOKEko gaztetxoek ederki egin zioten aurre erronkari. Harrobia indartsu datorrela erakutsi zuten.

Infantil B mailan lortu zen garaipenik esanguratsuena. Alexia Barquinek Gipuzkoako txapeldun titulua erdietsi zuen pilota lanean lehena izan eta uztaileko podiumean bigarren postua eskuratu ostean.

Dominez gain, emaitza horrek badu bestelako balioa. Barquinek maila igoera lortu baitu, hurrengo ikasturtean A mailan lehiatuko da.

Podiumean izan zen beste gimnasta Eneritz Diaz de Gereñu dugu. Bere lehen urtean txapelketa denboraldi ederra egin du gazteak. Alebin B mailatik Ara salto egin eta orain hiru domina eskuratu ditu Gipuzkoako txapelketan. Esku hutsik rgindako lanean hirugarren postua lortu zuen eta soka lanean bigarrena. Horrek sailkapen orokorreko hirugarren postua eman zion herritarrari.

Maitane Sarmiento ere alebin B mailako sokako podiumean izan zen, hirugarren postuan.

Lan ona egin zuten ere Aitana Molano infantil B mailako gimnastak eta alebin B mailako Landaberri taldeak. Biek zazpigarren postuan amaitu zuen lehiaketa.

Emaitza hauek guztiekin eta gimnastek egindako lanarekin "oso pozik" agertu da LOKEko entrenatzaile taldea. Halaber, emaitza horie esker, gimnasta guztiek Euskadiko txapelketaako sailkapena lortu dutela jakitera eman dute.

Senior, jubenil eta kadete mailako gimnastek asteburu honetan, maiatzaren 25a eta 26a, izango dute hitzordua Durangon. Eskolarteko mailako gimnastek, aldiz, ekainaren 1ean lehiatuko dira Santurtzin. LOKEko gimnastek buruan dituzte iazko emaitzak. Garazi Gomezek zilarrezkoa domina lortu zuen eta Senior A mailako taldeak brontzezkoa. Aurten ere lan ederra egitea espero dute.