Lasarte-Oriako EH Bilduko talde osoa elkartu da Tximistarreta parkean. Aurreko ekitaldi batean irudikatu zuten testigu aldaketa, zortzi urteren ondoren, talde berri batek hartuko baitu alderdiaren gidaritza herrian. Orain, azken bi legealdietan egindako lanari erreparatu diote, baina hurrengo udal hauteskundeetan jarrita burua. Ez da kasualitatea Sasoeta auzoko parkea aukeratu izana; arratsalde eguzkitsu batean Buruntzaldera bista paregabea izateaz gainera, EH Bilduren alkatetzan diseinatu eta egin baitzuten parkea.
Pablo Barrio bozeramaileak liburuxka bat aurkeztu du; horretan zerrendatu dituzte azken zortzi urteetan aurrera emandako ekimen nagusiak. Bai gobernuan zeudenekoak, baita oposizio aldikoak ere. "Herri proeiktu oso batez mintzo dira lerro horiek, jarduteko modu jakin batez, estilo batez, konpromiso batez", azaldu du Barriok.
Urte horietan egindako lanaren adibide batzuk aipatu ditu zinegotziak: "Gobernatzeko moduak aldatu ditugu". Izan ere, alkate ohiak azaldu du EH Bilduk politikarien soldatak jaitsi zituela, konfiantzazko karguak gutxiengora eraman eta udalbatzarrak arratsaldeetan jarri, herritarrei sarbidea errazteko, besteak beste. "Alkatearentzat izan behar zuen 60 metro koadroko espazioa herritarrentzako areto polibalentea bihurtu dugu [Mercero aretoa]".
Gobernu lana
Beste hainbat gai ere aipatu ditu Barriok. Hirigintza, parte hartzea, sozio-ekonomia, Gizarte Zerbitzuak, genero berdintasuna, jatorri aniztasuna, bizikidetza, gazteak...
Liburuxka eskuragarri jarri dute sare sozialetan, eta paperean baten batek nahi izanez gero Okendo plazako bulegoan lor dezake.
Bestalde, azken lau urteetan PSE-EEren udal gobernuari eginiko kontrola goraipatu du Barriok. "Proposamen eraikitzaileak bideratu ditugu; plenoak babestu ditu, PSE-EEren aurkako botoekin". Horien artean ondokoak nabarmendu ditu: gizarte zerbitzuetako errefortzu neurriak, etxez-etxeko zerbitzua hobetzea eta aparkalekuen arazoa konpontzea.
Iraganari errepasoa eman ostean, aurrera begira ere jarri da EH Bildu. Jon Martin alkategaiak eta Estitxu Garmendia laugarren zerrendakideak hitza hartu dute programaren zertzelada batzuk emateko: "Lasarte-Oria herri bizia ureztatzen jarraituko dugu. Azken urteetan egindako guztia izango dugu lana gidatzeko iparrorratz".