Beste alor askotan, ordea, gauzak ez dira horrenbeste aldatu, tamalez. 2019. urtean, Olentzeroren desfilea egonkortuta dago guztiz; edozein aldetik begiratzen dela ere, arrakasta nabarmena da. Eskola guztietako umeak elkartzen dira Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx agurtzeko. Ilusioa eta umorea tresna paregabeak dira etorkizuneko herritarrak euskarara gerturatzeko.
Haatik, arrisku betean dago hurrengo abenduaren 24ko desfilea. Izan ere, Olentzero karroza gordetzeko tokirik gabe geratu da. Kotxerasko eraikina eraitsi behar dutela eta, hortik ateratzeko agindua jaso zuen elkarteak, baina alternatiba egokirik eskaini gabe; proposatutako lekuak ez dira bideragarriak.
Horren aurrean, laguntza eskatu beharrean dago Ttakun Kultur Elkartea. Herriko norbanako eta eragileei zuzentzen gara, Olentzero eta Mari Domingiren garrantziaz jabetu daitezen; karroza nonbait baldintza duinetan gorde ahal izateko edozein laguntza baliagarri izango da. Denbora dezente darama auzi honek, eta orain arte udalean eginiko ahalegin guztiak antzuak izan dira.
Halere, zailtasunak zailtasun, ziur gaude herriaren laguntzarekin aurre egin ahal izango diogula. Horretan tinko eutsiko dugu, benetan sinesten baitugu Olentzero eta Mari Domingiren festa beharrezkoa dela Lasarte-Oriako kultur bizitzarako.