"Ongi prestatu dugu maiatzaren 26ko partida; irabaztera goaz". Lasarte-Oriako alkategai Jon Martinen hitzak dira. EH Bilduk atzo arratsaldean aurkeztu zuen udal, foru eta Europako bozetako programa, Okendo plazan. Gipuzkoako Foru Aldundiko hautagai Juan Karlos Izagirre eta Eusko Legebiltzarreko parlamentari Maddalen Iriarte ere aritu ziren. Herritar ugari gerturatu ziren alderdi abertzalearen proposamenak entzutera. Hiru hautagaiak aurkezteko modu orijinala erabili zuten antolatzaileek: Estitxu Garmendiak ─laugarren doa Lasarte-Oriako zerrendetan─ eta Mailu Arrutik esketx labur bana egin zuten hizlari bakoitzeko.
Apirilaren 28ko hauteskunde orokorretako emaitza onek hauspotuta, "irabaztera eta Gipuzkoa gobernatzera" datorren "olatua" da EH Bildu, atzoko hizlarien arabera. Lasarteoriatarren bozkak eskatu zituzten hiruek: "Hautagai onenak ditugu; denak dira garrantzitsu, aurreneko lerroan daudenak eta baita azkenekoan daudenak ere".
Jon Martinek adierazi zuen herriaren etorkizuna "jokoan" dagoela, eta lasarteoriatarrek "bi kudeaketa eredu" dituztela aukeratzeko. PSE-EEk eta EAJk azken lau urteetan sortu dutena da horietako bat: "Nahi dute Lasarte-Oria izatea Donostiaren aldiri bat, bertan tokirik ez duten proiektuak hona ekarrita: erraustegia, makrokartzela... Negozioa jartzen dute pertsonen gainetik". EH Bilduk datorren legealdian erabat irauli nahi du hori, alkategaiak nabarmendu zuenez. "Pertsonak erdigunean jarriko dituen proiektua egin dugu: parekidetasuna eta parte-hartzea sustatuko dituena, aniztasuna ikusaraziko duena, euskara bultzatuko duena eta herria alkate egingo duena".
Politika sozialak eta independentzia
Juan Karlos Izagirreren hitzaldiak politika sozialak izan zituen ardatz. Zahar etxeetako zaintzaileak izan zituen gogoan; 5.000 inguru ari dira borrokan euren lan baldintzak hobetzeko asmoz. Horietatik zenbait Lasarte-Oriakoak dira. "Pertsonak jarriko ditugu erdigunean, politika sozialak duintzeko". Erraustegia beharrezkoa ez dela adierazi zuen, eta feminismoaren garrantzia goraipatu. Argi du EH Bildu Gipuzkoa gobernatzera iritsi daitekeela: "Irabazteko egindako proiektua da gurea".
Legebiltzarreko parlamentari Maddalen Iriartek itxi zuen hitzaldi-sorta. Genero berdintasuna izan zuen hizpide, eta Euskal Herriaren independentzia ere bai. "Independentzia diogu hemen, Madrilen eta Bruselan, herria denekin eta denentzat egin nahi dugulako". Zerga bilketa sistema aldatu egin behar dela azpimarratu zuen: "Iazko eta aurtengo errekaudazio kopuruak antzekoak dira;, baina ez gehien daukatenei gehiago kentzen zaielako, langileei gehiago kentzen zaielako baizik".
Okendora hurbildu ziren ikus-entzuleekin batera, hautagaiek argazki erraldoia atera zuten plazan bertan.