Urtaroaren erdian Udaberri Festa dakar Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 14a, 11:20

Adin guztietakoei bideratutako ekimen ugarik beteko dute ostiral arratsaldea. Larunbatean, txu txu trena eta eskaintzak izango dira herriko zenbait dendatan. 

Ohitura bilakatu bezala, ostiralean Udaberrifesta ospatuko du Aterpea merkatari eta ostalari elkarteak. 

Ostiral arratsaldean hasiko dute jarduera sorta. Jaizkibel plazan, zumba eta jumping emanaldia. Horrez gain, eskaintza bereziak izango dira hainbat saltokitan: Deco 75 Textil Hogar, Ferreteria Sukoa, Alba Moda, Mabel Moda, Imagine Jantzi Denda, Aritza mertzeria, Olmi mertzeria, Urruzola mertzeria, Zapateria Iturbe, Ana gizonezkoen ileapaindegia, Marbell ileapaindegia, Naturhouse eta Ines Flores artisautza.   

Haurrentzako jarduerak:

Arratsaldea puzgarrietan saltoka igarotzeko aukera izango dute txikienek Oriamendi, Juan XXIII eta Zumaburu Eliza plazetan, 17:30etik 20:30era artean. Euria egiten badu, Loidibarren frontoian jarriko dituzte.

Oinak beharrean, eskuak erabilita ondo pasatu nahi dutenentzat ere tailerrak prestatu dituzte herriko lau saltokitan. 

  • Ormazabal loredenda: Landatu zure landarea. Kale Nagusia 33, 17:00etatik 19:00etara.
  • Ola Enmarkazioak: Mural bat egin. Ola kalea 4, 17:00etatik 19:30era.
  • Olmi mertzeria: Haurrentzako kakorratz-lan eta puntuko tailerra. Kale Nagusia 46, 17:00etatik 20:00etara.
  • Dulce tentación: Paperezko loreak egiten ikasi eta Udaberriko murala. Jaizkibel plaza 4, 18:00etatik 19:30era. 

Larunbatean, berriz, txu-txu trenean herriko kaleetan barrena joateko aukera izango da, goizez nahiz arratsaldez. Okendo plazan geldialdia egingo du ibilgailuak. 

Halaber, ostirala arte ikusgai daude marrazki lehiaketan parte hartu dutenen ekarpenak.

Hitzarmena eta omenaldia

Bestaldea, Aterpeak eta udalak urteko hitzarmena sinatu zuten ostiralean. Aurten 25.000€-ko laguntza jasoko ditu merkatari eta ostalari elkarteak. Gainera, San Pedro jaietako parte hartze prozesua amaituta, iaz 25 urte bete zituen elkartea omentzea erabaki dute. Beraz, eurek piztuko dute jaien suziria.