Sormena errimatzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 19a, 10:42

Musika, literatura, antzerkia, margolaritza...eta bertsolaritza. Hainbat diziplina uztartu eta Udaberriko bertso saio ederra egin du Ttakun KEk aurten ere, Manuel Lekuona kultur etxean. Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña aritu dira koplaka, herriko hainbat artistaren sormen lanek inspiratuta. Maddi Labakak jarri ditu gaiak. Gustura bueltatu dira ikus-entzuleak etxera

Irakurle, atzoko bertso saioa ikusi bazenuen eta espero baduzu kronika honetan argituko duela kazetariak kokarda zer den, jai daukazu. Gogoratu Andoni Egañak atzoko agurrean botatakoa: "Oilarraren gandorra edo kalparra da kokarda, eta frantsesari kendu genion Le coq nola den oilarra; azalpen hori nik asmatu dut, baina ez zen horren txarra". Aurtengo Udaberriko bertso saioa ere ez da txarra izan. Guztiz kontrakoa: Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañak lan bikaina egin zuten, eta baita eurekin oholtza partekatu zuten herriko artistek ere. Hainbat sormen lan oholtzaratu zituzten, eta Maddi Labaka gai-jartzailea inspiratu. Emanaldi horietatik ateratako ideiekin bota zizkien erronkak bertsolariei.

Irakurle, atzoko bertso saioa ikusi ez bazenuen, normala da uneotan zeure buruari galdetzea zer arraio ote den kokarda, eta zer ikusiko ote duen hitz horrek bertso saio batekin. Bea Egizabal eta Intza Alkain umoristei galdetu beharko. Atzo bi horiek bota zieten galdera ikus-entzuleei: "Zer da kokarda?". Eman zuten pistaren bat edo beste, mikrofonora hurbildu eta Anje Duhalderen Eperra kantua bertsionatzen hasi zirenean, trap kutsu nabarmen bat emanez: "Eperrak badituzu bere bi hegalak, bai eta bürün gainin kokarda ejer bat... Badirudi Egaña ez zebilela oso urruti. Hankaz gora jarri zuten kultur etxea Egizabalek eta Alkainek, eta sormen modalitate berri bat aldarrikatu: trapalaritza. Azken hilabeteotan bolo-bolo dabilen "apropiazio kulturala" kontzeptuari buruz ere hausnartu zuten, eta bertsolariei galdera hori bota.

Ispilutik etxeko liskarretara

Idoia Garzes idazlea izan zen oholtzara igo zen lehen artista −bertsolariak kontatu gabe, jakina−. Lizardi saria irabazi du berriki, eta bertara aurkeztu zuen kontakizuneko zati bat irakurri zuen, Bixente Beltran txistulariaren laguntzarekin. Irla desertu batera ispilu bat eramango lukeela esanez bukatu zuen irakurketa Garzesek: "Nire isla da". Kontzeptu horrekin lotutako galdera bati erantzun behar izan zioten Ane Labakak eta Andoni Egañak: zer ikusten zuten beraiek, ispiluaren aurrean jartzen zirenean?

Andaluziar kutsua hartu zuen gero bertso saioak. Semblante Andaluzeko kide Kiko eta Asierrek flamenko doinuak ekarri zituzten kultur etxera: kantuan aritu zen aurrena, eta gitarrarekin bigarrena. Kopla horien letrek esaten zutena itzuli, eta beste batzuk sortu zituen Maialen Lujanbiok.

Kukuka antzerki eta dantza eskolako hainbat gaztek esketx labur batzuk oholtzaratu zituzten ondoren. Etxean sortzen diren liskarren ingurukoa bata, eta Guardia Zibilak bi euskalduni egindako alkoholemia kontrol bati buruzkoa bestea. Maddi Labaka gai-jartzaileak estu hartu zituen bertsolariak, eta erronka ederrak planteatu. Telebista katea aukeratzerakoan ados jartzen ez diren hiru ahaide izan ziren aurrena, eta kontrola jarri zuten guardia zibilak gero. Barrez lehertu ziren ikus-entzuleak hiruen ateraldiekin.

Sormena, "mundua eraldatzeko arma"

Atzoko saioaren erdialdean ikusi zuten herritarrek sormen lan kuriosoenetako bat. Margolaritza eta txalaparta uztartu zituzten Ione Zabalak, Tomax Arrutik eta Pontxo Moralesek. Erretratu bat pintatu zuen Zabalak, bi musikarien perkusio doinuen erritmoa jarraituz. Sormenaren inguruan hausnartu zuen Ane Labakak, eta azaldu berarentzat zer esan nahi duen hitz horrek. "Mundua eraldatzeko arma" dela abestu zuen, eta hitz bakoitzari "mila buelta" ematea. 

Itzaletik argira pasa zen auditorioa bat-batean. Ikus-entzuleak, zur eta lur. Bertsolariak ere bai. Aretoko ateak ireki, eta izaki arraro batzuk sartzen hasi ziren, banan bana, pausua narrats eta harridura aurpegiekin. Kukukako hainbat kide ziren, troll edo ogroz mozorrotuta. Euren besaulkietan eserita zeuden herritarrak zirikatu zituzten aurrena: betaurrekoak hartu bati, beste bati begira-begira geratu... Aspertu zirenean, oholtza gainera igo ziren, bertsolariekin jolastera. Hiru aulkitan eseri zituzten, eta besoak altxatzen hasi, ilea kiribiltzen. Maialen Lujanbio ere txunditu zuen eszena horrek, eta bertsotara eraman zuen: "Ez dakit zonbiak ote diren, hildakoak, ala Zubietako erraustegiak sortutako izakiak?". Gaueko esaldirik txalotuenetako bat izan zen.

Umore dosi asko izan zituen atzoko saioak, baina gai serioagoak ere jorratu zituen. Esate baterako, Txiki eta Otaegiren erailketak: Francisco Franco diktadorearen aginduz, biak fusilatu zituzten 1975ko irailaren 27an. Gertakari horren harira, Al Alba abestia idatzi zuen Luis Eduardo Aute kantautoreak. Euskarara itzuli du kantu hori Aitor Atxegak; atzo gauean oholtzaratu zuen. Andoni Egaña aritu zen bertsotan gero: kontatu behar zuen nola bizitu zuen gertakari hori, hamalau urteko mutil gazte baten ikuspegitik.

Nikola Iraola musikari gaztea oholtzara igo eta biolina jotzen hasi zen, bertsolariek gero botako zituzten koplen doinua markatzen. Ikus-entzule artera jaitsi ziren hiruak, mikrofono bana eskuetan. Bromak egin zituzten, eta barre algarak atera herritarrei. Bukatzeko, agur bana kantatu zuten. Umoretik kantatu zuen Egañak, kokarda aipatuz; Ane Labakak nabarmendu zuen gisa horretako saioek duten balioa herrigintzan; Maialen Lujanbiok antolatzaile eta artisten lana goraipatu zuen, eta kultura sustatzen jarraitzera animatu.

Erlazionatuak

Udaberriko bertso saioa 2019 (1. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mai 19 Kultura

Udaberriko bertso saioa 2019 (2. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mai 19 Kultura