Euskaraldiko lankidetza esperientzia txarretatik ere ikas genezake? hitzaldia eskaini dute gaur goizean Estitxu Alkorta HPSko Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak.
Izaera eta kultura ezberdinak izaki, hainbat arazo konpondu behar izan zituzten Euskaraldia sortzerako orduan, baita martxan jarrita ere. Bi erakundeek argi zeukaten elkarlanari esker bakarrik lortuko zela proiektua. "Ekimen hau, egitasmo hau, ezin genuen bakarrik egin, elkarrekin egitea beharrezkoa zen," adierazi du Mendizabalek.
Oinarri bezala marko teoriko bat zehaztu zuten, non 3 zutabe izango baiziren nagusi: lidergo partekatua, elkarren aitortza, funtzio banaketa. Baina praktikan jartzean zailtasun ugari aurkitu zituzten.
Lehena lidergo partekatua izan zen. Topaguneak eta HPSk, biek egin nahi zuten bere proiektua eta horrek Topagunean beldurrak sortu zituen. Beste eragileei proiektuan lekua egin eta haien bitartekaritza eta laguntzari esker lehen larrialdia gainditu ahal izan zutela onartu dute.
Komunikazioaren aldetik, logo dantza ere izan zen. Hainbeste erakunde eta eragile izanik, guztiena agertzea ezinezkoa zela adostu zuten eta komunikazio guztia Euskaraldiaren markapean egitea erabaki zen. "Guztiona den marka txuri bat sortzea lortu dugu," jakinarazi du Alkortak.
Funtzio banaketa eta lidergo partekatua batzean izan diren arazoak ere adierazi dituzte, partekatutako espazioetan bikoizketak, Topaguneko langileen gainkarga... "Espero genuen baina plaza gehiagotan lan egin behar izan dugu eta horrek gizartean nahi adina lan ez egitea ekarri du," azaldu du Mendizabalek.
Euskaraldia herrialdeetara zaabaltzean udal eta kultur elkarte edo eragileen artean ere gatazkak egon direla onartu dute, hala nola, bestearen aitortza eza edo baliabide arazoak. "Bitartekaritza lan egin behar izan dugu askotan. Korapilo askori irtenbidea eman diegu, baina batzuk oraindik askatzeko daude," jakitera eman du Alkortak.
Azkenik, Euskaraldiko rol jokoan inkoherentziak eta epaiak ugariak izan direla ere azpimarratu dute.
Hala eta guztiz ere, estutasun horiek guztiek hurrengo edizioetarako ikasbideak izan dituztela jakitera eman dute. Langintza zaila eta sukalde lan handiaren ostean, kultura ezberdinetako bi erakundeen artean lankidetza eta elkar aitortza erdian jartzea ezinbestekoa izan dela aitortu dute, baita desadostasunak egotean hauek mahai gainean jarri eta zuzen eta zintzo jokatzea erabakiorra izan dela ere.
Pertsonen jarrera ere azpimarratu dute haien hitzaldian. Heldutasuna, autokritika, enpatia, konfiantza... garrantzitsutzat jo dituzte, baita bakoitzaren espektatibak partekatu eta doitzea ere.
Haien hitzaldiaren ostean, Udaltop jardunaldiek aurrea egin dute. Euskaraldiko behin behineko emaitzak eskaini dituzte, esate baterako.