Jauzi eta izerdi tanta solidarioak Loidibarrenen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 18a, 19:01
Gaztetxo bat, kirol elkartasun maratoian parte hartzen.

Saito gimnasioak kirol elkartasun maratoia egin du gaur goizean Loidibarren pilotalekuan, herriko hainbat merkatariren laguntzarekin. Kirol ekitaldiaren helburua da garun-paralisia daukan herriko haur baten familia diruz laguntzea. Herritar ugarik egin dute bat ekimenarekin

Kirola ona da gorputzarentzat. Osasungarria. Beti komeni da egitea. Gainera, helburu solidario batekin egiten denean, are lagungarriagoa da. Loidibarren pilotalekura gaur goizean joan diren dozenaka herritarren helburua hori zen: zunba, pilates eta jumping saioak egin bitartean, solidarioak izatea haien jauzi eta izerdi tantak. Saito gimnasioak antolatu du kirol elkartasun maratoia, herriko hainbat merkatarirekin elkarlanean. Helburua da garun-paralisia duen haur bat eta haren familia diruz laguntzea.

Patricia Martin Saito gimnasioko kideak aditzera eman duenez, erakunde publikoek ematen dituzten laguntzak "urriak" dira: "6.000 euro balio dituen gurpildun aulki baten zati bat besterik ez dute finantzatzen, 2.500 bat euro". Familiek ordaintzen dute gainontzeko guztia, eta baita haurrak behar dituen tratamenduak ere. Egoera horren berri izan zuenean, "kafe bat hartzen", Martinek erabaki zuen gaur goizeko kirol ekitaldia antolatzea. Eguraldia oso kaskarra izan da, baina ez ditu hoztu lasarteoriatarren asmo on eta animoak, eta pilotalekua bete dute. Sarrerak ordaintzeaz gainera, hainbat pertsonak egin dituzte ekarpenak Loidibarrenen kokatutako itsulapikoetan. 

Erlazionatuak