Errebantxa, larunbatean Donostian

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 13a, 19:18
Ostadar SKTko jokalari Haizea del Olmo, aurkariz inguratuta, errebotea hartu nahian.

Gutxigatik ihes egin die joaneko partidak, 55-60, baina ez kanporaketak. Oraindik ez, behintzat. Bost puntuko desabantaila irauli beharko du Ostadar SKTk, Gipuzkoako finala jokatu nahi badu. Larunbatean neurtuko ditu indarrak Antigua Luberrirekin berriro, Benta Berri kiroldegian, 18:00etan

Hatz mamiekin ukitu zuen garaipena Ostadar SKTk. Mihi puntarekin dastatu. Ihes egin zion ordea, beste behin. Antigua Luberrik hobeto kudeatu zituen azkeneko minutu eta segundoak, eta bost puntuko abantaila darama Gipuzkoako finalerdietako itzuliko neurketara: 55-60. Urdin-beltzek larunbat honetan jokatuko dute errebantxa, Benta Berri kiroldegian, arratsaldeko seietatik aurrera. Denboraldi honetan oraindik ez diote irabazi donostiarrari, baina pasa den asteburuan bezala jokatuz gero, aukera edukiko dute.

Antigua Luberri bezalako puntako taldeei irabazi ahal izateko, edo gutxienez partida osoan estu hartzeko, argi zuten Ostadarreko jokalariek euren onena eman behar zutela. Erasoan eta defentsan. Eta egin zuten. Donostiarrek erosoago jokatzen dute erritmoa motela bada, eta jabetzak luzeak. Ongi indargabetu zuen hori Ander Otaegik zuzendutako taldeak: aurkarien saskira hurbiltzeko bizkor mugitu zuten baloia eta jaurtiketa ahalik eta erosoenak bilatu; eurena babesteko, hortzak estutu eta zentimetro bakar bat ere ez oparitu kantxan. Atsedenaldira berdinketarekin joan ziren: 31-31. Dena erabakitzeke zegoen.

Katua eta sagua bezala

Bi animalia horien antzera aritu ziren Ostadar SKT eta Antigua Luberri bigarren zatian. Etxeko taldea izan zen katua: beti atzetik markagailuan, baina atzaparrak zorroztuta eta harrapakina atzemateko irrikitan. Kanpoko taldea izan zen sagua: beti aurretik markagailuan, iheskor eta ehiztaria behin betiko atzean uzteko desiatzen. Minutuak pasa ahala aldatu egiten zen gidoia, behin eta berriro. Sei-zortzi puntuko aldea donostiarrentzat aurrena, bat-bikoa gero, lau, bost, hiru... Bien bitartean, lepo zeuden harmailak. Urdin-beltzek egindako denboraldi bikainak gero eta zale gehiago erakarri ditu Maialen Chourraut kiroldegira. Ez da harritzekoa: larunbatekoa bezalako norgehiagokek sendotzen dute kirol batekiko zaletasuna.

Jokalari beterano ugariz osatutako taldea edukitzeak abantailak ditu. Esate baterako, zailagoa da norgehiagokaren une beroenetan urduri jartzea eta erabaki txarrak hartzea jokatu bitartean. Hori gertatu zen larunbatean. Ostadar SKTk jokalari gazteak ditu. Fisikoki bizkorragoak dira, indartsuagoak ere bai askotan, baina uneoro intentsitate oso altuarekin jokatzen dutenez, batzuetan ez dituzte jokaldiak behar bezala hozten, ez dituzte bihotz taupadak apur bat baretzen. Jaurtiketa libreetan ere ez ziren ohi bezain fin aritu. Horrela zaila da Antigua Luberriri irabaztea. Oso gertu geratu ziren, hala ere.

Esku-eskura izan zuten sagua harrapatzea laugarren laurdenean, Laura Gutierrezek sartutako hiruko jaurtiketa baten ostean. 51-54 eta pare bat minutu aurretik. Harmailak, sutan. Ezin izan zuten balentria egin, ordea. Lauzpabost eraso harraskatik behera bota zituzten urdin-beltzek. Baloi inportanteak galdu zituzten, eta kontraerasoan ez zuen barkatu Antigua Luberrik. Dena dela, azkenean puntu desabantaila ez zen horrenbestekoa izan, beste hiruko bat sartu eta azkeneko jabetzan baloia lapurtu eta jaurtiketa libre bat sartu zutelako. Larunbatean egindako gauza onak errepikatuta, eta hain ongi ez egindakoak murriztuta, asko edukiko dute esateko Ander Otaegirenek. Potoloa da saria, sagu bat harrapatzea baino askoz ere tentagarriagoa: Gipuzkoako final handia jokatzea.

Erlazionatuak