Udal hauteskundeak

Jon Martin: "Jokoan dago herri eredua; udalean indarra egin behar dugu"

Adrian Garcia 2019ko mai. 17a, 10:35

JON MARTIN - EH Bildu-ko alkategaia
"Naturaltasunez" hartu du lekukoa LABeko sindikalistak. Alderdiak kudeaketan eskarmentua duela oroitarazi du, eta ez ditu beste alderdiekin itunak baztertzen

 

Michelingo langilea, urte askoan LABeko sindikalista, Jon Martinek (Lasarte-Oria, 1976) jauzi handia eman du aurten, udal politikagintzako lehen lerrora. PSE-EEkoa izan ez den alkate bakarraren testigua hartu du, Pablo Barriorena, hark orain zortzi urte lortutakoa errepikatzeko helburuarekin. "Irabaztera aterako gara". Maiatzaren 26ko bozen garrantziaz ohartarazi du zerrendaburuak. "Plan urbanistikoak onartuko dira. Lasarte-Oriaren herri eredua jokoan dago". 

Lehendik ere izan zara EH Bilduren eta ezker abertzalearen zerrendetan. Zerk bultzatu zaitu aurten zerrendaburu gisa aurkeztera?
Herriaren aldeko gure proiektuak beharrezkoa du udalean isla izatea. Urteetan herriko bizitza sozio-ekonomiko-politikoan murgilduta egon naiz, eta modu naturalean hartu dut erronka. Gogoz eta ilusioz heldu diot.

Deigarria da EH Bilduko zerrenda goitik behera berria dela; aurreko legealdiko zinegotziek ez dute jarraituko. Esperientzia falta horri nola egingo diozue aurre?
Eguneroko funtzionamenduari begira berriak gara, eta ikasten joango gara. Herrigintzak hori du; ez gara politikari profesionalak, gure herria kudeatzeko konpromisoa hartu dugun herritarrak gara. Errelebo osoa modu naturalean egin dugu. Horrek erakusten du EH Bilduk Lasarte-Orian duen ezarpena, eta haren inguruan dabiltzan herritarren konpromisoa. Oso argi dugu udalarentzako zer nahi dugun, eta horrek indarra ematen digu. Ez dugu arazorik izango kudeatzeko; oso talde prestatua dugu, eta ibiliak gara kudeaketan. Berrikuntza positiboa da.

2015ean galdu zuen alkatetza EH Bilduk. Azken lau urteetako balantzea zein da?
Oposizioko buru izan gara, udal gobernuari kontrol lan zorrotza egiteaz gainera, hainbat proposamen ere egin ditugu. Gobernuaren balantzea erraza da laburbiltzen: anbizio falta nabarmena du. Inertziaz gobernatu du azken lau urteetan.

Adibidez?
Sozio-ekonomikoki desastre hutsa izan da, korronteak gidatuta jardun du. Michelingo lurretan ikusi dugu. Kontrajarriak diren bi proiektu ikusiko ditugu lur horietan. Usurbilgo zatian Gipuzkoako kapitala duten bi enpresa jarriko dituzte, Gureak eta Elkar, 1.000 lanpostu sortzeko. Batak euskararen inguruan lan egiten du, eta besteak aniztasun funtzionala dutenekin; balio erantsia ekarriko dute. Bestalde, Lasarte-Orian, Michelin II gunean low cost supermerkatu, taller eta gasolindegi bat eraikiko dute, janari azkarra zerbitzatuko duen jatetxe bat. Iniziatiba duen gobernu batek herriaren hobe beharrez bestelako proiektu bat eduki beharko zukeen. Baina enpresa batzuen mesedetan ari dira.

Herri eredua hurrengo urteetan erabakiko dela diozu. 
Hurrengo legealdian arau subsidiario berriak onartuko dira. Hartuko diren erabakiek zehaztuko dute zer eraiki ahal izango den herrian datozen hamarkadetan. Oinarrizkoa da hori. Hori aurrera eramateko, garrantzitsua da Lasarte-Oriako EH Bildu indartsu egotea udalean. Udalak bultzatzen duen herri eredua tamalgarria da. Zerbitzurik gabeko lo auzoak landa eremuan, errepide onak Donostiarekin lotzeko; merkataritza gune handiak gure inguruan; erraustegia, espetxea, kuartela Zubietan... Argazki orokorra kezkagarria da. Herritar bezala, zer etorkizun ari zaizkigu marrazten udalean eta aldundian dauden alderdiak? Negozioa dute ardatz, herritarren kaltetan, eta eliteen mesedetan. Kontran, gure proiektuak herritarrak jartzen ditu erdigunean; bakarrak gara herritarren interesak defendatzen, beste batzuk isilik dauden bitartean. 

Gaur egun EH Bilduk lau zinegotzi ditu. Zein helburu duzue hauteskundeei begira?
Gu irabaztera ateratzen gara beti. Horretarako, sekulako lantaldea prestatu dugu. Erakutsi dugu gai garela kudeatzeko, eta gainerako alderdiekin ados jartzeko, Lasarte-Oriaren mesedetan. Gero lasarteoriatarrek bakoitza bere lekuan jarriko dute, baina anbizio guztia daukagu guk.

2011n bezala alkatetza eskuratzeko oposizioko alderdiak bat egitea posible ikusten duzu?
Ez dugu ezer baztertzen. Herri honen garairik onena izan da ezberdinen artean ados jarri eta denon artean udala kudeatu genuenean. Eta horrek ekarri du lasarteoriatarren artean elkar ezagutzea, elkar lanean aritzea, eta herriaren izaera eraikitzea.

Michelin II guneaz gain, Leroy Merlin ere eraiki behar dute. Herriko komertzioak kezkatuta daude.
Belartza II ere hor dago. Oso kezkatuta gaude. Alderdi batzuen proiektua da Lasarte-Oria hiriburuaren aldiri bat bihurtzea. Eta inguruan sortuko diren saltoki handiek ez dute laguntzen herriaren idiosinkrasia eta nortasuna eraikitzen. Denda txikiak Lasarte-Oria bizi baten odola dira, bizirik jarraitu ahal izateko ezinbesteko organoa. Asko sufritu dute, eta ikusten ari gara etorkizunean ere gehiago sufritu behar dutela. Komertzio txikiaren aldeko gure apustua argia da.

Zer neurri proposatzen dituzue dendariak babesteko?
Neurriak haiekin batera hartu beharko ditugu, haiek ordezkatzen dituzten elkarteekin. Herrian bertan kontsumitzera bultzatzeko kanpainak egin beharko dira, eta bestelako neurriak hartu hirigintza alorrean. Erabat hipokrita da herri komertzioak sustatu nahi izatea, eta, era berean, saltoki horiek ezartzeko proiektuak martxan jartzea.

Enplegua sortzeko neurri gisa saldu dituzte proiektu horiek. Zuek zer neurri dituzue buruan langabeziaren aurka egiteko?
Pertsonak ekonomiaren erdigunean jarri behar ditugu. Proiektu horiek prekarietatea sortzen dute, suburbio izaera hori indartzeko. Sozio-ekonomian bi alderdi indartu nahi ditugu. Batetik, zero kilometroko filosofiarekin, bertako enpresak eta ekoizleak bultzatu nahi ditugu, haien produktuak saltzeko espazioak sortzeko. Horrez gain, proiektu zabalagoak ere behar ditugu, eta hor eskualdearen aldeko apustua egiten dugu.

Garapen agentzia martxan jartzeko lehen urratsak egin dira.
Beste tokietan egin dira proiektu interesgarriak, baina udalaren utzikeriagatik ezin izan dira egin hemen. Beharrezkoa dugu garapen agentzia, Lasarte-Oriak lurrik ez duelako. Zeuzkan eremu industrial apurrak saltoki handi bihurtuko dituzte. Bada adibide garbi bat: Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan autobus elektrikoen inguruko proiektu bat ezarriko du, MUBIL zentroa. Proiektu horrek lekua bazuen Michelin II gunean, eta ongi ezkontzen zen parean izango zukeen pneumatiko enpresarekin. Hor jarri zitekeen polo indartsu bat, lanpostuak sortuko zituzkeena. Non dago gure gobernua Lasarte-Oriarentzako garrantzitsuak diren inbertsioak erakartzeko? Ez ahaztu haien alderdia foru gobernuan dagoela.

Laster jarriko dute martxan erraustegia. Udaletik zer egin daiteke ondorio kaltegarriak saihesteko?
Onartezina da Lasarte-Oriak eskualdeko birziklapen tasa baxuena izatea. Eta hori ez da kasualitatea. Erraustegiaren aldeko politikak egiten dira udaletik; martxan jartzeko, jaten eman behar zaio erraustegiari. Lehenbiziko urratsa da birziklapen tasa handitzea, eta helburu horiek lortzeko neurri zuzentzaileak jarri beharko dira, denon adostasunarekin. Baina ezin dugu egungo birziklapen tasa honekin jarraitu.

%48ra ez da iristen birziklapen tasa. Udaletik zein neurri hartu daitezke hori igotzeko?
Datozen lau urteetan tasa %75era igo nahi dugu, eta, horretarako, hainbat neurri zuzentzaile proposatuko ditugu. Zein neurri hartuko genituzkeen? Zerbaitek ongi funtzionatuko badu, adostasunetik hartutako erabakia izan behar du. Horretarako, helburuetan bat egin beharko genuke. Helburua behin jarrita, neurri asko hartu daitezke horretara iristeko. Gipuzkoan eredu asko jarri dituzte martxan.

Lasarte-Orian bizitza kultural handia dago, oso anitza. Nolakoa izan behar du elkarlanak udalaren eta eragileen artean?
Herri gutxi egongo dira Gipuzkoan Lasarte-Oriako bizitza kultural anitzarekin. Hortaz, udaletik ahalegin indartsua egin beharko litzateke elkarte horiek ahalduntzeko, eta haiei ere kudeaketa gaitasun bat emateko. Horren inguruan badauzkagu adibide esanguratsuak: Azpeitiko San Agustin gunea, Gernikako Astra edo Oñatiko Eltzia. Eredu horien alde egin nahiko genuke, betiere, parte hartzeari garrantzia ematen. Beharrezkoa da kultur eragile guztiek, udalarekin koordinatuta, kultur politika propioa eraikitzea. Autokudeaketa maila altua behar dute.

Nabarmena da kultura azpiegiturak ere falta direla.
Kultura azpiegiturak zaharkituta geratu dira, eta ez diote erantzuten herriaren beharrei. Musika eskola txikia geratu da, liburutegia ere… Kultur etxea bera dago txikia. Espazio berrien sorrera landu behar dugu, kultur eragileen eta herritarren beharrei erantzuteko.

Bizikidetzan urrats asko egin dira azken legealdietan. Zer beste pauso eman beharko lituzke udalak?
EH Bildu izan zen gai hau plazaratzen lehenengoa, udaletik modu ofizialean horren aldeko lana sustatzen. Bide horretan sakondu behar da. Hori bai, guk beti daukagu presente herritarrekin egin beharreko bidea dela, denei eskubide berberak aitortuta, etorkizunari begira. Biktima guztiek behar dute erreparazioa eta errekonozimendua, eta berriz gertatuko ez denaren bermea.

Kiroldegia egiteko prozesua martxan jarri du udalak. Zer iritzi du honen inguruan EH Bilduk?
Lau urteko atzerapenarekin dator proiektua. Aurreko legegintzaldian egina zegoen lana: taxuzko ikerketa bat, ikusteko zeintzuk ziren kirol elkarteen eta herritarren beharrak. Duela lau urteko programan aurreikusten genuen proiektua aukeratzea eta gauzatzea, parte hartze prozesua egin ondoren eraikitzen hasteko. Baina lau urte pasatu dira, eta ez da ezertxo ere egin. Ez dute lau urtetan ezer egin, eta orain korrika eta presaka martxan jarri dute prozesua. Egungo kiroldegiak ez ditu beharrak asetzen, eta kiroldegi berri bat behar da.

Gertutik

Liburu bat? 

Aubrey & Maturin bilduma (Patrick O'Brian).

Film bat?

Kill Bill I eta II (Quentin Tarantino).

Zaletasun bat?  

Lagunekin korrika saiotxoak egitea.

Pertsona erreferente bat?

Rafa Diez.

Herriko txoko kuttuna?

Tren-txikiko zonaldea.