Aterpe bila Udaberri Festan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 18a, 19:24
Ola Enmarkazioak dendan mural bat marraztu zuten hainbat gaztetxok.

Eguraldi txarra oztopo izan bada ere, Udaberri Festa ospatu du Aterpeak asteburuan. Haurrek primeran pasa dute elkarteko kide diren hainbat komertziotan egindako tailerretan. Herritarrek osteratxo ederrak egin dituzte Lasarte-Orian zehar gaur, txu-txu trenera igota

Udaberrikoa bainoago, udazken edo neguko asteburua dirudi honek: zeru goibela, euria goian-beheran eta haize ufada hotz eta zakarrak. Baldintza meteorologiko negargarri horiek ez dute Aterpea merkatarien elkartearen animoa itzali, ordea; Udaberri Festa ospatu du egunotan. 

Haurrak izan dira ziur aski ongien pasa dutenak. Atzo arratsaldean loreak landatu zituzten Ormazabal loradendan; puntua egiten ikasi zuten Olmi mertzerian; gogotik izerditu zuten Saito Gimnasioan; marrazki ederrak egin zituzten Ola Enmarkazioak dendan; eta paperezko lore apain-apainak sortu Dulce Tentacion gozoki dendan. Tailer horiek bizitza eta giro ederra eman zien komertzio horiei. Arkupe eta Buenetxea tabernek kontzertuak antolatzeko asmoa zuten; eguraldi txarra tarteko, bertan behera utzi zuen emanaldia aurrenekoak, eta atzora pasa bigarrenak. Javier Lee Junior musikariak rock, country eta blues doinuak ekarri zituen tabernara.

Gaur kalera ateratzera ausartu diren lasarteoriatarrek osteratxo ederrak egin dituzte Lasarte-Orian zehar, txu-txu tren txuri-urdinean igota. Goiz eta arratsalde aritu da ibilgailua bueltaka, erdigunean.

Erlazionatuak

Aterpea elkartearen Udaberri Festa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mai 18 Ekonomia

Loreak landatzen Ormazabal loradendan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mai 18 Ekonomia