Lasarte-Oriako Askatasuna parkean elkartu dira eskualdeko EH Bilduko hautagaiak. Hiru herri handik (Andoainek, Hernanik eta Lasarte-Oriak) eta beste hiru txikiagok (Urnietak, Usurbilek, Astigarragak) osatzen dute Beterri-Buruntza eskualdea. Udalerri horiek eman dituzte garapen agentzia bat sortzeko lehen pausoak, eta espero da hurrengo legealdian amaitzea prozesua. Baina EH Bilduko hautagaiek aurreratu dute elkarrekin lan egiteko prest daudela. Izan ere, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban gainerako eskualde guztiek badute gisa horretako egitura administratibo-juridikoren bat.
Agurtzane Solabarrieta (Usurbil), Xabier Lertxundi (Hernani), Jon Martin (Lasarte-Oria), Ainara de Miguel (Urnieta), Andoni Alvarez (Andoain) eta Xabier Urdangarin (Astigarraga) elkartu dira agerraldi bateratu bat egiteko.
Eskualdeak indartzeko "apustu argia" egin du EH Bilduk, hautagaiek azaldu dutenez. "Ez dugu sinesten hiriburuan ardazten den Gipuzkoan. Eskualdeen alde egiten dugu, Gipuzkoa orekatu baten alde, azken finean. Berdintasuna bultzatzeko gakoak dira". Legealdi honetako EH Bilduko alkateen arteko elkarlana jarri dute adibide. "Mankomunitatea bultzatzeko, eta autobus zerbitzuetan PSEk eta EAJk egin nahi dituzten murrizketak saltzeko. Ziur gaude hurrengo legealdian EH Bilduko eledun gehiago izango direla".
Eskualdea osatzen duten udalerriek gaitasun eta azpiegitura desberdinak dituzte, baina mankomunitateak "herritar guztien beharrei" erantzun behar die. "Gure sei herrietako biztanleak maila bereko herritarrak izatea dugu helburu". Mankomunitate hori baliatuko dute Lanbideren enplegu planak jasotzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmo, laguntza eta beste jasotzeko.
Helburua argi du EH Bilduk: "Pertsonak gure politiken ardatz dira. Herritarren bizi kalitatea hobetzea da xedea". Horretarako, tokian tokiko baliabideak baliatu nahi dituzte, herritarren beharrei erantzuteko.