Udaberriko Kopa irabazi du Eguzki Balerdi Harategiak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 15a, 11:04
Eguzki Balerdi Harategia, titulua ospatzen. Argazkia: Eguzki Areto Futbola.

Eguzki Areto Futbola lan ederra egiten ari da harrobiarekin. Kadete kategoriako taldeak, Balerdi Harategiak, Udaberriko Kopa altxa du Donostiako Gaska kiroldegian, Zarautzi 2-3 irabazita. Denboraldia ezin hobeto bukatu dute Gorka Redondo eta Edu Menaren mutilek

Eguzki Balerdi Harategia da kadete mailako Udaberriko Kopako txapelduna. Merezimendu osoz, gainera. 2-3 irabazi zion Zarautzi pasa den asteburuan, Donostiako Gaska kiroldegian. Gorka Redondok eta Edu Menak zuzendutako taldea ez zen faborito, zarauztarrek irabazi dutelako liga erregularra aurten. Finaletan, ordea, faborito izateak ez du askorako balio. Partida horretan gertatutakoa da adibide on bat.

Ezin hobeto ekin zioten neurketari lasarteoriatarrek. Ibai Angianok sartu zuen goizeko lehenengo gola, 10. minutuan, penaltiz. Lehenengo gola ospatzen bukatu zutenean sartu zuen bigarrena Oiher Perezek, kontraeraso azkar bat sareetara bidaliz. 15 minutu zeramatzaten jokatuta, eta 0-2 zihoazen irabazten. Ametsik gozoenetan ere ez zuten imajinatuko. Pozak ez zien asko iraun, ordea: hurrengo minutuan gerturatu zen markagailuan Zarautz. Eguzki Balerdi Harategiak sufritu egingo zuela zirudien, baina kolpea bueltatu zioten kostako taldeari, aurreneko zatia bukatu baino lehen 1-3koa sartuta. Mikel Montero izan zen golegilea.

Bigarren zatian ongi defendatu zuen emaitza talde berde-horiak, baina horrek ez du esan nahi sufritu ez zutenik. Finala bukatzeko minutu gutxi falta zirela, gatza eta piperra bota zion partidari Zarautzek, 2-3koa sartuta. Zorionez, markagailua ez zen gehiago mugitu eta merezitako garaipena gogotik ospatu zuen Eguzki Balerdi Harategiak.