Gibeleko minbiziaren aurka egiteko, atuna jateko deia

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 10a, 11:30
Goikoetxea, laborategian. Arg.: Naroa Goikoetxea

Naroa Goikoetxea herritarrak gibelaren minbiziaren aurkako ikerketan lan egiten du, CIC bioGUNEn

Gibeleko minbizia gaitza hilgarria da, Mendebaldeko gizarteetan ohiko gaixotasua; 1,7 bilioi pertsonek sufritzen dute egun, sedentarismoa edo dieta desegoki baten erruz, besteak beste. Naroa Goikoetxea zientzialariak (Lasarte-Oria, 1994) ikerketa talde batean egiten du lan, gaitz horren inguruan gehiago jakiteko. Hain zuzen, Omega 3 gantz azido taldeak gibel minbizian izan dezakeen eragina ari da aztertzen. Eta ikerketarako dirua biltzeko, kanpaina bat abiatu dute Bermeoko Arrantzaleen Kofradiaren laguntzarekin. Omega 3 gantzetan aberatsa denez atuna, maiatzaren 9tik aurrera sare sozialetan arrain hori jaten argitaratzen duten irudi bakoitzeko euro bat jarriko du kofradiak ikerketarako.

Arraina jatea onuragarria da minbizia saihesteko, baita hura sendatzeko ere. Goikoetxea terapia konbinatu bat ari da ikertzen CIC bioGUNE etxean; alde batetik, Omega 3 kontsumitzea, eta, bestetik, tratamendu bat jarraitzea.

Atuna, bertako produktua

Ikerketa babesteaz gainera, bertako produktua ere babesteko baliagarria da kanpaina. Parte hartu nahi dutenek #bermeoatunaminbiziarenaurka traola erabili beharko dute Twitter, Facebook, Instagram edo Youtube sare sozialetan. Goikoetxeak azaldu duenez, aurretik ere antzekoak egin dituzte, marrubiarekin, esaterako. "Jendea mobilizatzea garrantzitsua da".