Udal hauteskundeak

Jesus Zaballos: "Bi aukera daude: guk gobernatzea, edo EH Bilduk"

Adrian Garcia 2019ko mai. 17a, 09:50

Hirugarrenez, eta haren arabera, azkeneko aldiz, aurkeztuko da Zaballos alkatetzara.

JESUS ZABALLOS - PSE-EE-ko alkategaia
Emaitza onak lortuko dituela ziur da hautagai sozialista: "Alderdiko inkesten arabera, gehiengo osoa lor dezakegu". Bere taldearen kudeaketarako gaitasuna goraipatu du

Gaztea izanagatik, eskarmentu handia du politikan Jesus Zaballosek (1982, Zarautz). 2007an hartu zuen zinegotzi akta, baina Ana Urtxuegiaren afera dela-eta alkatetza hartu zuen urtebetez 2011n. "Tarte hori kontuan hartzen ez badugu, esan daiteke soilik lau urtez izan naizela alkate, 2015etik aurrera". Hirugarren aldiz aurkeztuko da maiatzaren 26an udal hauteskundeetara. "Herritarrek nigan jarri duten konfiantzak bultzatzen nau aurkeztera. Gainera, legealdi honetan martxan jarri ditugun proiektu garrantzitsu asko jarraitu behar ditugu: kiroldegia eta Atsobakarreko pistak, esaterako".

Gazte sartu zinen politikan. Zerk bultzatu zintuen?

Betidanik izan dut gogoa alderdi sozialistan militatzeko, baina mehatxu terrorista zela eta, amak atzera eginarazi zidan. Oinarrietan izen eman nuen hasieran, eta handik sei hilabetera PSE-EE alderdian. Beti gustatu izan zait besteen alde lan egitea, gauzak aldatzeagatik borrokatzea.

Udalerritik kanpo politikan ibilbidea egiteko anbiziorik ba al duzu?

Ez. Uste dut politikagintzan denbora gutxi egon behar dela, askotan nahasteko arriskua egon daitekeelako; herritarren zerbitzura gaude gu, eta ez alderantziz. 2015ean aukera banuen eusko parlamentari bezala jarraitzeko, baina soilik alkate izatea erabaki nuen. Udal politika gustatzen zait, gertukoa delako. Zure lanaren emaitzak zuk zeuk ikusten dituzu. Niretzat garrantzitsua da formatzen jarraitzea, badakidalako politika utzi egingo dudala. Uste dut 2023an ez naizela aurkeztuko.

Maiatzako hauteskundeei begira, zein da PSE-EEren helburua? Egun zazpi zinegotzi dituzue.

Nire helburua da herritarrek alderdi sozialistan konfiantza jartzea, eta uste dut posible dela zinegotzi bat gehiago irabaztea. Lau urtetan lan ona egin dugu, hauteskunde programa ia guztia bete dugu; %93. Baina demokrazian dena posible da: irabazi ditzakezu hauteskundeak, eta gero ez gobernatu. 2011n gertatu zitzaigun. Bi aukera garbi daude Lasarte-Orian: PSE-EEk gobernatzea, edo EH Bilduk lortzea alkatetza, Podemos eta EAJren laguntzarekin. Herritarrek alderatu dezatela bata zein bestearen kudeaketa, eta horren arabera bozka dezatela. 

2015ean oposizioa ez zen ados jarri PSE-EEri alkatetza kentzeko. Oraingoan gerta daitekeenaren susmoa duzu?

Aukera guztiak hartzen ditut kontuan. Egia da 2011n desberdina zela, beste giro bat zegoen. Lehenengo emaitzak ikusiko ditugu, gero alderdien artean hitz egingo dugu, eta ekainaren 15ean udalbatzarra eratzen denean jakingo dugu zer gertatzen den.

Enpleguaren alorrean jarri duzue indar asko. Zein da egun Lasarte-Oriaren egoera alor horretan?

2015ean, gobernua hartu genuenean, egoera oso txarra zen. Ez da EH Bilduren errua, herrialde osoan zegoen egoeraren eragina zen. %16ko langabezia tasa zegoen, eskualdeko altuena. Egun %8ra jaitsi da. Ez bakarrik udalaren lanarengatik, baita ere eskualdean egin denari esker. Helburu nagusia izan behar du eskualdeko garapen agentzia sortzea. Hastapenak egin ditugu sei udalerriek legealdi honetan, eta hurrengoan eratu behar dugu. Agentzia horren bidez martxan jarriko dira enplegu aukera asko, herriko merkataritza sortzeko laguntzak, desgaitasunen bat dutenentzako lanak…

Horrez gain, Michelin II gunea eta Leroy Merlin proiektuak martxan daude.

Michelin II gunean Lidl, hiru izardun hotel bat, Norauto eta gasolindegi bat eraikiko dituzte. Leroy Merlinekin batera, 200 bat lanpostu sortuko dituzte, oso beharrezkoak Lasarte-Oriarentzat.

Jesus Zaballos, asteazkeneko merkatuan, arrosak banatzen

Nola eragingo die proiektu horiek herriko merkataritza txikiari? Ez al ditu arriskuan jarriko?

Gauza batek ez du bestearekin zerikusirik. Denbora honetan guztian ez da enplegurik galdu herriko merkataritzan. Lasarte-Oria da herriko merkataritza gehien sustatzen duen eskualdeko udalerria. Aterpea da diru laguntza gehien jasotzen duen merkatarien eta ostalarien elkartea. Desberdintasun argi bat dago; herriko dendek Tratu on bat markaren bidez gertuko harremana sustatu behar dute. Michelin II guneak ez die lehiarik ekarriko herriko negozioei.

Leroy Merlinek lehia zuzenagoa eragingo die.

Herriko denden gertuko tratuaren aurka ezin dute lehiatu saltoki handiek. Denda txikiek harreman zuzenagoa dute bezeroarekin, arreta hobea eskaintzen dute. Hain zuzen, horixe ari gara indartzen Tratu on bat markarekin. 8.000 eurotik 35.000ra igo dugu Aterpearen diru laguntza, herriko merkataritza bultzatu nahi dugulako.

Zubietako erraustegia martxan jartzekotan dira. Errausketaren aurka ez, baizik eta erraustegia Zubietan jartzearen aurka agertu zarete.

Ni alderdi sozialistakoa naiz, baina nik Lasarte-Oriako herritarren interesen alde egiten dut lan. Eta herritarrek ez dute erraustegirik nahi Zubietan. Nire alderdiak babestu du erraustegia hortxe jartzea, baita Gipuzkoako hondakinen plana ere. Ingurumen diputatuta [Jose Ignacio Asensio] nire alderdikoa da, eta, halere, Lasarte-Oriako Udalak bere esku zeuden alegazio guztiak egin ditu.

Udalak goi tentsioko linea jartzeko baimenak eman ditu.

Hori egitea beste erremediorik ez genuen; haiek horretarako eskubidea dute, eta uko egin izan banio, prebarikazioa zatekeen.

Eskualdeko birziklapen tasa baxuena du Lasarte-Oriak, %48 baino gutxiagokoa. Horiek hobetzeko neurririk jasotzen al du PSE-EEren programak?

Jendea kontzientziatzen joan behar dugu pixkanaka-pixkanaka. Horregatik jarri ditugu zerga hobariak; tamalez, poltsikoa ukitzen badiezu azkarrago kontzientziatzen dira herritarrak. Bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenek izango dute hobari hori. Sentsibilizazio kanpainak egingo ditugu. Bosgarren edukiontzia erabiltzen ez duten etxebizitzetara deituko dugu, horiek konbentzitzen saiatzeko.

Zer birziklapen tasa helburu jarri duzue hurrengo urteetarako?

Ordenantza fiskaletan ezarrita dago. 2019rako %48 izan behar du; 2020rako %50, Europako zuzentarauek agintzen duten bezala; eta gero, urtero %1 nahi dugu igo. Igoera kontzientziazioaren araberakoa izango da. Horregatik da garrantzitsua ikastetxeetan gaia lantzea.

Euskararen inguruan erreferentzia da Lasarte-Oria ekimen askotan, hala nola, Euskararen Maratoia, Euskaraldia, Udaltop… Gobernatzen baduzue, Euskara Zerbitzua beste alderdi bati utziko diozue kudeatzen? 

Beste alderdi bateko zinegotzia Euskara Zerbitzuko buru izateak ez du esan nahi alderdi sozialistak euskarari arreta jartzen ez dionik. Azken finean, den-dena pasatzen da alkatearen eskutik, dekretu guztiak sinatzen ditu alkateak, sail guztietakoak. Euskara Zerbitzua oztopatu nahi izango balu alderdi sozialistak, ez nituzke dekretuak sinatuko. Ez da egia beste alderdiei esker aurrera egin duenik Euskara sailak. Oso indartsua da teknikoki, eta alderdi guztien kontsentsua du egiten dituen lanetan. Teknikoek egiten dute lana; haiek proposatutakoa adosten da batzordean. Erreferentzia bagara euskararen alorrean, alderdi guztien adostasunari esker da. Ikurrina eta euskara denon ondasuna dira, ez soilik alderdi jakin batzuena. Euskaren Bidegorria udalean sortu zen zinegotzi sozialista bat zegoela Euskara Zerbitzuaren buru: Iñaki Mujika.

Euskara Zerbitzua zuzentzeko hautagai gisa aurkeztu duzu Iñigo Zabaleta, baina bederatzigarren tokian doa. Zaila izango du eserlekua lortzea.

Gure inkestak onak dira. Ez dakit alderdian adarra jotzen ari zaizkidan, baina esaten didate gehiengo osoa irabaz dezakedala. Bederatziko talde bat egin dut; sail guztiak banatu ditut nire lankideen artean. Horregatik sartu dut gaitasun handiko jendea zerrendaren lehen zatian. Gero ikusiko ditugu emaitzak. Bederatzi ateratzen baditut, departamentu guztiak gidatuko ditugu. Zortzi badira azkenean, beste talderen batekin osatu beharko dugu gehiengoa, eta negoziatu beharko dugu. Orain EAJrekin egin dugun bezala; ez da gobernu hitzarmen bat, baina bai egonkortasunezkoa.

Udal Musika Eskolaren egoera kaskarra salatu dute gurasoek, ikasleek eta irakasleek. Zein neurri dituzue buruan hurrengo legealdirako?

Musika Eskolako batzordea martxan jarriko dugu; orain arte ez da ezarri. Horrek proposatuko ditu konponbideak. Instrumentu gehiago irakastea bultzatuko dugu, esaterako, perkusioa. Irakasle gehiago kontratatuko ditugu, eta instrumentu gehiago erosi. Espazio aldetik arazoak ditugu, horregatik gure apustua da eskola kultur etxetik ateratzea, eraikin berri batera. Horrela, liburutegia handitu genezake. Musika banda bat sortzea ere bultzatuko dugu, gurasoek eskatu bezala.

Gero eta biztanle gehiago ditu Lasarte-Oriak. Haientzako zerbitzuak ere hobetu beharko dira.

Lasarte-Oriak 18.500 biztanle ditu oraintxe bertan, baina litekeena da laster 20.000 baino gehiago izatea. Horregatik zerbitzuak kopuru hori kontutan hartuta eskaini behar dira. Adibidez, kiroldegi berria biztanle kopuru hori aintzat hartuta eraikiko da.

Bizikidetza alorrean aurrerapausoak eman dira azken legealdietan. Bide horretan urrats gehiago egitea aurreikusten duzu?

Aurrera egin dugu, baina ez behar bezainbeste. Bizikidetza Mahai bat dago udalean, baina alderdi batzuek moteldu egin dute funtzionamendua. Giza eskubideen urraketen txostena argitaratu genuen. Behin txostena eginda, hasi beharko genuke urraketa mota guztiak aztertzen, eta biktima horiei aitortza egiten, biktima guztiak errekonozituak izan daitezen. Orain trabatuta gaude, eta arazo bat dugu. Udalbatzar berri bat osatuko dugu, eta jende berria hasiko da lanean, zinegotzi berri asko egongo dira. Espero dut hutsetik ez hasi behar izatea, eta orain arte egindakoari segida ematea. Hain zuzen, EH Bilduz ari naiz; berriak izango dira zinegotzi guztiak.

Gertutik

Liburu bat?

Patria (Fernando Aranburu).

Filme bat?

Los Otros (Alejandro Amenabar).

Zaletasun bat?

Gitarra jotzea, pintatzea eta irakurtzea.

Pertsona erreferente bat?

Nire ama.

Herriko txoko kuttuna?

Oriako Brunet parkea.