Ostadar SKT, Lauko Finalera

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 5a, 18:04

Ostadar SKT, Lauko Finalera sailkatu izana ospatzen.

Gipuzkoako 1. mailako lau talde onenetako bat da Ostadar SKT. Gorriak ikusi ditu Añorga kaleratzeko, baina hirugarren laurden bikaina jokatu, eta, 51-45 irabazita, finalerdietarako txartela poltsikoratu du. Antigua Luberrirekin neurtuko ditu indarrak finalerdietan

Maialen Chourraut kiroldegiko desfibriladoreak ez zuen lanik eduki atzo arratsaldean, zorionez. Jokalariengatik bainoago, zaleengatik. Gutxigatik ez zuten erabili behar izan, ordea. Emozioz beterikoa izan zen partida, hasi eta buka: hirukoak, baloi galtzeak, pase zoragarriak, txapelak, intentsitatea, defentsa itogarriak... Eta final laurdenak izan dira hauek. Pentsa zer izan daitekeen final handia. Bide onean da Ostadar SKT, 51-45 irabazi diolako Añorgari eta Gipuzkoako 1go mailako lau talde onenetako bat delako, beste urte batez. Taldea –jokalariak eta entrenatzailea– sekulako lana egiten ari da aurten ere, eta berez balentria dena ohiko gauza bilakatu du: Lauko Finalera sailkatzea.

Bidea ez zen erraza izan, inola ere. Añorgak bikain konpetitu zuen partida osoan, eta gogotik izerditu behar izan zuen Ostadarrek garaipena eskuratzeko. Lehenengo laurdenari hotz ekin zion etxeko taldeak. Erasoan kamuts eta baloiarekin urduri. Dena den, hiru erasotan zazpi puntu sartu eta 10-5 aurreratu zen. Orduan jokatu zituzten urdin-beltzek norgehiagokako minuturik okerrenak, erasoan batez ere. Berdin zuen nola saiatu, emaitza berbera zen beti: baloiak saskiaren ertzen batean jo, eta errebotea Añorgarentzat. Defentsan, berriz, oso bigun aritu ziren. Bien bitartean, kanpoko taldea puntuak pilatzen joan zen, inurriek negurako jakiak nola. Hogeigarren minutura iristean, 17-24koa islatzen zuen markagailuak. Beltza zen panorama, atzo arratsaldeko zerua baino beltzagoa. Urruti zegoen Lauko Finala.

Suspertzea, garaiz

Garaiz jo zuen iratzargailuak, etxekoen zorionerako. Lehen zatiko urduritasun eta tentsioak aldagelan utzi, eta dakien bezala jokatzen hasi zen Ostadar SKT, lozorrotik esnatuta. Taldelana da lasarteoriatarren ezaugarrietako bat, guztiek egin zuten oso lan ona, baina jokalari baten jarduna izan zen bereziki ikusgarria: Leire Belartieta antolatzaileak bizkar gainean hartu zuen markagailua iraultzeko ardura. Hemeretzi puntu sartu zituen Ostadar SKTk laurden horretan. Horietatik hamar, jokalari gazteak. Defentsan ere ederki aritu zen taldea, hortzak estututa eta intentsitate gehiagorekin. 19-11ko partziala sartu zioten urdin-beltzek Añorgari hirugarren laurdenean, eta buelta eman markagailuari, 36-35. Dena erabakitzeke zegoen oraindik. Beste albiste on bat hirugarren laurdenean: Alicia Jimenez kantxara itzuli zen, hainbat hilabete min hartuta pasa ostean. Asko emango dio taldeari datozen partidetan.

Aurreneko laurdenetik bigarrenekorako trantsizioan gertatu ez bezala, laugarren laurden hasieran jokatu zituen Ostadar SKTk minuturik onenak. Euren eserlekuetatik altxa zituen ikus-entzuleak Yaiza Navarrok, Añorgaren kontraeraso arriskutsuetako bat txapel ikusgarri batekin moztuz. Haizea del Olmok ere jarri zituen pare bat azken laurdeneko hasierako uneetan. Saski propioa itxita, Ostadarrek lortu zuen Añorgarena irekitzea. Zazpi puntuko aldea ireki zuten 33. minutuan, Leire Beldarrainek hiruko bat saskiratu eta gero. 42-35, eta sei minutu jokatzeke. Hatz mamiekin ukitzen zuten Lauko Finala etxekoek. 

Konfiantzaz beteta zegoen Ostadar. Odola usaintzen zuen, arerioa zaurituta ikusten zuen, eta norgehiagoka erabakita utzi nahi zuen ahal bezain laster. Baloia patxadaz kudeatu eta jabetzak azken segundoraino agortzen saiatu ordez, eraso azkarrak jokatu zituen, azkarregiak horietako asko, eta jokalariek ez zituzten erabaki onenak hartu. Zazpi puntuko koltxoi eroso hori berehala desagertu zen. 37. minutuan, 44-43. Sufritzera berriro ere. Orduan iritsi zen arratsaldeko inflexio puntua: Olatz Bardaji sukalderaino sartu zen, eta, saskiratzea lortzeaz gain, falta atera zion defendatzaileari. Hiru puntuko jokaldia. 47-43. Taldekideak, Ander Otaegi entrenatzailea eta zaleak, pozez zoratzen. 

Añorgak ez zekien nola erantzun, eta Ostadarrek ez zuen aukera pasatzen utzi. Yaiza Navarrok biko jaurtiketa saskiratu, eta beste txapel bat jarri zuen hurrengo jokaldian. 49-43, minutu baten faltan. Bi taldeek saskiraketa bana eskuratu zuten 60 segundo horietan. Ez zen gehiagorako denborarik egon. Eta eskerrak, zaila baita berrogei minututan gauza gehiago gertatzea. Emozioen errusiar mendia Maialen Chourraut kiroldegian. Talde baten zein bestearen zaleek animatzen jarraitu zuten, intentsitatez, baina beti kiroltasunez. Ostadarreko jokalariek, pozaren pozez, talde oihua egin eta argazkia atera zuten harmailak atzean zituztela. Garaipenaren argazkia.

Finalerdietan, Antigua Luberri

Arerio oso gogor batekin neurtuko ditu indarrak Ander Otaegiren taldeak finalerdietan. Antigua Luberrik lasarteoriatarren aurka jokatutako bi neurketak irabazi ditu aurten. Euren joko sistemak kalte egiten die urdin-beltzen ezaugarriei. Jokalari fisikoak dira, beteranoak. Gustatzen zaie erritmo baxuan jokatzea, erasoak luzatzea, segundoak eta minutuak igaro ahala aurkarien grina erasatea.

Erronka zaila izanda ere, Ostadar ez da kikilduko, eta final handira sailkatzeko asmo biziz jokatuko du. Zaleen indarra garrantzitsua izan daiteke horretarako; hori dela eta, urdin-beltzek herritarrak gonbidatzen dituzte larunbateko joaneko partida ikustera joatea. 18:00etan hasiko da neurketa, Maialen Chourraut kiroldegian. Itzulikoa datorren astean jokatuko dute, Donostian.