Udaltop, elkarlana eta gobernantza eredu berriak aztertzen

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 16a, 10:57
Udaltop jardunaldiak martxan dira.

Udaltopen hamaikagarren edizioari hasiera eman zaio gaur goizean, Manuel Lekuona kultur etxean. Aurten erakunde eta elkarteen arteko elkarlana eta gobernantza eredu berriak aztertuko dituzte

Hamaikagarrenez, euskara politikaren ildoan zehaztuko dira Lasarte-Orian. Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa hasi da Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera... Ados? izenburupean. Gaur eta bihar, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Beherako 220 bat euskara teknikari, arduradun politiko, irakasle, hizlari eta beste hainbat esparruetako langile bilduko dira Manuel Lekuona kultur etxean. Jardunaldietan elkarlan eta gobernantza eredu berriak oinarri dituzten hamaika hitzaldi eta tailer izango dira. Euskaraldiari buruz hitz egiteko tartea ere izango da. 

Aurtengo jardunaldiak gainera sendotuta datoz. Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia batu dira Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak osatzen zuten Udaltopeko antolamendu batzordera. Guztion elkarlanaren fruitu da hamaikagarren edizio honetako egitaraua.

Gaur goizean eman diote hasiera Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Mikel Arregik, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak, Beñat Arrabitek, Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikako arduradunak, Igone Martinez de Lunak, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatuak, Lorea Bilbaok, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako diputatuak, Jesus Zaballosek, Lasarte-Oriako alkateak, eta Jon Antxordokik, Lasarte-Oriako Udaleko euskara batzordeko lehendakariak.

Jardunaldiei hasiera emateko, Euskal Herriko euskara zerbitzuen lehen fitxategia aurkeztu dute. Mapan zehar bidaiatuz udalerrietan geldialdia egin eta herri bakoitzeko euskara zerbitzuen datuak eskuratu daitezke. Momentuz, www.udaltop.eus webgunean egongo da ikusgai fitxategia.