Kopa irabazi du Realak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 12a, 13:31
Kopa irabazi du Realak, historian aurrenekoz. Argazkia: Real Sociedad.

Txapeldun da Reala, 32 urte eta gero. Atletico Madrili 1-2 irabazi, eta Kopa altxa dute Granadan, 1.500 realzale ingururen aurrean. Emakumeen taldeak irabazten duen lehenengo titulua da. Iraia Iparragirre herritarrak partida osoa jokatu du

Balentria ederra egin du Realak. Klub txuri-urdinaren historiako kapitulu zoragarri bat idatzi zuen emakumeen taldeak atzo iluntzean, Granadako Los Carmenes zelaian. Oso faborito zen Atletico Madril neurketa hasi aurretik, baina futboleko topikoek dioten bezala, ezer ospatu aurretik jokatu egin behar izaten da partida. Kiana Palacios eta Nahikari Garciaren golei esker, 1-2 nagusitu ziren gipuzkoarrak, eta euren palmaresa estreinatu zuten. Añorga izan zen Kopa irabazi zuen azken euskal taldea, duela 26 urte. Realak denbora gehiago zeraman garaikurrik altxa gabe: 1987an irabazi zuten titulu hori gizonek.

Lepo zegoen estadioa. 18.000 ikusle. Horietatik 1.500 inguru, realzaleak. Lasarte-Oriakoak batzuk. Txuri-urdinen jarraitzaile izateaz gain, Iraia Iparragirreren jarraitzaile ere badira. Poz ederra hartu zuten herritarra hasierako hamaikakoan ikusi zutenean. Eskuin hegalean aritu zen, defentsan. Partida osoa jokatu zuen, eta lan bikaina egin. Ez du berehalakoan ahaztuko atzoko gaua Iraiak. Zaleek ere ez.

Atletico Madril sekulako taldea da. Iberdrola Ligako indartsuena, Bartzelonarekin batera. Hiru liga irabazi ditu segidan. Kopa ere zakuratu nahi zuen atzo, baina aurreikuspen guztien kontrara, esku-hutsik bueltatu zen Madrilera. Partida hobeto hasi zuten, eta markagailuan aurreratu ere bai, Esther Gonzalez aurrelariaren golari esker. Duela astebete hiru sartu zituen Zubietan. Atzo, bakarra. Realak, Mariasun Quiñones atezainak batez ere, ez zien utzi gol gehiago ospatzen.

Hasierako kolpeari buelta eman eta gero, txuri-urdinen minutu onenak etorri ziren. Baloia kendu zieten madrildarrei, eta bizkor mugitu zuten, Lola Gallardoren ate ingurura arriskuaren iritsiz, azkeneko metroetan erabaki oso onak hartu ez bazituzten ere. Nola diren gauzak: itxuraz arrisku gutxien zeukan abagunean sartu zuen Realak berdinketaren gola. Areatik gertu jaso zuen baloia Kiana Palacios aurrelariak, eta zertxobait urruti bazegoen ere, ez zuen bi aldiz pentsatu eta jaurtitzea erabaki zuen. Gallardok erraz geratuko zela zirudienean, baloiak ihes egin zion, eta hanka artetik sartu. Zoramena zelaian. Zoramena gipuzkoarren aulkian. Eta zoramena harmailetan.

Ametsa, errealitate

Oso faborito zarenean, eta uste duzunean zuk idatziko duzula partidaren gidoia, ustekabeek sekulako mina egiten dizute. Hori gertatu zitzaion Atletico Madrili bigarren zatian. Urduritzen hasi zen, ikusten zuelako uste baino askoz komeria gehiago edukiko zituela partida irabazi eta Kopa altxatzeko. Realak ezin hobeto baliatu zuen aukera. Ezin zuen beste batek izan: Nahikari Garcia aurrelaria, taldeko izarra, arduratu zen markagailua eta neurketa hankaz gora jartzeaz, Leire Bañosek arean utzitako baloia sareetara bidaltzean. 1-2, eta hogei minutu aurretik.

Gonzalo Arconada entrenatzaileak erabaki zuen defenditzea zela titulua zakuratzeko estrategia onena. Eta ongi atera zitzaion. Hortzak estu-estu eginda jokatu zuten txuri-urdinek, madrildarrei abagune gutxi sortzen utziz. Eta sortutakoak ez zituzten gol bilakatu, Mariasunen lanari esker. Sekulako norgehiagoka jokatu zuen hondarribiarrak, mota guztietako geldiketak eginez. Merezita sartuko da Munduko Txapelketa jokatzeko zerrendan. Espainiako selekzioko titularra Lola Gallardo da, atzoko aurkariaren atezaina.

Epaileak partida bukatu zela adieraztean, errealitate bihurtu zen ametsa. Euren historiako aurreneko titulua irabazi zuten emakumeek, eta merezi bezala ospatu zuten. Zelaian aurrena, zaleekin batera, eta aldagelan gero, xanpain eta guzti. Ez da gutxiagorako. Duela minutu batzuk iritsi dira Donostiara, Kopa eskuetan. Sandra Ramajo kapitainak zeraman. 11 urte eta gero, taldea utziko du atzelari irundarrak. Eta nola utzi gainera. 

Arratsaldean zaleen eta gizonen taldearen esker ona jasoko dute, Anoetan. Datozen egunetan Gipuzkoa osoan zehar ibiliko dira atzo gauean irabazitako titulua erakusten. Komeni azkena izango balitz ospatzea, badaezpada ere, Reala ez delako urtero bitrinak betetzen dituen horietakoa. Talde honekin, hala ere, edozer da posible, Granadan erakutsi bezala.