Hauteskundeak oso presente maiatzeko udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 17a, 09:30

Ekainaren hasieran egingo dute legealdiko azken udalbatzarra. Ekainaren 15ean osatuko da batzar berria

Hauteskunde kutsua hartu du aste honetako udalbatzarrak, legealdi honetako azken bigarrenak. Plenoa ekainaren 15ean osatu aurretik, beste bat egingo dute hurrengo hilaren hasieran.

Oria-Gaineko eremuko lursailean alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko mozioa aurkeztu du PSE-EEk, baina udalbatzarraren gehiengoak erabaki du mahai gainean uztea, ekainean osatuko den udalbatzar berriak onar dezan. EAJren proposamenez atzeratu dute gaia: "Ez zaigu egokia iruditzen hauteskundeak baino bi aste lehenago horrelako proiektu bat onartzea", azaldu du Jon Antxordoki EAJko bozeramaileak.

Kontu-hartzailearen erreparo txostenen kontu ematearen ondoren, EH Bilduren mozioa eztabaidatu dute. Gazteen autonomia eta emantzipaziorako laguntza lerroak ez dira aurrera atera, ADLOP eta EAJ abstenitu baitira. Horren ordez, PSE-EEren mozioa onartu dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzen aldekoa.