Udal hauteskundeak

Alejandro Saenz: "Ez litzateke PPk alkatea aukeratzen duen lehen aldia..."

Maitane Aldanondo 2019ko mai. 17a, 09:50

ALEJANDRO SAENZ - PPko alkategaia

Behin-behineko lanekin bateratu behar izateak zaildu egin dio jardun politikoa, baina bigarrenez alkategai eta zerrendakide da. Alderdiari atxikipena familiatik datorkio, aita zerrendako hirugarrena da. Erabakigarria izan nahi du

Izaera sozial nabaria duela dio Alejandro Saenzek (Lasarte, 1990), ahal duen heinean, beti hurkoari laguntzen saiatu dela. Boluntario lana egin du, eta alor sozio-sanitarioan dihardu arazo mental larriak dituztenekin. Lehenengoz aurkeztu aurretik udala jende gehiagori laguntzeko lekua bezala ikusten zuen. PP aukeratu zuen familia kontserbadore batekoa baita, ekonomikoki oso liberala, eta zentro-eskuinekoa.

Nolakoa izan da zure lehen legealdia?

Oso ona. Lan asko egin dut, eta are gehiago dibertitu [kar, kar]. Udalean sartzean, Lasarte-Oriako gauza asko ezagutu ditut existitzen zirenik ere ez nekiena. Elkarteak, herritarrak, enpresak… Euren beharren berri eman edo Lasarte-Oria nolakoa izatea nahiko luketen esan didate, eta oso polita da haiek gauzatzeko proposamenak egin ahal izatea.

Eta zer iritzi duzu udal gobernuaren jardunari buruz?

Ez dut alkatearen borondate ona zalantzan jartzen, pertsona ona da; baina hainbat gauzatan ez du asmatu. Lehen egunetik nabarmendu nahi izan du PSE-EEren lana, EH Bildurenarekin alderatuta. Hala igaro dituzte lau urte, iskanbilan. Ez gara bat etorri alor ekonomikoan, gardentasunean edo turismoan; Donostiaren olatua hartu behar dugu, udan Lasarte hustu egiten da. Lau izardun hotela proiektatu zuten eta azkenean bikoa izango da... Ez da Donostiako eta Usurbilgo alkateekin hitz egiteko gai izan… Borondatea eta lidergoa falta izan zaiola uste dut.

Bigarrenez alkategaia zara. Zer emaitza aurreikusten duzu?

Erabakigarriak izan nahi dugu. Duela lau urte ezohiko zerbait gertatu zen, boto erabilgarriak Euskadiko eta Gipuzkoako PP erabat txikitu zuen. Orain, abagunea erabat bestelako da, eta ikusiko dugu zer gertatzen den lehenengoz errepikatzen duen Podemosekin. Ea nola jokatzen duten hautesle horiek. Erabakigarri izatea dugu helburu, bai udal gobernuaren osaketan bai datozen lau urteetan egingo denean. Aritmetika oso apetatsua da eta ez litzateke PPk herriko alkatea aukeratzen duen lehen aldia izango... Uste dut berriro zeinegotzi izango naizela eta ea zenbat hazten garen. Ilusioz nago.

Eskuineko alderdi berriek kalterik egingo dizuete?

Ez. Hasteko, Vox eta Ciudadanos ez dira aurkeztuko. Gainera, udal hauteskundeak eta orokorrak ez dira gauza bera. Orokorretan askok alderdia bozkatzen du, eta udalekoetan, pertsona.

Eta alderdi barruko ika-mikek?

Ez. PP nazionalarekin alderatuta, irudi oso ona dugula uste dut, bereziki Gipuzkoan.

Herritarren kezka iturrietako bat enplegua da. Zer egingo zenuke hori sustatzeko?

Ezin gara konformatu herrian eta haren sarbideetan ezartzen diren multinazional handiek sortutako lanpostuekin. Apustu indartsua egin behar dugu bertako enpleguaren alde. Horretarako zergak jaitsi behar dira, eta merkataritza nahiz ostalaritza zerbitzuak mugatzen dituzten administrazio arauak kendu: ekintzaileei laguntzeko, terrazan mahai gehiago jarri edo jarduera ezberdinetako lokalak bateratu nahi dituztenei, baina arautegiak ez die uzten. Burokrazia arindu behar da, denak dinamikoagoa eta azkarragoa izan behar du; eta garrantzitsuena, udalak ez dezala oztopatu.

Michelin II edo Leroy Merlin bezalakoen aurrean, nola babestuko zenituzke herriko merkatariak?

Merkatari txikiei erraztasunak eman behar zaizkie: sentiberak izan zergekin, martxan jarri bertako kontsumoa sustatzeko programak, diru laguntzak… Alkatea eta udal gobernua ezin dira baldintza batzuen arabera baiezkoa edo ezezkoa ematera mugatu, aholkatu eta lagundu egin behar dute. Esaterako, merkatari elkarteak zerbait proposatu edo martxan jarri nahi badu, alkateak esan behar dio ez duela funtzionatuko, ez duela ezertarako balio. Biziberritzen programaz ari naiz, lokal hutsak beste nonbait dauden gauzen erakusleiho bilakatzen ditu, baina ez du jarduera ekonomikorik sortzen. Porrot bat ezkutatzeko modua da. Programa bat abiarazi beharko litzateke lokal haiek alokatzea eta egiazko jarduera sortzea errazteko.

Erraustegia aurki lanean hastekoa da. Zein da zure jarrera? Hainbat herritarren kezkarekin bat al zatoz?

Hasieratik administrazio guztietan Bizkaiko erraustegia handitzearen alde egin genuen; baina Zubietan eraikitzearekin endrokatu egin zen EAJ. Gauzak borrokatzearen aldekoak gara, baina ikusita dirutza inbertitu dutela, isuna ia gehiago dela, eta eraikuntza aurreratuta dagoela; bukatu behar zutela uste dugu. Herritarren kezka ulertzen dut, inori ez zaio gustatzen halako zerbait etxea ondoan izatea. Emozioak arintzea zaila da. Zerbaitek beldurra edo kezka eragiten badu, ez du desagerraraziko airearen kalitatea eta parametroak neurtzeko ingurumen zentro bat jartzeak. Horrek etengabe patroi positiboak eman eta inolako kexa edo zalantzarik ez eragitea da erronka.

Ingurumenari lotuta, Kotxeras berdegune bilakatu nahi duzue.

Gune berdeak falta dira, are gehiago zonalde horretan. Oraindik ere Lasarte eta Oria arteko bereizketarekin jarraitzen dugu, eta konexio faltagatik kexu dira bizilagunak. Kotxeras industriagunea zen, abandonatuta dago, eta gune beltz bilakatu da: okupekin arazoak izan dira, zaborra pilatzen da… Irudi hori aldatu eta berdegune bilakatzea positiboa litzateke. Edonola, partaidetza prozesu bat egingo dugu jendeari galdetzeko hori nahi duen edo merkataritza gune berri bat behar den Lasarte eta Oria lotzeko. Hau da, berdegunea, baina ostalaritza eta merkataritza lokalak ere badituena.

Udal azpiegiturak auzoetara zabaldu behar direla uste al duzu?

Deszentralizatu egin behar da. Lasarte asko hazten ari da Buenos Airesetik aurrera egiten ari diren etxe guztiekin, eta oriatarrek ez dute inolako eskaintzarik ez badatoz erdialdera. Oriako hainbat bizilagunek bere haserrea adierazi didate Karmengo kaperan aspaldion mezarik ematen ez dutelako. Udalean ardura politikoa badugu, Elizarekin negoziatuko dugu bertan mezarik emateko asmorik ez badute, gune hori kultur jardueretarako baliatzeko.

Ildo beretik, Lasarte-Oriako kultur baliabideak herritarren beharrei nola egokituko zenituzke?

Manuel Lekuona kultur etxearen berritze integrala dugu programan. Ez da ekipamendua eguneratzea bakarrik, baita egituraketa birpentsatzea ere. Halaber, kiroldegi berria eraikitzean, zaharraren tokian erabilera anitzeko eraikin edo pabiloi bat egokitu nahi dugu. Azokak, herri kirolak, kultur jarduerak edo elkarteek ekimenak egiteko balioko duena. Musika eskola ere bertan jarriko genuke.

Elkarteak aipatu berri dituzu. Sare zabala eta anitza du Lasarte-Oriak. Zer nolako harremana izan behar du udalak elkarteekin?

Elkarteak dira herri honetatik gehien gustatzen eta balioesten dudan gauzetako bat. Asko daude eta eskaintza zabala antolatzen dute; eta oso polita da, bakoitzak bere ekimenak egiteaz gain, batak bestearekin ere asko gauzatzen baitituzte. Udalak hori sustatu eta indartu behar du, eta bereziki, egiten utzi. Zerbait proposatzen badute, aukera eman, ez oztopatu. Lan handia egin dut elkarteekin, Eusko Jaurlaritzaren 96.000 euro lortu genizkien jarduerak egiteko.

Euskara ikasten ari zara.

Bigarren profila dut, belarriprest naiz. Lasarteko AEKn ikasten dut eta ondo daramat.

Zer deritzozu herrian egindako normalizazio prozesuari?

Positiboa da. Euskara elkargune bat da; Euskadi, Gipuzkoa eta Lasarteko bi hizkuntzetako bat. Baina, esan bezala, topagunea izatea nahiko nuke. Gehituko duen zerbait, inolaz ere ez oztopoa, pertsonak bereizi edo haserrea eragitea. Zerbait polita eta zaindu beharrekoa da.

Kaporalen euskara profil eskakizuna jaistea babestu zenuten, ordea.

Bai. Udalerriaren errealitate soziolinguistikoari erreparatu behar zaiola uste dut. Lasarte Michelin bezalako enpresen inguruan hazi zen, Galizia, Extremadura, Andaluzia edo Errioxatik etorritako jendearekin. Ezin dugu pentsatu etorkizunean, txikitatik euskara ikasten duen jende gaztearengan. Bada adin tarte zabal bateko jendea euskara ez dakiena, ikasten ari dena, baina 3. profila ez duena eta izatea oso zail duena. Gure jarrera hau da: egun, ez; hemendik belaunaldi batera edo bira, bai, errealitate soziolinguistikoa beste bat izango baita.

Aspaldiko eskakizuna den kiroldegia gauzatuko dela dirudi. Zer azpiegitura behar ikusten dituzue?

Michelinen kiroldegia egin nahi dugu, noski. Baita negoziazio serio bat izan ere Usurbilgo alkatearekin, Atsobakarreko pistek harmailak izan ditzaten. Berritasun gisa, Oria ibaiaren ibilguan esku hartu nahi dugu piraguismoa egin ahal izateko, estilo librean eta slalomean. Gipuzkoako Piraguismo Federazioarekin lantzen aritu gara, eta 20.000 euro lortu genituen bideragarritasun ikerketa egiteko. Lurraldeko, erkidegoko eta nazioko federatu lehiaketa garrantzitsuak ekartzeko aukera izango genuke; ikastetxeetako ikasleek erabiltzea izango lukete, ekintzaileek negozio ideiak pentsa ditzakete… Asko gustatzen zaigu proposamena. Gainera, olinpiar piraguista bat dugu herrian!

Bizikidetza Mahaian falta den bakarra zara. Zergatik?

Oso gaizki pasatzen nuelako. Aitona ETAk erail zuen eta ez nentorren bat entzuten nuenarekin, gogorra egiten zitzaidan han egotea. Uste dut gaizki bideratuta dagoela, nahita edo nahi gabe eduki politikoz eta sinbologiaz hustu egin ditu terrorismoaren biktimak. Elkarbizitza beharrezkoa da, baina ezin zaituzte bizikide izatera behartu.

Zer da gaizki dagoena?

Ezin dira gauzak egin zer lortu nahi den jakin gabe. Mahaia moderatzen duen Baketik Fundazioko pertsonarekin azkena hitz egin nuenean, esan zidan edonolako biktimekin elkartuko zirela, baina ez zekien hori zertan gorpuztuko zuten. Ez zait bizikidetza lantzeko modu positiboa iruditzen, ez diot erabilgarritasunik ikusten. Kontakizuna borrokatu behar dugu eta mahai horretan hori ez beste edozer egiten da. Urte batean Terrorismoaren Biktimen Eguna errespetatu zuten, baina hurrengoan, desitxuratu, eta Memoriaren Eguna izatera pasatu zen. Egun hori beraientzat gorde behar zela uste dut, eta noski, beste egun batean aitor ditzakegu frankismoaren biktimak, GALenak, poliziak torturatuak…

Zein litzateke bidea, orduan?

Beste modu batean omenduko nituzke biktimak. Nik onartu ditut eskubide urraketak, edonolako indarkeria negatiboa dela, ezin dela ontzat hartu… Nola ez ba! Dena aitor dezagun, baina errespetatuta bakoitzaren sinbologia eta esanahia. Hemen gertatu zenaren egiazko sinbologia ez dira zaintzen ari, galtzen ari da, eta hori ezin da. Ez diogu ez egiteko, ez nahasteko baizik. Mozio bat aurkeztu dudanetan beti ezezkoa eman didate, eta ez dakit zergatik.

Udalbatzarra beharrean, Bizikidetza Mahaia delako horretarako foroa.

Udal baten erabaki organo gorena udalbatzarra da, eta jarduera demokratikoan edozein alderdik aurkez dezake egoki deritzona. Ez dut ulertzen aitortza bat atzera botatzea prozedura akatsa argudiatuta. Udalbatzarrak Mahaiak baino zilegitasun gehiago duela uste dut. Mahaia ateak itxita da, inork ez du ikusten. Zer arazo dago jendaurrean egiteko? Zer beldur dute? Zer konplexu edo lotsa? Ez dut ulertzen. Ez du ezer negatiborik.

Gertutik

Liburu bat?

Patria (Fernando Aranburu).

Film bat?

Gladiator (Ridley Scott).

Zaletasun bat?

Kirola. Atletismoa asko gustatzen zait. 6 eta 16 urte artean LOKEn aritu nintzen, Espainiako txapelketetan parte hartu nuen.

Pertsona erreferente bat?

Borja Semper.

Herriko txoko kuttun bat?

Brunet parkea, bake handia ematen dit.