Maiatzaren Lehena, dantzaren eguna

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mai. 1a, 17:41

Kukuka antzerki eta dantza eskolako hainbat gaztetxo, gustura dantzan.

Dantzaren Nazioarteko Eguneko ospakizunak Langileen Nazioarteko Egunean egin ditu Lasarte-Oriak. Kukuka eskolak, Erketz EDTk, Semblante Andaluz elkarteak eta Plazadantza egitasmoko kideek parte hartu dute. Herrian zehar desfilatu dute aurrena, eta emanaldiak eskaini gero, Okendo plazan. Manifestu bat ere irakurri dute

Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna. Eta baita Dantzaren Nazioarteko Eguna ere, Lasarte-Orian behintzat. Herriko hainbat kultur eragilek galtzak bete lan egin dute eta ospakizun ederrak prestatu gaurko egun eguzkitsurako. Euren eguna apirilaren 29a (iragan astelehena) da berez, eta, normalean, aurreko asteko larunbatean elkartu ohi dira ospatzeko. Aurten, ordea, Aste Santuko oporraldiekin bat egin du, eta antolatzaileek atzeratzea erabaki dute. Asmatu dute. Lepo zegoen Okendo.

Kukuka antzerki eta dantza eskola, Erketz EDT, Semblante Andaluz eta Plazadantza izan dira parte-hartzaileak. 11:30ean hasi dira ospakizunak, baina musika eta dantza lehenagotik egon dira presente Okendo plazan, talde guztiek eguerdian eskaini dituzten koreografiak entseatu baitituzte. 

Desfilea, berotzeko

Tttirriki Ttarrakako musikariek instrumentuak dantzan jarri dituztenean hasi da desfilea. Okendo plazatik abiatu dira taldeak; Hipodromo Etorbidea zeharkatu dute, Tajamarreko biribilgunera iritsi eta eskuinera biratzeko; Kale Nagusia zeharkatu, Arkupe taberna pareko biribilkgunean buelta eman eta Okendorantz abiatu dira.

Primeran etorri zaie osteratxoa, giharrak berotu eta dantzatzeko gogoak are handiagoak izateko. Herritar andana zain zuten Okendon. Kukukako irakasle Maider Oiartzabalek aurkeztu ditu dantzariak eta egitaraua.

Emanaldiak

Erketz EDTk ireki du emanaldi sorta, Agurra dantzatuz. Desafioa eskaini du gero, eta, bukatzeko, uztai-dantza. Euskal Herriko dantza tradizionaletatik, Andaluziako koreografia graziadun eta koloretsuetara. Semblante Andaluz elkarteak dantza talde ugari ditu. Horietako bitan gaztetxoak aritzen dira: Duenden eta Gitanillas del Alban. Beraiek izan dira protagonistak gaur Okendon: Ay que te como eta Enano saleito eskaini dituzte. 

Andaluziatik, berriko euskal dantzetara. Kasu honetan, sorkuntza koreografietara. Kukuka antzerki eta dantza eskolako hiru taldek ikasturte honetan landutakoak ekarri dituzte plazara, ikus-entzuleen gozamenerako. Nekatu arte egin dute txalo, dantzarien lana eskertzeko.

Mugimendua, "guztion hizkuntza unibertsala"

Urtero-urtero, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzearen aitzakiarekin, mundu mailako koreografoek manifestu bat idazten dute. Karima Mansour egipziarrak egin du aurtengoa. Kukukako kide Miren Zaldua eta Iñaki Etxegiak irakurri dute, txandaka, euskaraz eta gaztelaniaz. 

Mansourren hitzetan, "guztion hizkuntza unibertsala" da mugimendua, gezurrik ez duena, beti egia erakusten duena. "Beti entzun behar dugu hizkuntza hori, isiltasunean, etenik gabe". Gaur egungo gizartea kritikatu du: "Gure gorputzarekiko konexio baxuena dugun garaian gaude". Horregatik aldarrikatu du dantzaren balioa. "Lotura hori berreskuratzeko tresna erabiliena da; gure erritmo pertsonalarekin bat egitean hasten gara gure ingurukoak ulertzen".

Irakurketa bukatu eta ikus-entzuleen txalo zaparrada entzun ostean, plazadantzako kideek hartu dute Okendo, eta dantzan jarri herritarrak. Ospakizunean zehar erabilitako indarrak berreskuratze aldera, mokadutxo goxo ugari dastatu dituzte parte-hartzaileek Antonio Mercero guneko arkupeetan.

Erlazionatuak