Zaborren kudeaketa hobetzeko eskatuko dute

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 10a, 12:00
Ricardo Ortega, Aire Garbia plataformako kidea.

Lasarte-Oria birziklatze tasa baxuenak dituen eskualdeko udalerria da. Gaikako bilketa sistema eraginkorrago baten alde manifestaziora deitu du Aire Garbiak, larunbat arratsalderako. Emaitzak hobetuta erraustegia beharrezkoa ez dela frogatu nahi dute

Zubietako erraustegia abiarazteko urratsak egiten ari badira ere, zaborrak hobe bilduta hura geldi daitekeela uste du Aire garbia plataformak. Aldarri horri helduta, manifestaziora deitu dute. Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez! lelopean, Okendotik irtengo da bihar 18:00etan. Halaber, baimena garaiz jasoz gero, gaur arratsaldean, karakterizazio bat egingo dute: Errefuxa edukiontzi bat hustu eta barrukoa aztertuko dute, hondakinak gaizki sailkatzen direla erakusteko.

"Aitzindari" beharko lukeen herria "azken putz" da. Lasarte-Orian gaikako bilketa %46koa da; herritar bakoitzak 228 kilo errefusa sortzen ditu. Udalak datua ontzat jo zuen oraintsu, baina plataformako kide Ricardo Ortegaren hitzetan, "irrigarria" da. Izan ere, eskualdeko datu okerrenak dira bertakoak. Are gehiago, Gipuzkoan "azken bagoian dago", Donostia, Hondarribia eta Mendaro bakarrik ditu atzean. Kontrako aldean, berriz, 32 herrik % 70etik gorako gaikako bilketa daukate, eta 53k 100 kilo errefusa baino gutxiago sortzen dute urtean biztanleko; atez ate bilduta edo txipdun edukiontziak erabilita. Plataformak ohartarazi duenez, jokaera hori Gipuzkoa osora zabalduta, urteko 80.000 tona errefuxa eratuko lirateke, agerian utzita urtean 200.000 tona tratatzeko errauste planta ez dela beharrezkoa.

Eredu berri baten alde

Xedea erraustegia "lehenbailehen ixtea" da, kudeaketa eredu berri baten alde eginda. Horretarako, borondate politikoa ezinbestekoa da, eta Batzar Nagusietarako hauteskundeak baliatu nahi dituzte aktibaziorako. Borondate politikoarekin batera, ixteak ekarriko lituzkeen kalte ordainek ere pisua dute. Ez dakite zenbateko kopurua den, baina "susmo txarra" dute, kontraturik erakutsi nahi izan ez dietelako orain arte.

Azpiegitura beharrezkoa ez dela erakusteko, ordea, ezinbestekoa da hondakindegira doanaren kopurua murriztea. Askatasunaren diskurtso "faltsua" baztertu eta udalak kontrol neurriak ezarri behar dituela uste du Ortegak. "Ezin da gehienak ondo aritzea eta gutxi batzuen arduragabekeriak dena izorratzea".