Jon Antxordoki Lasarteko semea da (1982), Saustakoa, Sasoeta baserrikoa. Politikarekiko interesa bo, herriarekiko grina duela dio, hura bultzatzekoa. EAJn beti eroso sentitu izan da. Urte asko daramatza alderdiaren inguruan, eta orain bost bat urte, lanak utzi zionean, gehiago inplikatu zen.
Nola joan da lehen legealdia?
Legealdiaren lehen bi urteetan gobernu taldea akordioetarako oso irekia ikusi dut. Ideiak hartu edo gauzatzeko gogoa izan du, kirol alorrekoak gure aurreko programakoak dira, eta oso ondo; baina bigarren erdialdean... Badirudi hauteskundeak datozenez denok gaizki moldatzen garela. Ez zait gustatu. Sekula erakundean egon gabe nintzen, eta agian ohikoa da, baina nahiko harrigarria egin zait. Beste aldarte batera ohituta nago. Gaur lagunak bagara, bihar ere; eta hala beharko luke.
Eta Euskara Zerbitzu buru izatea?
Egia esan, Euskara Zerbitzura iritsi nintzenean ez nuen espero horren balantze polita egitea. Izan ditugu gai teknikoak opari polit hau zikindu dutenak, baina balantzea oso ona da. Euskal Herriko leku guztietan jaso ditugu loreak, eta askotan niri tokatu zait jasotzea, baina ez dira niretzako, ditugun teknikarientzat baizik. Aurkitu dut oso zerbitzu potentea teknikarien aldetik, oso langile finak. Talde zoragarria daukagu eta oso gustura egon naiz.
Loreei helduta, Lasarte-Oria nabarmendu izan da euskararen inguruko ekimenengatik. Aurrerantzean, zein da bidea?
Gauza asko egin dira, baina mordoa dago egiteko. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez diogu Lasarte-Orian gauza asko egiten direla. Legealdi askotan EAJk eraman du Euskara Zerbitzua, gustura gaude, eta pentsatzen dugu lerro fina daramala, gorakoa. Ez dakit zer gertatuko den aurrera begira.
Prest al zaude berriro buru izateko?
Orain lau urte esan zidatenean Euskara buru izateko, ez nekien nondik heldu. Ohituta nago nire lantokian taldean lan egitera, baina beti gauza oso materialekin aritu naiz; eta euskara, niretzat, zerbait oso immateriala da. Nola kudeatu jakiteko oso zaila. Daukadan lantaldea, beste sailek izan nahiko lukete, eta gustura jarraituko nuke, bereziki, beraiengatik.
Orbanetako bat, berriz, udaltzain kaporalen profilaren afera izan da.
Arazo nahikoa izan dugu, bai Podemosekin, bai PSE-EErekin.PPrekin ez, ez delako etortzen. Gainerako sailetan teknikarien esanek eta informeek asko balio dute, baina euskara teknikarien eta Jaurlaritzaren txostenek ez dute inolako baliorik beraientzat. Ez da zentzuzkoa, eta ez luke horrela behar. EH Bildu eta gu ados egon gara teknikarien iritziarekin, baina kolpe handia izan da. Helegitea jarri diogu udalari, pentsatzen dugulako ez dutela txukun jokatu.
Udal hauteskundeei begira jarrita, zer aurreikuspen dituzue?
Inork ez daki zer gertatuko den. Herrian politikarekiko giroa nahiko nahasia dago. Azken hauteskundeetan oso emaitza onak izan ditugu, %12 izatetik, %19ra pasatu gara, 2.000 boz inguru lortu ditugu. Jaurlaritzarako ere hala ateratzen ditugu; baina herrirako 1.400. Ez dut ulertzen. Madrilerako alderdiarekin fidatzen da jendea, Jaurlaritzarako eta Foru Aldundirako ere bai, eta herrian zer gertatzen da? Herrian ere gobernatzeko kapazak gara. Han balio badu gure gestioak, herrian ere balio beharko luke. Herriarentzat ona bada, ez daukagu arazorik hitz egiteko eta tratura iristeko. Irekita gaude edozein akordiori. Herriarentzat ona bada, gu aurrera. Oso tratu zalea naiz.
PSE-EE babesteko prest al zaude? Eta alternatibaren parte izateko?
Babestuko genuke PSE-EEren gobernu bat eta lehenago egin genuena. Berdin zait norekin egin tratua, herriarentzako zer da hoberena? Zenbakiek emango balute, batera edo bestera. Harremana ona baldin bada eta lana egiteko egokia, ez dugu arazorik batekin edo bestearekin egin. Agian, Jaurlaritzako edo azkeneko datuak baldin baditugu, EH Bildurekin edo Podemosekin afari buelta batean zerbait tratatu beharko dugu. Irekita gaude.
Zein da enpleguaren egoera Lasarte-Orian? Nola susta daiteke?
Gipuzkoa osoan antzera dago, Lasarte-Oriak zerbitzu gehiago dauka. Iruditzen zait sustatu behar dela herriko hirugarren sektorea. Aterpearekin-eta bilera mordoxka egin ditugu, proposatu ditugu udalbatzarrean herriko dendarientzako abantailak, interesak... Bestalde, industrialde oso zaharkitua dauka, enpresak behera etorriak dira. Gure proposamena da hori berritzea, birmoldatzea, erakargarria izan dadin enpresak etor daitezen.
Hirugarren sektorea sustatzea aipatu duzu. Michelin II edo Leroy Merlin bezalakoak ez al diote kalte egingo?
Leroy Merlin ekartzea guk negoziatu genuen, gauza oso garrantzitsu batengatik: herriko lurretara etorri edo Belartzako poligonora joan, zer alde dago? Gurera etorriz gero, herrian egingo lukeen mina bera litzateke, aldea da herritarrentzat izango direla ehun bat lanpostu zuzen eta zeharkako beste 50. Hemen jarrita, zergak herriari emango dizkio Donostiari beharrean. Interesgarria iruditzen zaigu.
Donostiaren azpiegituretako askok –kartzela, kuartela, erraustegia, hockey zelaia…- herriari eragingo diote. Hango udalean EAJ dela balia al daiteke egoera bideratzeko?
Hockey zelaiari ez diot ezer negatiboa ikusten, EH Bilduk arazoak zituela irakurri nuen prentsan. Aparkalekua leku batean dago eta ondoko lursailean da, ez da ezertarako ibiltzen, erabilpen bat ematea da. Niretzako egokia da eta ona da. Hitzarmen batera irits gaitezke Donostiako Udalarekin herriko taldeek erabil dezaten, agian hockey talde bat aterako dugu. Egitea ona da, txarra ez egitea da. Kartzela eta erraustegia jarri nahi dute, baina inork ez du kontuan hartzen ehun hektareako industriagune bat ere jarriko dutela. Lanpostu asko dira. Pentsatzen dut Kordobatik ez dela inor etorriko hona lanera! Lanpostuak dira eta herriak behar ditu, ziur nago inguruko jendearentzat onak izango direla.
Erraustegia martxan jartzeko lehen urratsak egiten ari dira. Azpiegiturak herritarrengan sortzen duen kezka baretzeko zer egin daiteke udaletik?
Kezka ezarria izan dela uste dut, interes politikoak egon direlako. Gu ez gara inor baino listoagoak ez tontoagoak; herrialde oso aurreratuetan hori egiten ari dira, han ez dute osasuna begiratzen? Noski. Zubietan Gipuzkoa guztiko hondakinak erreko dira, baina hartuko dira zaborrak, ahal direnak birziklatu, eta ezin direnak erre egingo dituzte. Europako herrialde aurreratuenetan dagoen eredua da, zaborrarekin energia sortzen dute. Erre eta etekin bat ateratzeko gai bagara, positiboa iruditzen zait. Lasarten, Andoainen eta Usurbilen jarrita ditugu airea kontrolatzeko estazioak, parametro batzuk dauzkate eta horiek gaindituz gero, ordu erdian planta geldituko dute. Ez daukat beldurrik. Beldurra interes politikoak eratu du. Biomekanizazio planta, 2011ko legealdian Bilduk jarri nahi zuena, hasi da lanean eta uste dut inor ez dela konturatu.
Herriko birziklapen tasak eskualdeko baxuenak dira. Zaborren kudeaketak ez al du aldaketarik behar?
Bosgarren edukiontziaren kontrolerako formulak pentsatu beharko genituzke, egunak jarri… Beste herrietan zerk funtzionatu duen aztertu eta antzekoa egin beharko genuke. Horrez gain, lurpeko edukiontziak ez dira zabor bilketarako egokiena: arazo asko dituzte, puskatzen dira, konponketak oso garestiak dira... Uste dugu aurreko eran hobe ginela, kendu egingo genituzke.
Erdigunean trafikoari mugak jartzea jaso duzue programan.
Erdigunea asteburuetan zerbitzu publikoentzat, autobusentzat, eta oinezkoentzat uztea; eta astegunetan, zona 30 Km delakoa jarri. Ohitzeko, eta pentsatzen hasteko hemendik urte gutxira peatonalizatu eta oinezkoentzat bakarrik izango dela. Bestalde, kotxe elektrikoak kargatzeko guneak jarri nahi ditugu.
Musika eskolako irakasleekin arazoak legealdiko beste puntu beltz bat izan dira. Horrez gain, azpiegiturak lasarteoriatarren beharrei erantzuten dien ere zalantzan jarri da. Zer deritzozu?
Langileekin arazo bat dago, kontratazioekin, ez da gure herrikoa bakarrik. Irakasleak gutxi dira, ikasturtea hastear dela kontratatzen duzu, espezifikoa da, piano irakasleak ez du soinu eskolarik ematen... Zaila da. Foru Aldundiak zerrenda batzuk egin ditu eta Musikenetik irakasleak ateratzen hasten direnean txikituko da. Kontziente gara, konponbide zaila dauka, baina emango diogu. Bestalde, iruditzen zaigu kultur etxea nahiko kolapsatuta dagoela. Kotxeras ingurua oso leku egokia iruditzen zaigu kultur etxea zein musika eskola jartzeko, baita elkarteei euren kultur jardueretarako uzteko ere. Babestu nahi izan genuen gunea izan da, baina PSEk eta plenoak ez zuten nahi izan.
Lasarte-Oriak elkarte sare anitza du. Zer nolako harremana eduki beharko luke udalak haiekin?
Udalak hurbilagoko harremana izan beharko luke eta sustatu. Zurrun eta urrun ikusten dute. Ez elkarteek bakarrik, herritarrak ere oso urrun ikusten du udala, monstruenko bat dela, askoz arinagoa eta hurbilekoa izan behar du.
Nola lortuko duzu gertutasun hori?
Udal barruko kudeaketa asko aldatu behar da. Herritarrak ez du ikusten, baina urtetan udal barruan langileen kudeaketa nahiko txarra izan da, eta jendea ez dago pozik lanean. Langile batek gustura egon behar du, bestela produktibitatea asko jaisten da. Pertsonala ez luke politikari batek zuzendu behar, teknikoa beharko luke; batez ere, hor dauden politikari gehienek ez dutelako sekula enpresa pribatuan lan egin. Orduan, nola kudeatuko dute? Ez dakite. Hori aldatu behar da. Era berean, komunikazioa konfiantza kargua da, eta ez zaigu egokia iruditzen. Udalak neutroa izan behar du, ezin du alderdikoia izan. Lizitazio batean aterako genuke eta eraman dezala enpresa batek neutroki, bai alderdi batekoak, bai bestekoak edo edozein atera dadin. Gainera, Herritarren Arreta Zerbitzua martxan jarri behar da. Genuen langileak ez du euskara gaitasunik, eta behar du. Kanpora atera edo pertsona egoki bat kontratatu beharko da.
Aurreko hauteskunde programan kirolean jarri zenuten fokua. Oraingoan zer proiektu dituzue?
Zalantzarik gabe, gurea izan zen onena, gobernu taldeak erabaki zuen guk proposatutakoa egitea. Ontzat jo zuen, adibidez, herriko gimnasio pribatuekin eta hipikarekin akordioa kartera zabalagoa eskaini eta ez bikoizteko. Herriak behar du kiroldegi berria, baita futbol eta errugbirako zelaia, pista multidiziplinarra. Michelinekoa saturatuta dago eta behar dugu beste bat entrenatzeko bada ere.
Elkarbizitzari dagokionean, nola balioesten duzu egindako lana?
Segi behar dugu bide horretatik. Kanpoko jendeari iruditzen zaio nahikoa egin dugula, baina oraindik egiteko asko dago. Sufrimendu handia egon da herri honetan: hildakoak, presoak, torturatuak, sakabanatuak, dirua eskatu zaien enpresariak, bizkartzaina eraman behar izan dutenak… Horrek denak lan handia du atzetik. Pauso handiak eman dira, baina asko falta zaigu oraindik; urte askotan sendatu beharreko zauriak dira.
Gertutik
Liburu bat?
Pio Barojaren edozein, Zalacaín el aventurero, kasu.
Film bat?
Ez naiz zalea, telebista ere ez dut ikusten.
Zaletasun bat?
Zaldiak.
Pertsona erreferente bat?
Lester Piggott jockeya. Gorra zen, familia apalekoa, ukuilu batean bizi zen... hutsune pila izan arren, buelta eman, eta Sir izatera heldu zen.
Herriko txoko kuttun bat?
Komentuko ingurua. Garai bateko Lasartetik geratzen den leku gutxietako bat da. Txikitako oroitzapenak ditut, katekesira gindoazenean lorategian elkartzen ginen.