Boz orokorrak igaro berri dira Estatuan. Gure herrialdean ere, bozka aukera izan dugu. Kanpaina mota desberdinak ikusi ditugu konbentzitzeko. Batzuek soinu dezente atera dute, beste batzuek ohikoa duten jarrera oldarkorrarekin egin dute kanpaina. Gehienek soinu dezibelioak jaistea erabaki dute. Zaila da espainiar boz orokorretarako bozka eskatzea.
Komunitate desberdin horietan hiru azpimarratuko nituzke. Kilkerrak, erleak eta inurriak. Kilkerrek soinu ederra egiten dute normalean. Euren proposamenek belarriak goxatzen dizkigute nahiz eta errealitatea beste bat izan askotan. Bestetik, erleak ditugu. Komunitate hau ongi antolatuta dago eta oso langile leialak dituzte euren abarasketan lanean. Azkenik, inurriak ditugu. Borrokalari sutsuak. Isilpeko lana gustuko dutenak. Soinujoleetatik urrun, langile eta herri mugimendua ardatz. Belarrira hitz gogorragoak erabiltzen dituzte, baina garbi dute inurritegiak zein motatakoa izan behar duen. Inurritegi sendoak eraiki dira azken bozetan. Erleek abaraskak ederki bete dituzte. Kilkerrentzat gaua etorri da, ordea; lau urteko soinu alaiak apaldu dira.
Badatoz udal hauteskundeak. Hauek inurrien ezaugarrien aldekoak dira, ene iritziz. Herri bakoitzaren tipologia oso desberdina izanda ere, inurriek lanean jarraitzen dute, isilik, soinu handirik egin gabe, kolonia zabalduz. Izan ere, erleek neguan euren produkzioa eten egiten dute, kilkerrek egunez euren kantua isiltzen dute, baina inurriek herriz herri eta auzoz auzo jarraitzen dute lanean. Udaletako lana, inurriei egokitzen zaiena da. Herrian, herriarentzat egin beharrekoa.
Egunerokotasunean, isiltasunean, pauso txiki bakoitzak balio duela sinetsita. Bizi gaitezen bada inurritegian elkarreraginean, elkarbizitzan, komunitatean eta hortik bakarrik lortuko dugu berdinen eta desberdinen arteko elkarlan oso bat. Erleek, Kilkerrek eta baita beste hainbatek ere lekua izango duten herri eraikuntza, nazio eraikuntza; gure inurritegia herrietatik eraiki dezagun.