Birziklatu, erraustegia gelditzeko

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 12a, 11:23
Ehunka herritar manifestatu ziren atzo arratsaldean errausketaren aurka.

Ehunka herritar atera dira kalera beste behin, errausketaren aurka egin eta hondakinak kudeatzeko alternatiba hobeak daudela aldarrikatzera. 'Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez!' lelopean, salatu dute Lasarte-Oriak ez dituela behar bezain ongi hondakinak gaika biltzen. "Gipuzkoako birziklapenaren azken bagoian goaz"

Datuek esaten dute Lasarte-Oriak hondakinen erdia baino gutxiago –%46– biltzen dituela, eta herritar bakoitzak 228 kilo errefus sortzen dituela urtean. Aire Garbia plataforma arduratuta dago horrekin, eta nabarmentzen du herria Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren "azken bagoian" doala, Irunekin –306 kilo errefus sortzen ditu urtean herritar bakoitzak eta hondakinen %53 biltzen ditu gaika–, Donostiarekin –275 kilo eta %40–, Hondarribiarekin –278 kilo eta %53– eta Mendarorekin –286 kilo eta %45– batera. Bost herri horiek "beharrezko" dute erraustegia, "gaizki" kudeatzen dutelako zaborra. Ermuak, Mallabiak eta Eibarrek ere bai. Kontrara, beste 32 herrik hondakinen %70 biltzen dituzte gaika, eta urtean 100 kilo errefus baino gutxiago sortzen dituzte 53k. Probintzia guztiak kudeaketa hori egingo balu, 80.000 tona errefus sortuko lituzke urtean. "Zertarako beharko genuke 200.000 tona tratatzeko diseinatuta dagoen azpiegitura bat?", hausnartzen dute Aire Garbiakoek. 

Lasarte-Oriaren kopuru eskasak salatze aldera, eta aldarrikatzeko hondakinak erraustea baino alternatiba hobeak daudela, manifestaziora deitu zuen plataforma horrek atzo arratsaldean. GuraSOS elkarteak –asteon hiru urte bete dira sortu zenetik– eta errausketaren aurka lanean ari diren hainbat eragilek bat egin zuten elkarretaratzearekin. Ehunka pertsonak egin zuten egin zuten protesta. Ibilbidea, honako hau: Okendo plazatik hasi; Kale Nagusia zeharkatu; Lasarte-Oriako Osasun Etxea eta Elizatze plaza pasa; Tajamarreko biribilgunean buelta eman; Geltoki kaletik igaro; eta Okendon bukatu. Tomax Arruti eta Pontxo Moralesen txalaparta doinuek egin zieten harrera manifestariei. Gazte talde batek 2011n Zubietan egindako flashmob jendetsua ekarri zuen gogora gero.

Herritarren osasuna, "arriskuan"

Atzoko ekitaldia amaitu aurretik, Aire Garbiako kideek testu bat irakurri zuten. Ohartarazi zuten "arriskuan" jarri nahi dutela herritarren osasuna "erraustegia bultzatzen duten alderdiek", EAJk eta PSEk: "Mundu osoko erraustegietan egiten diren ikerketak bat datoz: minbizia izateko arriskua handiagoa da azpiegitura horien inguruan; arnas aparatuko gaitzak eta ugaltzeko arazoak ere ugaritu egiten dira". Zubietan eraiki duten errauste plantaren isurkinak "urtean bitan" ikertu nahi dituztela adierazi zuten. "Metal pisutsuak eta toxikoak ezin dira ongi neurtu horrela". 

Aire Garbiak uste du posible dela azpiegitura hori gelditzea. Horretarako, "funtsezkoa" da gaikako bilketa portzentajeak handitzea, eta hondakinak eraginkor kudeatzea, birziklatuz. Norbanakoei eragin, helburu kolektiboa betetzeko. "Lehenbailehen bukatu behar dugu zentzugabekeria honekin".

Erlazionatuak