Ahal du Lasarte-Oria Puede alderdia Elkarrekin-Podemos izenpean aurkeztuko da udal hauteskundeetara. Barne bozketa irabazita, David Ares da alkategaia. Tania Rodriguez, Miguel Angel Tolosa eta Beatriz Aygues hautagaiak alboan, agerraldia egin zuen asteazkenean. Blas de Lezoko lokalera bertaratu ziren alderdiko jarraitzaileei zerrendakideak eta programaren oinarriak ezagutarazi zizkieten.
Aresen ustez, "ohorea" da zerrendaburua izatea eta "eskertuta" dago hautagaitza babestu duten kideekin. "Konpromiso honi ahalik eta ondoen erantzutea da nire asmoa, gogor lan eginez lasarteoriatarren alde, eta jendea inplikatzea, herriko kontuekiko interesa piztuta". Talde "ona" osatu dute eta lau urteotako eskarmentuak ere modu eraginkorragoan lan egiteko balioko diela uste du hautagaiak. Hiru zinegotziak mantendu edo haztea espero dute, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan bigarren indarra izan baitziren. "Desastrea izango litzateke urteotan irabazitako tartearen zati bat galtzea. Beste edozein alderdigatik ordezkatua sentitzen ez den herritargo zati baten ordezkariak baikara".
Legealdian egindakoari ere tartea egin zion. Hainbat neurri garrantzitsutan "ezinbestekoak" izan direla nabarmendu zuen, besteak beste, Basaundi Bailara urbanizatzea edota zahar egoitza aldundiari lagatzea.
Iraunkortasuna, giltzarri
Udal programa koalizioko kide diren Equo, Podemos eta Ezker Anitzak adostu dute, bakoitzaren memoria politikoetan oinarrituta eta Lasarte-Oriara egokituta. Xedea herriak “behar eta merezi duen" udal eredua sortzea da, "irekia, gardena eta parte hartzailea". Bi oinarri nagusi ditu: partaidetza eta gardentasuna, herritarrak ardatz hartuta jardunez erdietsiak. Halaber, aurrekontu parte hartzaileak %4ra igo ditu, milioi bat euro ingurura.
Beste ardatz giltzarri bat iraunkortasuna da, merkataritzari eta mugikortasunari lotuta, batik bat. Horiei dagokienean, bosgarren edukiontzia sustatu eta lurpeko bilketaren arazoa konpondu nahi dute, baita norberaren araberako tasa sistema sortu edo ontzien itzulera diruarekin saritu. Era berean, gizartean ere eragina badu. Proposamenen artean, pisu tutelatuak adinekoentzat eta etxebizitza kolaboratiboak gazteentzat; Emakumeen Etxea sortzea, hauen parte hartzea areagotzeko; eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko ekimenak ere badira.