Udal hauteskundeak

Alejandro Saenz izango da PPko alkategaia

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mai. 3a, 14:09

Batzar Nagusietarako Donostialdeako zerrendan bigarrena da ere Saenz. Duela lau urteko "gogo eta ilusio" berarekin, baina eskarmetu gehiagorekin aurre egingo dio kanpainari. 

Lasarte-Oriako PPk gaur goizean aurkeztu du datozen udal hauteskundeetarako zerrenda. Burua, aurrekoetan bezala, Alejandro Saenz izango da. Ahaldun Nagusi kargurako alderdiko hautagai Juan Carlos Cano alboan zuela aurkeztu du zerrenda. Kanpainan zehar ere gertu izango du lasarteoriatarrak, izan ere, Batzar Nagusietarako Donostialdeko zerrendan bigarren postuan baitago.  

2015eko "ilusio eta gogo berarekin, baina eskarmentu handiagoarekin" aurkeztu da Saenz, "Lasarteri behar duen eta merezi duen bultzada emateko". Orain arte udalean agindu duten alderdiei "alternatiba erreala" direla uste du eta proposamen zehatzak kanpainak iraungo dituen bi asteetan azalduko baditu ere, legegintzaldiaren inguruko gogoeta egin du. 

Herri kudeaketa aldatu nahi du, fokua herritarrengan jarriz. Agintean egon diren alderdiei euren buruari begira jardutea egotzi die eta oposizioko alderdiei "zentzugabekeria" horretan aktiboki parte hartu izana. Azken lau urteotako Jesus Zaballosen agintaldiaren hutsuneak nabarmendu ditu lehenik, adibide ugari zerrendatuz. Besteak beste, kode etiko bat onartzeko gai ez dela izan, uko egin diola harmailadun kirol azpiegitura bati Usurbilgo alkatearekin akordioa lortzeko gai ez delako izan, gauza bera Donostiakoarekin Landaberriko bidea konpon dezan, Kotxeras gunean egin beharreko etxebizitzetako bakarra ere ez dutela eraiki, hamasei solairuko etxebizitza altxa duela herri erdian, kirol azpiegiturak eta liburutegia abuztuan ixtea... Halaber, herrian lana sortzeko "dirua, borondatea edo denbora" jartzen ez duela salatu du Saenzek, eta era berean, fiskalitate altua gaitzetsi, "Jesus Zaballos Gipuzkoako PSEko frakdun kobratzailea da. Krisia gehien pairatu duten familiekiko sentsibilitate falta erakusten du".

Horren aurrean, "udalerri moderno, garden eta parte hartzailea" bultzatzeko egin dituzten 50 emendakinak gogora ekarri ditu. Esaterako, sanpedrotako jaietako omendua herritarrek aukeratzea, alkateak beharrean; edota akordioak lortu izana aurrekontuetan enplegu, kirol, gizarte zerbitzu eta erlijio alorreko emendakinak barneratzeko: Kalistenia parke bat Atsobakarren, aparkalekuak, elkarteetarako gune berriak...

Zerrendakideak:

  • Alejandro Saenz
  • Carmen Pascual
  • Francisco Javier Saenz
  • Maria Antonia Arrondo
  • Alberto Guna
  • Jose Victorio Matellano
  • Angel Extremera
  • Elia Obdulia Martín
  • Juliana Nancy Ayala
  • Juan Carlos Arcas
  • Concepcion Padron 
  • Francisco Luis Velasco
  • Alfredo Luis Malo
  • Maria Luz Ramirez
  • Maria Rosa Bolado
  • Isidoro Agraz
  • Maria de los Reyes Amaro

Ordezkoa:

  • Gema Covadonga Fernandez