Ostadar Ipar martxa: "Kirola, turismoa eta harremanak uztartu ditugu"

Nerea Eizagirre 2019ko mai. 10a, 10:30
Ostadar Ipar martxako kideak Besalu zubian. Erdi Aroko herrixka ezagutu zuten San Jordi egunean. Arg.: Ostadar Ipar martxa

Girona aldean izan dira Ostadar Ipar Martxa taldeko kideak Pazko Astean. Ez dute atsedenik izan. Bueltan ere izan dute egitekorik, Otsagabiko lagunak izan dira asteburu honetan Lasarte-Orian. Esate baterako, Azkorteko erromeriara igo ziren

Ostadar Ipar Martxako taldea Menorkan izan zen iaz, eta taldea ederki moldatu zenez, berriro ere esperientzia errepikatu nahi izan du. Aurten Gironan izan dira taldeko hemertzi kide Pazko Astean; apirilaren 22tik 28ra egin dute bidaia eta haien itxaropenak gainditu dituela jakitera eman dute Rosa Ormazabal eta Junkal Perez taldeko kideek.

"Bidaia mundiala izan da, oso konpletoa. Ipar martxa eta turismoa egin ditugu bertako gidekin, gastronomia ere dastatu dugu… Talde polita joan gara. Oso ondo moldatu gara eta umorea ere ez dugu falta," adierazi du Perezek.

Cristina Borras Gironako ipar martxako kideen eskuetan jarri ziren bidaia antolatzeko. "Gironako irakaslea, Cristina, ezaguna dut ikastaro ezberdinetatik. Hark asko bidaiatzen du, Estatuan zein nazioartean ikastaroak ematen ditu eta ibilbide ugari egin ditu. Menorkarako bidaiarako gomendioak hark eman zizkigun, esate baterako. Gironara joatera gonbidatu gintuen duela bi urte. 'Gu joan eta zuek etorri' esan zuen, eta animatu gara," azaldu du Ormazabalek.

Bidaia antolatzean zalantzak izan zituztela onartu du Ormazabalek."Iaz Menorkan gu bakarrik ibili ginen oso ondo eta oraingoan gidekin egingo genuen guztia".

Azkenean ideia paregabea eta oso aberasgarria izan zela onartu dute biek. "Cristina eta David Camara izan dira gure gidak. Haiek gabe ezinezkoa izango litzateke ibilbideak egitea, ez baitago bidea markatuta. Gainera, oso jatorrak, oso gertukoak, izan dira biak. Lagunen arteko gauza izan da".

"Davidek ipar martxa egiten du, baina bera turismo gida da. Historia oso gustuko du. Menorkan ez genuen horrelakorik, bertako historia edo ezagutu dezakezu, baina ez da berdin. Igandean, esate baterako, Gironan buelta bat eman genuen eta hark denetarik kontatu zigun, bainu turkiarrak..." gehitu du Perezek.

"Gauza oso interesgarriak irakatsi dizkigu, irakasleek erakusteko modukoak. Billeteetan estilo arkitektoniko guztien erakusleak daudela, 5ekoan klasikoa, 10ekoan erromanikoa, 20koan gotikoa… Mendian galduta bazaude ere, ermita bat aurkitzean nola orientatu erakutsi zigun. Sarrera mendebaldean eta aldarea ekialdean egoten ohi dira", gehitu du gainera Ormazabalek.

Ibilbideak eta buelta

Kirola, turismoa eta harremanak horiek izan dira bidaia honetako ardatzak.

Ipar martxari dagokionez, egunero 13 bat kilometro egin dituzte Gironako naturaz gozatuz.

Lehen egunean, Banyoles lakuaren inguruan ibilbidea egin zuten. Bigarrenean, Penintsulako krater handienetik ibilbide "politaz"·gozatu zuten. Ostegunean, Vall de Sant Daniel eta Girona inguruak ezagutu zituzten. "Hemengo Santa Barbara antzeko mendixka bat da, altuagoa," esan du Perezek. Azken egunean, kostan izan ziren Palamos aldean. Hondartza, senadi eta basoetan zehar egin zuten buelta. "Bertan La Barraca d'en Dali etxetxoa aurkitu genuen", adierazi dute.

Azken egun horretan gainera, ikastaro berezi bat jaso zuten. "Ipar martxan eskola ugari daude.Gurea alfa metodoa da. Honetan, hiru maila daude, gu lehenengoan gaude eta Cristina maila gorenean dago. Cristinak Marko Kantaneva Finlandiako eskolako originalaren sortzailea oso ezaguna du eta alfa eta original, biak fusionatzen ditu. Han ginela ikastaro azkar bat emateko eskatu genion eta berak baiezkoa eman zigun. Itsas ertzean egin genuen eta oso aberasgarria izan zen guztientzat. Gauza berriak erakusteko oso ongi etorri zaigu," azaldu du Ormazabalek.

Eguraldiarekin ere zortea izan dutela aipatu dute. "Lehen eguna kenduta, eguraldi ona izan dugu. Asko baldintzatzen du horrek, ezin ditugu hainbeste kilometroko ibilaldiak egin eguraldi txarra eginez gero. Eta kostaldera joan ginenean zerua garbi zegoen urdin-urdina, oso polita izan zen".

Makilak alde batera utzi dituzte tarteka turismoa egiteko. Besalu eta Girona hiriburua ezagutu dituzte eta bertako gastronomia ere dastatu dute. "Banyolesen lakuan bertan zegoen jatetxean bazkaldu genuen. Gironako egunean ere El cul del mon jatetxean jan genuen. Batek esaten zuen, iaz makarroiak tuperrean eta aurten ongi jango dugu".

San Jordi eguna ere bertan egin zuten. "Lan egun normala da, baina gauza bereziak egiten dituzte. Besalun ginela ikastolako haurrak kalera atera zituzten. Gironan kalean postuak zeuden liburu eta arrosak saltzen. Hauteskundeak zirela eta, politiko guztiak ere bertan ikusi genituen. Jende asko zegoen eta guztiak zeukaten arrosa eta liburuarekin. Giro polita zegoen".

Honez gain, harremanak egiteko aukera ez dute galdu. Gironako ibilbidea bertako talde batekin egin zuten. "Cristinak hainbat talde ditu eta horietako jendea etorri zen gurekin. Hemen bezala A eta B ibilbideak izan ziren, batzuk mendira eta besteak herrian zehar".

"Bertako taldeko kideak ere oso jatorrak ziren. Harreman polita egin dugu guztiekin eta urrian etorriko dira. Rosa guztia prestatzen ari da," azpimarratu du Perezek.

"Urria bukaeran Gironan zubia dute. Krosean parte hartuko dute eta Albaolara ere bisita prestatzen ari gara. Asteartera arte datoz," azaldu du Ormazabalek.

Otsagabikoen bisita

Ez da hori Ostadar Ipar martxakoek jasoko duten lehen bisita izango. Asteburu honetan Otsagabiko lagunak etorri baitira Lasarte-Oriara. "Gu hara martxoan joan ginen eta orain haiek ordekoa egin dute".

Orio-Zarautz-Getaria ibilbidea egin zuten larunbatean. Getarian bazkaldu eta buelta Zarautzera. Gero haiekin afaldu zuten sagardotegi batean. Igandean, Azkortera joan ziren erromeriara. "Batzuk Buruntzara igotzera animatu ziren. Norbaitek eguraldi onarekin Getaria eta kosta ikusten dela esan zien eta hamasei igo ziren. Asko gustatu zitzaien". Xirimiri elkartean bazkari batekin amaitu zuten asteburua.

"Oso ondo pasa genuen eta plana egin dugu. Abuztuan datoz berriro. Gu ere joango gara hara Iratiko basoan ibiltzera. Harremana egina dago, bai Otsagabirekin, bai Gironarekin," adierazi du Ormazabalek.

"Gure taldeko kide batek esaten zuen, 'Jo! Ipar martxak eman diguna: kirola eta harremanak'. Taldean giro ederra dugu eta Lasarte-Oriako jende ezberdina gaude. Eta gero aparte, kanpoko jendea ezagutzen dugu".

Taldean gehienak emakumeak dira eta jende berria erakarri nahian bide berri batean lanean hasiko direla ere azaldu du, "mutil berri bat sartuko da taldean eta horri esker, ipar martxa ere mendiak egiteko erabil daitekeela erakutsi nahi dugu. Guk senderismoa egiten dugu, adinagatik eta gustuko dugulako, baina mendian ere ibili daiteke".

"Agian krosean lehia ikusten dutenean animatzen dira. Bestela ere, Orona aldera hurbildu eta Hernanikoak ikustea dute," gehitu du Perezek.

"Jendeak uste du ipar martxa emakumeentzako kirola dela, helduentzako kirola dela, belaunak gaizki dituztenentzat dela... Ipar martxako sustatzaileak bi gizon dira, Marko Kantaneva eta Andreas Wilhelm," azaldu du Ormazabalek.

Horregatik taldearekin bat egin edo lehen pausoak eman nahi dituzten herritarrei gonbidapena egiten diete asteazkenero egiten dituzten teknifikazio saioetara hurbiltzeko.

Bestalde, maiatzean ikasturteko azken irteera egingo dutela gogora ekarri dute. Hilabeteko azken larunbatean izan ohi da hitzordua, baina Ostadar SKTko denboraldi amaierako jaia dela eta, maiatzaren 26an igandean egingo dute. "Urtero amaitzen dugu Lasarte-Oriako mugak ibilbidearekin. Jendeak gustuko du eta polita iruditzen zaie bidea. Irailean hasiko dira berriro, lehengoan gainera, egun osoko irteera antolatzen dugu. Ipar martxa eta turismoa uztartzen ditugu. Iaz Elorriora joan ginen," azaldu du Ormazabalek.

Ipar martxako taldeak ez du atsedenik hartzen. Ekintza bereziak, irteerak... beti dute zerbait buruan. Hurrengo ikasturterako bidaia ere hasi dira prestatzen. "Maltara joatea da asmoa."