Kirol elkartasun maratoia izango da larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 13a, 13:05
Elkartasun maratoia antolatzaile eta laguntzaileak aurkezpenean.

Larunbat goizean, kirol elkartasun maratoia antolatu dute Loidi Barren pilotalekuan. Saito gimnasioak udalaren eta hainbat merkatarien laguntzaz antolatutako maratoiak garun-paralisia duen haur baten familiari laguntzea du helburu

Goizeko 10:00etan hasi eta  bi ordu eta erdiz, kirol elkartasun maratoia izango da larunbatean, Loidi Barrenen. Patricia Martin Saito gimnasioko kideak eskaini ditu maratoiaren nondik norakoak.

Laguntza gabezia baten ondorioz jaio da ideia. “Kafe bat hartzen eman zidaten arazoaren berri. Erakunde publikoek garun-paralisia duen semearen beharrak asetzeko erosi behar diren aulki edo gailuak finantzatzeko diru laguntzak urriak ematen dituzte. 6.000 euro balio duen aulki batetik 2.500 finantzatzen dute. Beste guztia familiek jarri behar dute eta horri bestelako tratamenduak etab. gehitu behar zaizkie,” azaldu du Patricia Martin Saito gimnasioko kideak.

Hori dela eta, familia horri laguntzeko dirua batzeko elkartasun maratoia antolatu dute. Pilates, zumba eta jumping saioak eskainiko dira Loidi Barren pilotalekuan egingo den jardunaldian. Kangoo erakustaldia ere izango dela aurreratu du.

Sarrerak salgai daude Saito gimnasioan, Marbell ileapaindegian, Also tabernan eta Buenetxea tabernan. Aurrez erosita, helduek 10 euro ordaindu behar dituzte, haurrek 5 euro. Egunean bertan ere aukera izango da hauek erosteko, bi euro gehiagotan. Bestalde, pilotalekuan eltzeitsuak ere izango dira, “jendeak nahi duena eman dezan”.

Antolatzaileek herritarrak gonbidatzen dituzte elkartasun maratoian parte hartzera.