Titulurik ederrena, herriaren maitasuna

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 17a, 11:08

Sekulako harrera egin dio Lasarte-Oriak Realari, eta talde donostiarreko jokalari kuttun Iraia Iparragirreri. Gipuzkoako zortzi herri eta hiri zeharkatu dituzte autobusez, asteburuan irabazitako Kopa erakutsiz

Pasa den asteburuan irabazitako Kopa Iraia Iparragirreren palmaresean dago honezkero. Ez da bere bildumako titulu bakarra, ordea. Aspaldi irabazita zeukan beste bat: herritarren maitasun, esker on eta miresmena. Atzo erakutsi zioten berriro, Realari Okendo plazan egindako harrera beroan. Gipuzkoako zortzi herri eta hiri zeharkatu zituzten, autobusez. Futbol partida, parranda eta ospakizun ekitaldiek nekea marraztu dute jokalari eta entrenatzaileen aurpegietan, baina oso gustura jaso zituzten atzoko omenaldi eta abegi keinuak.

 18:30ean zen iristekoa herrira Realaren autobusa. Ordurako, lepo zegoen Okendo plaza. Gaztetxoak zeukaten ilusio gehien. Geldirik egon ezin dutenez, Hipodromo etorbideko errepidera joan ziren, jokalariak ailegatzen ote ziren ala ez ikustera. Baina talde donostiarra ez zetorren hortik, Kale Nagusitik baizik. Autobusa gerturatu ahala, zoramena: Iraia Iparragirrerena izan zen kristal atzealdean ikusi zuten lehenengo aurpegia. Oso irribarretsua, gainera. Kopa zeraman eskuetan, eta jaisteko irrikitan zegoen: garaipena bere herrikideekin partekatzeko irrikitan. 

EiTBko kazetariaren galderei erantzun ostean, Kopa eskaini zien udaletxe parean pilatuta zeuden zaleei. Harrera ofiziala jaso aurretik, Ostadar Ipar Martxako kideek egindako ohorezko arku azpitik pasa zen. Badauka esanahi sinbolikoa keinu horrek: klub lasarteoriatarrean egin zituen lehenengo urratsak Iparragirrek. Lau urtez jokatu zuen Michelinen, Añorgara joan aurretik.

Bost hilabete azken alditik

Udaletxeko pleno aretoa plaza ezaguna da jokalariarentzat. Duela bost hilabete joan zen azkenekoz hara, 2018ko emakumezko kirolari onenaren saria jasotzera. "Asmatu genuen saritua hautatzerakoan", bota zuen Jesus Zaballos alkateak, umorez. Korporazioko kideek arros zuriak banatu zizkieten jokalari eta entrenatzaileei. Oroigarri trukaketa ere egon zen: plaka bat eman zion alkateak Iparragirreri, eta futbolariak Realaren argazki bat Zaballosi. Ekitaldi bukaeran talde argazkia atera zuten denek, Kopa eta guzti.

Argazkilariak korrika batean joan ziren plazara, ospakizunaren argazkia ateratzera. Komeriak izan zituzten toki on bat bilatzeko, mukuru zegoelako Okendo, leporaino. Protagonistak balkoira irtetean lehertu zen festa. Banan bana atera ziren: Nahikari Garcia, Leire Baños, Nerea Eizagirre, Marta Cardona, Mariasun Quiñones... Txalo artean hartu zituzten horiek denak zaleek, baina euren herrikidearen zain zeuden, Iraia Iparragirreren zain. Zur eta lur geratu zen herritarra, balkoira atera eta jaso zuen harrerarekin. "Handiak geratzen zaizkit horrelako omenaldiak", esan zuen mikroa hartu eta segituan. Ez zirudien hala zenik, ederki aritu zelako jendaurrean. "Ez nuke inoiz imajinatuko egin dugunak horrenbeste eragin izango zuenik". 

Iraiaren lagun koadrila zen ozenkien animatzen zuena. Haiei eskerrak eman zizkien jokalariak: "Eskerrik asko astebururo Zubietako harmailak betetzeagatik, eta, nola ez, Granadaraino joateagatik". Familiari, berriz, "uneoro animatzea eta berarekin batera egotea" eskertu zion. Behin konfiantza hartuta, ospakizun abestiak gidatu zituen lasarteoriatarrak, plazan zeuden guztiak dantzan eta txaloka jarriz. Ospakizunak bukatu zirela zirudienean, mikroa hartu zuen berriro, eta esan bera ez zela atzo arratsaldean balkoian zegoen lasarteoriatar bakarra: Iker Dominguez prestatzaile fisikoa, galiziarra jaiotzez, Lasarte-Orian bizi da egun. Biek altxa zuten Kopa gero.

Udaletxetik jaitsi, Antonio Merceron osatu zen giza-zubia zeharkatu eta autobusera igo ziren berriro, Hondarribiara bidean. Irunen bukatu zuten ospakizun-sorta, iluntzean.

Erlazionatuak

Kopa txapeldunei harrera Lasarte-Orian

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mai 17 Kirola