Eguzki Balerdi Harategia eta ISU Leihoak, fase erabakigarrian

Txintxarri 2019ko mai. 7a, 13:32
Eguzki ISU Leihoakeko jokalariak, hutsarte batean. Argazkia: Eguzki Areto Futbola.

Eguzki Areto Futboleko klubak denboraldi bikaina egiten ari dira. Balerdi Harategiak Kopako finala jokatuko du larunbat honetan, Zarautzen aurka, ligaxka bigarren postuan itxi eta gero. Gipuzkoako 2. mailan ari den ISU Leihoak, berriz, kategoriaz igotzeko lehiatuko da datozen asteetan

Denboraldian zehar egindako lan gogorraren fruituak jasotzen ari dira Eguzki Areto Futbola klubeko taldeak. Senior kategoriakoak zein harrobikoak ederki ari dira. Gipuzkoako 2. mailako ISU Leihoak kategoriaz igotzeko lehiatuko da datozen asteetan, azken fasera sailkatzea lortu duelako, Antiguoko B liderrari 4-1 irabazita. Lehen postutik puntu bakarrera bukatu du liga erregularra Cristian Arroyok zuzendutako taldeak.

Finalerdiak etxean jokatu nahi zituen ISU Leihoakek, eta bete du helburua. Horretarako, ezinbestekoa zen ostiralean Antiguoko B liderrari irabaztea eta bigarren postua mantentzea. Nabaritu zen etxeko taldearen grina hori, kantxan eta markagailuan. Atsedenaldirako 4-0 ari ziren irabazten lasarteoriatarrak. Donostiarrek oso goian presionatu zuten ISU, eta batzuetan komeriak izan zituen baloia aurrera eramateko. Hori bai, presioa gainditzerakoan min asko egin zuten, eta lau gol sartu: Lander Martin kapitainak bi eta David Castiñeirak eta Andoni Iturbek bana. Bigarren zatian abantaila ongi kudeatu zuten berde-horiek. Antiguokok hiru minuturen faltan sartu zuen gola, penaltiz.

Kopa jokoan

Kadete kategoriako Eguzki Balerdi Harategiak Kopa irabaziz bukatu nahi du denboraldia. Gorka Redondoren jokalariek erosotasunez irabazi zuten asteburuan: 2-7 Arizmendiren aurka. Emaitza horrekin, ligaxka bigarren postuan bukatu dute eta final handira sartu dira. Golak Beñatek (3), Oiherrek, Alexek, Telmok eta Ibaik sartu zituzten. 

Larunbat honetan jokatuko dute finala, Donostiako Gaska kiroldegian, 12:50ean. Zarautz izango dute aurrez aurre. Ez da erronka erraza izango, baina jokalariek erakutsi dute asko hobeto dutela denboraldia hasi zenetik, eta edozein aurkariri aurre egiteko gai direla.

Beste emaitza batzuk

Gipuzkoako 1go mailako Eguzki Aldaz Hortz Klinikak denboraldi amaiera bikaina egin du, eta Lauburu Berazubiri 2-3 irabaziz bukatu du liga. Jardunaldi ugari azkeneko postuetan pasa eta gero, emaitza on asko kateatu ditu azken norgehiagoketan, zortzigarren postura iristeraino. 34 puntu pilatu dituzte Mikel Escribanorenek.

Eguzki Garoa Tabernak sasoi puntu paregabean segitzen du, eta ligaxkako lehen postuan da, 10 punturekin. Lau partidatik hiru irabazi ditu. Azkena, Teep Samaniego Orixe Tolosaldearen aurka, 9-1.