Astea ezin hobeto bukatzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 5a, 17:13
Mateo Coloma harrijasotzailea, 100 kiloko harria jasotzen.

Jendetza igo da gaur Azkorteko Santa Krutz ermitara, maiatzeko aurreneko igandeko erromeriaz gozatzera. Ttakun Kultur Elkarteak antolatu du. Meza, erromeria eta herri kirolak izan dira egitarauko protagonistak. Indarrak berritzeko, hainbat aukera: salda, txorizo eta haragi pintxoak eta sagardo freskoa

Gaur goizean Azkorteko ermitara igo direnetako askok gogo gutxi izango zituzten atzo arratsaldean, euria goian-behean ari zuenean. Zorionez, erabat aldatu da eguraldia ordu gutxitan, eta eguzkia ere etorri da Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako erromeriara. Lasarte-Oriako eta Urnietako udalek ere lagundu dute. Jendetza bildu da Santa Krutz ermita inguruan; eguerdi partean, batez ere.

Fededunek txiki utzi dute egoitza 11:00etan, meza hasi denean. Alboka abesbatzako hainbat kidek musikatu dute elizkizuna. Bukatu denean, arkupeetara joan da jendea, indarrak hartzera. Biyak Bat egoitzako kideek patata tortila otartekoak eta edariak banatu dituzte. Metro batzuetara, Ttakun Kultur Elkarteko kide eta laguntzaileak jarri dira. Edateko, ura, sagardoa eta garagardoa; jateko, txorizo, odolki, haragi eta patata pintxoak. Hori dena irribarre zabal batekin lagunduta. 

Ttakunen postu parean, oholtza txiki bat, eta Ttirriki Ttarraka eskolako kideak gainean. Eurak arduratu dira eguerdia girotzeaz eta mendizaleak dantzan jartzeaz. Hori baino lehen, herri kirolen erakustaldiaz gozatu dute ikus-entzuleek. Erromeriako ekitaldi nagusia izan da.

Harriak eta aizkorak

Harrijasotzaileak eta aizkolariak arduratu dira ikuskizuna eskaintzeaz. Mateo Coloma eta Izeta III.ak altxa dituzte forma eta pisu desberdinetako harriak; enborrak mozten Jesus Mari Mujika eta Ugaitz Mugerza aritu dira. Aurkezle lanak Joseba Ostolaza harrijasotzaileak egin ditu. Duela zenbait hilabete bera ibili zen Okerra altxatzen, Euskal Jaietan, Okendo plazan.

Coloma hasi da lanean, 100 kiloko harriarekin. Egin beharrekoa, bi minututan ahalik eta altxaldi gehien egitea. Hogei aldiz jaso du. Ondoren, Izeta III.aren txanda. 115 kiloko harri irregularrarekin aritu da, eta denbora berean zortzi aldiz jasotzea lortu du. Harrijasotzaileek atseden hartu bitartean jarri dira martxan Mujika eta Mugerza. Bien arteko erronkarekin ekin diote: ea zenbat aizkorakadatan moztu enbor bana. Mujikak irabazi du, 59 eta 62. Antzeko dema errepikatu dute gero, baina ez aizkorakadak kontatzen, denbora baizik. Oso estua izan da lehia, eta orduko horretan Mugerza nagusitu da, segundo bakar batengatik. 

Proba mistoaren aurretik, ehun kiloko harri errektangularrarekin lan egin dute Colomak eta Izetak. 24 altxaldi egin behar zituzten bien artean, erlojuaren kontra. Bikain aritu dira, eta hiru minutu pasatxotan bukatu dute egin beharrekoa. Bukatzeko, bikoteak egin dituzte kirolariek: Jose Mari Mujika eta Izeta III.a, Coloma eta Mugerzaren aurka. Harrijasotzaileek bosna jasoaldiko bost txanda egin dituzte 100 kiloko harri biribilarekin. Aizkolariek, bosna kana erdiko moztu; eta, azkenik, trontzan aritu dira bikoteak, bost mozketa nork lehenago egingo. Beteranoek –Mujikak eta Izetak– irabazi dute, gutxigatik.

Kirol erakustaldia bukatu denean jarraitu du festak: Ttirriki Ttarrakakoen doinupean, dantzan segitu dute mendizaleek, bazkalordura arte.

Erlazionatuak