Jon Antxordoki da Lasarte-Oriako EAJren alkategaia. Berarekin batera udal hautagaitza osatzen duten kideen aurkezpena egin zuen atzo arratsaldean alderdiak Askatasuna parkean. Zerrendako lehen zortziek talde argazkia egin ondoren, alkategaiak hartu zuen hitza.
Talde mota aldatu dute. Gazteagoa da eta anitza, alderdikideekin batera independenteak ere batu baitituzte; "kaleko jendea", askotariko errealitate eta alorretako jendea sartzeko. Lehen zortzi zerrendakideak dira horren erakusgarria, haien artean lau aurpegi berri baitaude. Atzean, berriz, "udal eta goi mailako kudeaketan eskarmentu handia" duten kideak daude "sostengua ematen". Hori horrela, taldearen sendotasuna nabarmendu zuen. "Herria gidatu nahi dugu Lasarte-Oria hobea egiteko, ilusioz beterik eta gure herriko jendearengan sinetsiz. Gure herriaren alde egingo duen hautagaitza sendoa osatzen dugu, gaztetasuna eta eskarmentua batu ditugu, Hautagaitza irekia da gurea, Lasarte-Oriaren izaeraren adierazle bikaina, alderdikide eta independente talde zabala elkartu baikara".
Elkarlanaren beharra ere azaldu zuen hautagaiak. "EAJren hautagaitza osatzen dugunok Lasarte-Oriako gizarte eragile ehunean sinisten dugu eta ohituak gara auzolanera, Lasarte-Oria barru-barrutik ezagutzen dugu". Hala, azken bi legealdietan bai EH Bildurekin eta bai PSErekin akordioetara heldu eta egitasmoak gauzatzeko gai izan direla gogoratu zuen Antxordokik. "Gauza asko egin ditugu batarekin nahiz bestearekin, ez daukagu arazorik gauzak aurrera eramateko herriarentzat interesgarria baldin bada. herritarren eta erakundeen arteko elkarlanean "sinetsi eta praktikan jartzen" ohituta daudela ere.
Pozik daude Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan izandako emaitzekin, 2015eko udal hauteskundeetakoekin alderatuta % 48 hazi baitira. Badakite ez direla gauza bera, baina haietan edo Eusko Jaurlaritzakoetan beraiengan konfiantza jarri dutenek oraingoan ere egin dezaketela uste du zerrendaburuak. "Amonak zioen moduan etxerako moduko ekipoa da".
Hamabost egun barru etxeetan banatuko dute hauteskunde programa.
EAJren hautagaitza:
- Jon Antxordoki
- Boris Nogales
- Estitxu Alkorta
- Ainara Elicechea
- Larraitz Garcia de Andoin
- Jon Alkorta
- Itziar Arroyo
- Sergio Lucas
- Goizalde Pildain
- Juan Mari Iradi
- Mª Jesus Iraola
- Jexux Artetxe
- Araceli Diaz de Alda
- Oscar Sevilla
- Lurdes Iartza
- Juan Mª Alkorta
- Maria Soledad Tejeria
Ordezkoak:
- Santos Aranzazistroki
- Mª Jose Egurza
- Luis Mª Ansa