Udal hauteskundeak

David Ares "Hiru zinegotzi izan arren, erabaki askotan eragin dugu"

Adrian Garcia 2019ko mai. 17a, 10:50

DAVID ARES - Elkarrekin Podemos-eko alkategaia
Ezkerreko eta herri eredu antzekoa duten alderdiekin gobernuan sartzeko prest da Ares. Gardentasuna eta parte hartzea indartu nahi ditu Elkarrekin Podemosek

Lau urte daramatza David Aresek (1983, Donostia) udalean lanean.Elkarrekin Podemosek egindako "lan ona" jarraitzeko, zerrendaburu aurkeztuko da maiatzaren 26ko hauteskundeetan. "Erabaki garrantzitsuetan eragitea lortu dugu". Kazetaria lanbidez, Lasarte-Oriako Podemoseko zirkulura gerturatu zen taldea osatzen ari zirenean. "Baliodun pertsonak zirela ohartu nintzen; konturatu gabe ia, inplikatzen hasi nintzen, eta barruan sartu nintzen". Alderdiko primarioak irabazi zituen otsailean.

Nolakoa da azken lau urteetako zuen balantzea?
Erabaki garrantzitsuetan eragin dugu, eta gauza asko lortu ditugu. Tartean, Basaundi bailarako berrurbanizazioa eta Atsobakar zaharren egoitza aldundiari uztea. Gardentasuna eta parte hartzeari dagokionez, aldaketak eta aurrerapausoak lortu ditugu; lehen aurrekontu parte hartzaileak egin dira, gure proposamen bati esker. Parte hartzeari buruzko araudia ere bultzatu dugu, eta gure zuzenketa ia guztiak onartu dituzte. Hiritarren bulego mugikorra ere jarri da; erreklamazioei erantzuteko epea erdira laburtu dugu; eta udal gobernuaren utzikeriari aurre egin eta udalbatzarrak streaming bidez ematea lortu dugu, hasieran gure baliabide propioekin. Soilik hiru zinegotzi edukitzeko, oso lan eraginkorra egin dugu.

Gai garrantzitsuetan, ordea, asko jo duzue abstentziora.
Arrazoi oso justifikatuak egon daitezke abstenitzeko. Gai jakin bati buruz ez badaukagu informazio osoa, eta erabaki bat azkar hartu behar denean, une horretan agian ez dugu ezagutza nahikorik alde edo kontra bozkatzeko. Beti saiatzen gara jarrera bat hartzen, baina ez zaigu ondo iruditzen itsu-itsuan hartzea erabaki horiek.

Udal gobernuaren zein balantze egiten duzue?
Gauza asko egin ditu udal gobernuak; gehienekin ez gaude ados. Gauza oso ikusgarriak egiten ditu: kaleak asfaltatu, etxebizitzak eraiki… Beste alde batera utzi dituzte beste gai batzuk, ez horren ikusgarriak, baina bai garrantzitsuak: kulturaren babesa, gardentasuna…

Hiru zinegotzi dituzue orain. Zein helburu dituzue hauteskundeei begira?
Aurreikuspen onak ditugu; hauteskunde orokorretan bigarren indarra izan ginen, eta uste dugu hiru zinegotziei eutsiko diegula; agian beste bat gehiago lor dezakegu. Azken urteetan irabazitako espazioa egonkortu nahi dugu; herritarren zati handi bat ordezkatzen dugu, hain zuzen, beste ezein alderdi politikok ordezkatzen ez duena. Herria hobetu dezakegu, zintzo lan egiten, eta gure gidalerroak jarraitzen: gardentasuna, parte hartzea, feminismoa eta kudeaketa arduratsua.

Nola dira zuen harremanak beste alderdiekiko. Aukera ikusten duzu koalizioko gobernu batean sartzeko?
Bai, noski. Aukera badugu gobernua osatzeko, konpromiso hori hartuko dugu. Herriarekiko ditugun proposamenak eta gure herri eredua ezartzeko, eraginkorragoa da gobernu barrutik egitea. Ez dugu ezer zehazturik, baina ezkerreko edo herri eredu antzekoa duten alderdiekin egin dezakegu ituna.

Kezkatzen al zaitu Podemosek orokorrean duen beherazko joerak?
Bai, kezkagarria da. Makinaria mediatikoak min asko egin dio, gezur asko esan dituzte alderdiari buruz. Barne kudeaketan ere ez da asmatu, barne gatazkak aireratzeak min egin digu. Gutxienez, Euskadin emaitzei eustea lortu da, eta Lasarte-Orian ere emaitza txukunak izan dira.

Zein da Lasarte-Orian enpleguaren egoera? Zein neurri aurreikusten dituzue lanpostuak sortzeko?
Datu ofizialen arabera, 800 bat langabe daude, baina gehiago egon daitezke, Lanbiden izena eman gabe egongo dira-eta asko. Joera beheranzkoa da, baina, halere, biztanleria kontuan hartuta, kopuru altua da. Enplegua ez da udalaren eskumena, baina gauza asko egin daitezke: herriko enpresak eta komertzioak lagundu, herritarren kontratazioa bultzatu, Eusko Jaurlaritzarekin eta aldundiarekin inbertsioak hitzartu balio erantsia duten enpresak erakartzeko … Guretzat enplegu berdea etorkizuneko apustua da.

 

Bi proiektu bultzatu dituzte udaletik: Leroy Merlin eta Michelin II gunea. Zuek Leroy Merlinen alde egin zenuten. Nola eragingo dio horrek herriko enpleguari eta dendari txikiei?

Alde ez, abstenitu egin ginen. Ez gara saltoki aldien aldekoak, batez ere herritik gertu badaude. Baina sistema kapitalista baten barruan gaude, eta jende asko joaten da zentro horietara; bi eredu horien artean bizi gara, eta erakundeek dendari txikiak babestu behar dituzte merkataritza gune horien aurrean. Herriko dendak oinarrizkoak dira, herrian bizitza sortzen dute. Ikusiko dugu nola eragiten dion. Alde baikorra du, herriko pertsonak kontratatuko dituztelako. Beste alderdi batzuek kritikatu dituzte saltoki handiak, esaterako, EH Bilduk, baina gero ez dute arazorik gobernatzen duten beste herrietan horrelakoak ezartzeko, Oiartzunen, adibidez. Hori demagogia da.

Enplegua sortzeko neurri zehatzik ba al duzue programan?
Ekonomia berdearen alde egiten dugu, inklusiboa, parte hartzailea. Komertzio txikiak babestu behar dira merkataritza gune handien arrean; autonomoak eta enpresa txikiak bultzatu, tramite burokratikoak arintzeko. Bestalde, baserritarren funtzio soziala aitortu nahi dugu, azoken bidez bertako ekoizpena bultzatzeko. Zero kilometroko produktuak sustatu nahi ditugu, horiekin eskolak hornitzeko, landa garapenerako agentziarekin elkarlanean.

Martxan jarriko da laster erraustegia. Zer ikuspegi duzue horren inguruan?
Erraustegiaren kontrakoak gara. Udalak ez du eskumenik geldiarazi ahal izateko. Esan digute ahal duena egin dutela. Erraustegiaren aurkako eredua defendatzen dugu guk: ekonomia zirkularra, berrerabiltzea, birziklatzea… Europako zuzentarauekin bat doaz politika horiek; izan ere, hasi dira debekatzen erraustegiak eraikitzea, eta Europako herrialde batzuetan hasiak dira horiek ixten. Ez dugu ulertzen batzuen ikuspuntua. Ez dute erraustegia nahi hemen ondoan, baina ez zaie axola beste leku batean jartzen badute. Arduragabekeria da erraustegia defendatzea. Ikusiko ditugu ondorioak herrian.

Birziklapen tasa baxua du Lasarte-Oriak. Horiek hobetzeko neurririk jaso al duzue programan?
Gaikako bilketako sistema pertsonalizatu bat litzateke hoberena, sortzen diren hondakinen arabera ezartzeko zaborrari dagozkion udal tasak. Ontzi arinak eta beirazkoak bueltatzeko sistema bat jaso dugu programan. Europako toki askotan egiten da. Bueltatzen den ontzi bakoitzeko dirua itzultzen zaio erabiltzaileari. Horrez gainera, kontzientziatzea ere oso garrantzitsua da.

Lasarte-Oria erreferentzia izan da euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik. Zer neurri hartu beharko lirateke bide horretan aurrera egiteko?
Lehenik eta behin, esan nahiko nuke gure taldeak zailtasunak dituela euskaraz aritzeko. Horregatik, konpromisoa hartu dugu, eta ateratzen garen zinegotziek euskaltegian izena emango dugu. Euskara sailak lan ikaragarria egiten du, oso profesional onak dira, eta ekimen mordoa eramaten dituzte aurrera. Gure asmoa da lan hori bultzatzea, eta ekitaldi horiek babestea.

Halere, euskara teknikarien gomendioen aurka egin duzue hainbat kasutan, udaltzain kaporalen hizkuntz eskakizuna beheratzea onartuta.
Guk beti babestu ditugu txosten teknikoak, auzi zehatz horretan izan ezik. Udaltzaingoak gabezia handiak ditu; haiek horri buruz informatu gintuzten, eta hirugarren profilak oraindik eta zailtasun handiagoak jartzen zituen postuak betetzeko. Horrek bultzatuta onartu genuen hizkuntza eskakizuna beheratzea, kasu zehatz horretan. Salbuespena izan zen, interes orokorrari begira.

Udal Musika Eskolari buruzko mozioa onartu duzue udalbatzarrean orain gutxi. Neurririk proposatzen al duzue egoera hobetzeko?
Herriak kultur ondare handia dauka, eta guk horren alde egin nahi dugu, gobernatu duten alderdiek egin dutenaren kontra. Eta musika eskolaren egoera da horren adibide. Historikoak dira eskolaren aldarrikapenak. Oraindik ez dugu udal bandarik, nahiz eta beste herri askoz ere txikiagoek baduten. Instrumentu asko falta dira, irakasleen egoera kaskarra da… Guk udalbatzarrean galdetu genien gobernatu zuten alderdiei ea zer egin duten horri buruz, eta inork ez zigun erantzun. Ikusten da kezkarik ez dutela kultura sustatzeko. Nahiago dute gauza ikusgarriak egin, bideak-eta asfaltatu.

Lasarte-Oriak hazkunde handia izan du, eta etxebizitza asko egin dira. Zein da Elkarrekin Podemosek duen herri eredua?
Lasarte-Oriak mugak ditu, eta ezin du betiko hazten jarraitu. Gure ereduak bi oinarri ditu: gardentasuna eta parte hartzea. Ez badugu jendea gerturatzen udal kudeaketara, zentzurik ez du izango politikak. Herri irekia nahi dugu, eta bermatuko ditugu tresnak herritarrek parte hartu ahal izateko. Horrela saihestuko ditugu bezerokeria sareak, eta interes pribatuen mesederako ekintza politikoak.

Bizikidetza arloan lan handia egin da orain arte. Zer neurri gehiago hartu beharko lirateke?
Bizikidetza Mahaian parte hartu dugu; ekintza asko antolatu dira, eta kontsentsu zabalak lortu dira, nahiz eta alderdi oso desberdinak egon tartean. Gure rola izan da elkarren aurkako jarrerak bateratzea, eta gure asmoa da horretan jarraitzea. Indarkeria deslegitimizatzen jarraitu behar dugu, biktima guztiak aitortzen. Beste elkarte eta fundazioekin batera lanean jarraitu behar dugu, Argituz, Bakean eta besteekin. Gainera, aipatu nahiko nuke Bizikidetzako Herritarren Taldea; haiekin bildu izan gara, eta lan oso garrantzitsua egiten dute.

Gertutik

Liburu bat?
Momentos estelares de la humanidad (Stefan Zweig).
Filme bat?
Clerks (Kevin Smith).
Zaletasun bat?
Irakurri, patinatu eta Japoniako animazioa.
Pertsona erreferente bat?
Jose Ortega y Gasset.
Herriko txoko kuttuna?
Skate parkea.